Gogorra izan da, ikusgarria bainoago

Eskirozek eta Agirrek 22-20 hartu dituzte mendean Peña eta Erasun, Promozioko Binakakoaren finalean. Hasieratik egon dira aurretik

Agirre eta Eskiroz garaipena ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Maiz kosta egiten da final onak ikustea kirol askotan. Pilota ez da salbuespena, eta atzokoan ikusi zen. Binakako Promozio Txapelketako finala zuten jokoan Eskiroz-Agirre eta Peña-Erasun bikoteek. Konfinamendu osteko lehen finala izanda, pilotazaleak ikuskizun zeuden. Baina ez zen esperotako partida betea izan.Azken txanpan baino ez zen gogortu finala, eta orduan izan zuen emozio apur bat. Akatsek gogortu zuten. Azkenean, Agirre eta Eskiroz nagusitu ziren, 22-20, partida osoan aurretik joan eta gero.

Agirrek markatu zuen aldea atzoko finalean. Lau pilotarien artean onena izan zen. Aurreko koadroetatik hark ezarri zuen partidaren erritmoa, eta ondo asmatu zuen Peñaren eta Erasunen artean zuloak topatzen.

Bikote galtzailea hasieratik aritu zen kontrakarrean. Presaka eta urduri antzeman zitzaien lehen tantoetan. Bikotearen zama hartu behar zuela jakitun, Peña airez sartzen hasi zen, eta ohikoak ez dituen bizpahiru akats egin zituen. Hala, Agirre eta Eskiroz 4-0 aurreratu ziren. Baina, gero, haiek egindako pare bat hutsegite tarteko, 4-2 gerturatu ziren galtzaileak.

Finalari neurria hartu behar zioten lau pilotariek, eta, tantoak luzatuz eta gogortuz joan ahala, lortu zuten. Agirre Peñari hanketara jokatzen ahalegindu zen. Hasieran tolosarrak ondo eutsi zion, eta asmatu zuen Agirre eta Eskirozen artean zuloak topatzen. Konfiantzaz da aurrelaria, Mastersean Bengoetxea VI.a bikain ordezkatu eta gero. Baina Agirre ere bere dohainak erakusten hasi zen, eta partidaren aginte makila hartzen. Zabalerari eta txokoan utzitako bi tanto ederri esker, 7-5 aurreratu zuen berriro ere bikote nafarra. Pilotari abiadura handiagoa emanez joan ziren, eta nagusitasuna handituz (10-6).

Eztabaidagarria izan zen haien hamargarren tantoa, Agirreren erremateak txapa jo baitzuen askoren ustez. Peña, eta batez ere Erasun, ez zeuden eroso garaileek ateratako pilotarekin. Aurrekoak baino zakarragoa zen. Erasun, gainera, etengabe bizkarra erakusten aritu zitzaion Eskirozi.

16-10 aurreratu ziren Agirre eta Eskiroz. Partidak hautsia zirudien. Baina usteak erdi ustel. Orduan iritsi zen Peñaren tanto bat, eta Eskirozen galdutako hainbat pilota. Horrek lehia aldatu zuen, eta, ia oharkabean, eta aparteko jokorik egin gabe, Peñak eta Erasunek lehia berdindu zuten: 17-17.

Korapilatu egin zitzaien finala nafarrei. Baina eusten jakin zuten, eta berriro 21-18 aurreratu ziren. Baina Peña eta Erasun ez zeuden etsitzeko prest. Bitarte horretan ikusi ziren norgehiagokako tantorik gogorrenak. Peñak egindako bi tantori esker, 21-20 gerturatu ziren gipuzkoarrak. Baina, unerik okerrenean, Erasunek partidako lehen pilota galdu zuen, eta hor amaitu zen neurketa.

Artola-Rezusta, oso nagusi

Gero jokatu zen Masters txapelketako partida. Artolak eta Rezustak nagusitasunez hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Aranguren: 22-6. Hala, lehen postua sendotu dute, Bengoetxea VI.a-Martijarekin berdinduta, bost garaipenekin. Gaur jokatuko da, Beran (Nafarroa), jardunaldiko azken neurketa: Urrutikoetxea-Irribarria Altuna III.a-Imazen aurka (17:30, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.