Pedalkada bakar bat eman gabe ere, Jose Luis Arrieta (Donostia, 1946) da Euskal Herriko Itzulian kilometro bakoitzean bizikletarentzat garapenik onena zein den ondoen dakien pertsona. Donostiarra da ibilbidearen arkitektua, baina Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidente karguarekin uztartu behar izan du aurten orain arteko lana. Badaki «gogorra» dela ibilbidea. Baina horixe nahi zuen.
Urteroko zurrunbiloan sartuta zaudete, baina zuretzat zurrunbiloa ez da berdin-berdina, lehen urtea duzulako Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidente karguan.
Lan jakin bat egiten nuen lehen, eta, lehengoaz gain, dena kontrolatzea egokitu zait orain. Dena den, lankide berri batzuk ere sartu dira taldean, eta asko ari zaizkigu laguntzen. Pozik nago osatutako taldearekin, Gipuzkoako Federazioan, Euskadikoan eta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzan urte askoan nire ondoan egondakoak direlako gehienak. Pixkanaka ari gara egokitzen.
Abenduan lau urterako luzatu zenuen Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidente kargua. Ez al dira kargu gehiegi?
Tira... Erraza izaten ari da niretzat. Xentimo bakar bat ere ez da irabazten ez batean eta ez bestean, eta, beraz, jendeak ezin du esan hiru-lau lekutan dirua pilatzen ari naizenik. Horiei beti esaten diet etortzeko ondora, egiteko nik egiten dudan lana, eta kopuru bera irabaziko dutela. Horregatik ez da agertzen horrelako karguak hartzeko prest dagoen inor.
Zer izan da zailena erronka berri honetan?
Paper kontu asko daude presidente karguan, eta orain arte ez ditut egin izan lan horiek. Poliki-poliki lanak banatzen ari gara, baina arlo horretan ezuste pixka bat hartu dut. Ez genekien lehengoek zehatz-mehatz nola lan egiten zuten, eta gauza batzuk ondo egiten ziren arren, beste batzuk hobetu egin beharra zeudela ikusi genuen. Horretan ari gara.
Zein bihurgune hartu nahiko zenuke aurrekoarekin alderatuta?
Hasieratik ari gara saiatzen aldaketa txiki batzuk egiten. Aurkezpena bera oso desberdina izan zen, adibidez, eta beste aldaketa batzuk ere nabarituko dira itzuli honetan.
Aholkurik eskatu al zenion Ugarteri? Edo eman al zizun hark baten bat?
Ez dago eskatu beharrik. Askotan hitz egiten dugu elkarrekin, baina gure iritziak ez, dirua da arazoa. Azken unera arte arazo asko izan dugu babesleekin, denek jaitsi dutelako euren babesa pixka bat gehiago. Horri aurre egiteko balio duen aholkurik ez dago.
Krisi garaiak dira egungoak. Euskal Herriko Itzuliarentzat ere bai?
Bai, bai. Zalantzarik gabe. Azken urteotan beti borrokan ibili gara, eta aurrerantzean ere antzera ibiliko garela uste dut; egoera ekonomikoak hobera egiten ez badu, eta Sari Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien babesa finkatzen ez baditugu, bai, behintzat. Eta, noski, ezinbestekoa da etapen irteerak eta helmugak nahi dituzten herriak eskura edukitzea. Horregatik da hain zaila urtez urte itzulia lotzea.
Iaz estu eta larri ibili zineten, eta Sabadell Guipuzcoanoren babesari esker egin zenuten aurrera azkenean. Bi urtekoa zen, berez, babes hura. Zertan da akordioa?
Aurten bukatuko da kontratua, baina eurak prest daude jarraitzeko. Hori bai, eskaintza ez dute igoko; orain artekoari eustea da asmoa. Horretarako, noski, Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek mantendu egin beharko dute babesa, arazo larriak edukiko genituzkeelako bestela. Orain arteko babesari eutsi ezean, zail ikusten dut Itzuliaren etorkizuna.
Aurkezpenean hitz politak izan zituen Jon Redondo Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, lagun bat hor daukazuela esanez. Lagunaz gain, dirua behar da, ordea...
Aspaldiko laguna da Jon, Jaurlaritzara iritsi baino askoz lehenagokoa. Dirurik ez badaukate, ordea, lagunak izango gara, bai, baina dirurik gabekoak.
Etxekoa zaindu behar dela esan zuen Redondok berak BERRIAk egindako elkarrizketan.
Horixe esan dugu guk betidanik. Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko sailburuari esan nion hau ere badela herria egitea. Baina zailak dira mugimenduak, ez dagoen lekutik ezin delako dirurik atera. Jaurlaritza, aldundiak, udalak... Erakundeek borondatea badaukate, baina dirurik ez.
Babes kopuruari eutsi ezean, beraz, benetako arriskua dauka Itzuliak?
Bai, bai. Urtero, lasterketa hasi baino bi hilabete lehenago ikusi beharko dugu aurrera egin edo ez. Gauzak ez dira prestatzen azken astean; liburuak, aurkezpenak... horiek dira azken asteko lanak. Baina ibilbidearen neurketak, esaterako, ez dira egiten azken unean, hilabete bakarrean.
Sabadell Guipuzcoanoren babesaz gain, beste bi aukera izan zenituzten iaz. Horiekin hartu-emanik izan al duzue berriz?
Soraluce enpresa agertu zen iaz indarrean. 50. urteurrena zuten, eta horregatik hasi ziren hizketan gurekin. Iaz, azkenean, ez genuen lortu akordiorik, eta aurten ere ez. Saiatu gara mendiko saria pare bat enpresari eskaintzen, baina ez dugu lortu ezer. Hala ere, azken unean izan ditugu pare bat laguntza txiki. Euskaltel sartu da tarteko helmugetan, diru pixka bat eskainita, baita Cofidis ere; helmugara iristeko sei kilometro faltan egongo da euren pankarta. Horiez gain, Danok Bat-en eskaintza ere iritsi zaigu azken unean. Laguntza txiki horiei esker lortu dugu aurrekontua parekatzea.
Herri ekinaldi bat ere jarri zen martxan iaz, Kontuz 1 Euro, eta 10.000 euro inguru bildu zituzten azkenean.
Euro bakar bat ere ez zen geratu gure eskuetan. Behin Sabadell Guipuzcoanoren laguntza jasota, diru kopuru hura federazioei bideratzea eskatu zuen mugimenduaren sortzaileak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako federazioek jaso zuten diru hura, eta harrobiko lana sustatzeko erabiliko dute.
Aldaketa izan da Eusko Jaurlaritzan. Lehen zer moduzkoa zen harremana? Eta aldaketarik izan al da orain?
Lehen oso txarra zen harremana, eta ea orain lortzen dugun pixka bat hobetzea, ezagunak garelako. Babesa murriztu egin behar izan dute aurten, baina ahalegina egin dute mantentzeko. Asko murriztu dizkiete aurrekontuak eurei ere, eta, iazko 200.000 euroak kontuan hartuta, %7 jaitsi digute guri azkenean. Horregatik behar dira beste ekarpen txiki batzuk zulo horiek estaltzeko. Gipuzkoako Aldundiak iaz baino 8.000 euro gehiago eskaini ditu, baina malabarismoan ibili beharra dago aurrekontu guztia orekatzeko.
Donostiako Udalarekin, Gipuzkoako Aldundiarekin eta ESAITekin harremanik izan al duzue? Iaz babes osoa azaldu zizueten Jaurlaritzarekin liskarretan hasi zinetenean...
Harreman ona daukagu, baina hitz politak ez, ekintzak behar dira. Euskal Herriko Itzuliaren pareko egitura batean babes handietako bat bertan behera geratzen bada, akabo. 100.000 eurotik gorako ekarpena egiten dutenek babesa kentzea erabakitzen duten egunean amaituko da bide hau, min handia egiten duelako jaitsiera horrek. Iazkoa da adibiderik argiena: Jaurlaritzak 160.000 euro inguru jaitsi zuen ekarpena, eta egur handia da hori.
Zenbatean dago aurrekontua? Eta nola banatzen dira gastuak?
Milioi bat euro ingurukoa da aurrekontua, eta gastuaren zatirik handiena taldeen azpiegiturarena izaten da. Aurten, gainera, garestiagoa izan da taldeak ekartzea. World Tourrean hemezortzi talde ez, hemeretzi daude, eta ez pentsa UCIren [Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna] akatsa izan denez eurek ordainduko dutenik. Itzulian parte hartzeko Katuxak laguntza txiki bat eman zezan akordioa lortu genuen, baina aurreikusi baino 23.000-24.000 euro gehiagoko gastua izango dugu. Ondorioa? Gure azpiegiturako langile gehienek etxera joan beharko dutela lotara egunero.
Arazoak arazo, 2013tik 2016ra arteko World Tour lizentzia eskuratu dute jada Itzuliak eta Klasikoak, ezta?
Telebista kontuei eta gainerakoei dagokienez, lotuta daude biak. Koska bakarra dago: dirua. Horixe da irauteko arazo bakarra.
Krisi hotsak iritsi aurretik, hala ere, urte on asko izan ditu Itzuliak. Non geratu dira orduko irabaziak?
Urte onak... Dirua gordetzeko izango ziren urte onak, baina muga-mugan ibili izan gara gu beti. Langileak lotan leku batean edo bestean geratzeko eskuzabaltasun pixka bat gehiago egon izan dela? Bai. Baina orain etxera joango dira denak: moto gidariak, mendateetakoak, seinaleak jartzen dituztenak... Horrela aurrezten dugu diru galera, baina urtero aurrekontua jaitsiz gero, akabo, gastuak ez direlako murrizten.
Nahi zenuen ibilbidea osatu al duzu?
Gutxi gorabehera, bai. Elgoibarko etapa gogorregia dela esaten dute batzuek. Eta gogorra da, bai. Baina Itzuliaren irabazlea ezin da izan erdipurdikoa; lehen egunetik aurrean egon beharko du lasterketa hau irabazi nahi duenak.
Euriarekin oso arriskutsuak izan daitezke Elgoibarren eta Beasainen amaituko diren etapak.
Bai... Denon hobebeharrez, espero dezagun eguraldi ona egitea; txirrindulariek, zaleek eta guk geuk eskertuko dugu. Euria ari badu, San Migelgo jaitsieran, Olaberrian... zati horietan segundo mordoa galduko du beldurrez doanak. Samuel Sanchez, esaterako, abila da jaitsieretan. Eguraldi txarrarekin, goraka eta beheraka egingo dira zuloak.
Ez Ipar Euskal Herria eta ez Nafarroa; aurten oso gipuzkoarra izango da Itzulia. Hori zabaltzeko asmorik bai?
Saiatzen gara leku guztietara iristen. Baina Ibardinera joango gara berriz? Eurek esan beharko dute hori. Nafarroan Lerin eta Vianaraino joan izan gara, baina aurrekontu honekin ezinezkoa da urtero haraino joatea. Eta azpiegiturari dagokionez ere, oso lan nekeza da Itzulia Ipar Euskal Herrira eramatea; urrutira joan gabe, bost hilabeteko lana izan zen iazkoa. Orain gutxi arte oso zaila zen Ipar Euskal Herrira joatea; erraztasun gutxi izaten genuen, eta arriskuan ibiltzen ginen gero. Horretarako, hobe da ez joatea.
2013ko Itzulia ez da hasi oraindik, eta urrutira joatea da, baina lotu antzean egongo da, noski, 2014koa ere, ezta?
Etapa batzuk lotuta daude dagoeneko, bai. Ordiziatik abiatuko da 2014ko Itzulia, eta Gasteizen eta Eibarren amaituko da etapa bana. Nafarroako etapa bat eta Bizkaiko beste bat falta zaizkigu lotzeko. Ez da lan erraza.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: Atarikoa. Jose Luis Arrieta. Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidentea
«Gogorra dela Itzulia? Irabazlea ezin da izan erdipurdikoa»
Urteak igaro ahala, gaztetzen ari da Jose Luis Arrieta; lan kontuetan bai, behintzat. Estreinako Itzulia du presidente gisa, eta «aldaketa txiki batzuk egitea» du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu