MOTO PILOTUA

Xabi Zurutuza: «Gogorra da ikustea dena eman eta postu txarra lortzen duzula»

Zurutuzak azaldu du pauso bat egin duela atzera, ondoren beste bi aurrera egiteko. Aitortu du iazko urtea gogorra baina polita izan zela.

Xabi Zurutuza, talde berriaren aurkezpen ekitaldian. BERRIA
Xabi Zurutuza, talde berriaren aurkezpen ekitaldian. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 4a
05:05
Entzun

Hilabete batzuk falta zaizkio oraindik Xabi Zurutuzari (Legazpi, Gipuzkoa, 2006) denboraldi berria hasteko. Estorilen (Lisboa, Portugal) izango du lehen lasterketa, eta gogotsu dago, talde berria ere izango baitu: Andifer American Racing Team. Europako Moto2 Txapelketara egin du behera aurten, baina kilometroak eginez esperientzia hartu, eta Munduko Txapelketara indartsuago itzultzea du helburu. Gogor entrenatzen dabil Murtzian (Espainia) hori lortzeko.

Nolakoa da zure egunerokoa denboraldi arteko sasoietan?

Astelehenetan Yepes zirkuitura [Murtzia, Espainia] joaten gara, gauden etxetik 40 minutura; goiza eta arratsaldearen lehen partea pasatzen dugu hor, eta arratsaldean gimnasiora joaten gara. Astearte goizetan bizikletaz ibiltzen naiz, eta arratsaldean Fortuna zirkuituko [Murtzia, Espainia] moto eskolara joaten naiz. Asteazkenetan euritarako gurpilak dituen moto batekin joaten naiz lurrezko pista batera, lerratzeak egitera, eta arratsaldean gimnasiora. Ostegunak astearteak bezalakoak dira, eta ostiraletan zirkuitu handira joaten naiz. Asteburuetan bizikletaz ibiltzeko aprobetxatzen dut, eta, oso nekatuta banago, igandetan atseden hartzen dut.

Moto gidari askok garrantzia ematen diozue bizikletari. Zer dela eta?

Oso baliagarria da erresistentzia lantzeko, eta motorrean askoz hobeto ibiltzen laguntzen du.

Kategoria berri batean hasiko zara. Zer dela eta aldaketa? Atzerapausoa dela uste duzu?

2024a ez zen pentsatzen genuen bezala joan; urte gogorra izan zen, eta aukera onena Europako Moto2 Txapelketara jaistea izan da, hor kilometroak egiteko eta ostera ere Munduko Txapelketara igotzeko, esperientzia lortuta.

Nolako esperientzia izan da Munduko Moto3 Txapelketan aritzea?

Gustura egon naiz, amarekin mundu osoan barrena ibiltzea oso polita izan baita; kultura ezberdinak ezagutu ditugu. Profesionalki urte gogorra izan da, baina niretzat amets bat da Munduko Txapelketan aritzea.

Zergatik izan da urte zaila?

Taldeak eta biok ez genion elkarri erabat ondo ulertzen. Denbora asko pasatzen duzu taldearekin, eta sentsazioak ez badira onak, egunak oso luzeak egiten zaizkizu, eta asteak are gehiago. Hori izan da gogorrena, hori eta ikustea dena emanda ere postu txar batean geratzen nintzela. Hori ez zait gustatzen.

Nola hasi zara talde berrian? Bakarrik zaude orain?

Duela bi edo hiru aste ezagutu nituen talde berrikoak, aurkezpena egin genuenean, baina oraindik ez dut motor berria probatu. Murtzian eskola batean nago, hainbat kategoriatako beste pilotu batzuekin, baina kirol nahiko indibiduala da. Bakoitzak bere aldetik egiten ditu entrenamenduak, baina test ofizialetan eta lasterketetan taldearekin zoaz.

«Profesionalki urte gogorra izan da, baina niretzat amets bat da Munduko Txapelketan aritzea»

Noiz probatuko duzu motorra?

Hogei egun barru-edo probatuko dut, Almerian [Espainia].

Badakizu nolakoa den?

Aurkezpenean, Madrilen, motorraren gainera igo nintzen, baina astoaren gainean zela. Horrela ikusi nuen motor handia dela, 180 kilokoa, eta 150 zaldiko potentzia duela. Salto handia da batetik bestera pasatzea.

Zertan dago alde handiena?

Pisuan eta potentzian ez ezik, abiaduran. Orduko 300 kilometroak pasatzen ditu, 315era-edo iritsita.

Gogotsu al zaude denboraldi berrirako?

Oso pozik nago proiektu honekin. Atzerapauso bat da, baina ondoren bi aurrera egiteko. Momentuz oso proiektu ona iruditzen zait, eta ikusiko dugu nola hasiko den urtea.

Taldea nahiko berria da, ezta?

Bai, eta badirudi tratua lagunartekoa dela. Talde berri-berria ere ez da, baina partaideak bai, hala dira, eta ilusio handia dute; hori oso garrantzitsua da.

«Aukera onena Europako Moto2 Txapelketara jaistea izan da, hor kilometroak egiteko eta ostera ere Munduko Txapelketara igotzeko, esperientzia lortuta»

Txapelketa berriko zirkuituak ezagutzen dituzu?

Denak bat izan ezik: Magny-Cours [Borgoina, Frantzia]. Aurten sartu dute hori; ez dut ezagutzen, baina joango naiz entrenatzera, nolakoa den ikusteko. Gainontzekoetan ibili nintzen duela bi urte, eta ondo ezagutzen ditut.

Kirol garestia da motoziklismoa. Nola funtzionatzen du barrutik? Bizitzeko ematen al du?

Kirol hau oso zaila da ekonomikoki. Sakrifizio handiak egin behar dituzu, bai entrenatzen, bai ekonomikoki. Motorrarekin entrenatzea soilik oso garestia da: 2.000 euro gastatu behar dituzu bi egunetan. Munduko Txapelketan kobratu egiten duzu, eta ona bazara ondo bizi zaitezke, baina Junior mailan dirua jarri behar duzu, gehiago edo gutxiago, lasterketak egin ahal izateko.

Entrenamendu horiek ez ditu taldeak ordaintzen?

Pilotu gehienak Almeriara goaz, eta babesleen laguntzarik ez baduzu, ezin duzu entrenatu. Familia normal batek ezin ditu kopuru horiek ordaindu, ezinezkoa da babeslerik gabe.

Zuk badituzu babesleak?

Bai; Aterki, nire aitaren enpresa, eta beste batzuk ere baditut: Perfinor, Grupo Eibar... Gehiago ere baditut, baina gehiago bilatu behar ditut orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.