Frantziako Tourra

Gogoratzekoa, hasi eta bukatu

Euskal ukitua, maila oso ona eta irabazle sonatua izan ditu aurtengo Frantziako Tourrak

Jasper Philipsen, Jonas Vingegaard, Giulio Ciccone eta Tadej Pogacar Parisko podiumean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Mundu osoko txirrindularitzazaleen asegarri izan da aurtengo Tourra. Kexa bakarra dute: bukatu egin dela. Euskal Herriko zaleek gozatu dute gehien. Izan ere, lehen hiru etapak bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten, etxeko errepideetan, eta gero, zirraraz dar-dar egin zuten Pello Bilbaoren (Bahrain) eta Ion Izagirreren (Cofidis) garaipenekin. Maila goreneko ikuskizuna eskaini dute txirrindulariek, eta, guztien gainetik, Jonas Vingegaard (Jumbo) nabarmendu da, Tadej Pogacarrekin (UAE) lehia zirraragarria edukita. Bi kolosoen itzalpean, ziklista askok egin dute distira.

IRTEERA EUSKAL HERRIAN



Pasioz betetako nazioa

Tourraren irteera erakusleiho handi bat da, eta Euskal Herriak behar bezala baliatu zuen. Alde batetik, grinak hartutako zalez bete ziren errepide bazterrak, eta jasotako babesaren parekoa izan zen txirrindularien jarduna. Horrez gain, nazio aldarrikapena hauspotzeko egunak izan ziren. Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Lapurdin barna ibili zen tropela—bosgarren etapan Zuberoatik ere igaro zen, eta nonahi ikusi ziren ikurrinak. Gure Esku-k milaka banatu zituen. Orbanik ere izan zen: errepidera txintxetak jaurti zituzten Donostiako eta Baionako etapetan, eta lasterketak trafiko eragozpen ugari sortu zituen. Txirrindularitzaren zaleek, behintzat, gozatu handia hartu zuten.

EUSKAL ZIKLISTAK GARAILE



Hiru egun magiko

Euskal txirrindulariek bost urte zeramatzaten Tourrean irabazi gabe. Bada, hiru eguneko tartean bi garaipen lortu zituzten: Bilbao hamargarren etapan nagusitu zen, eta Izagirre, hamabigarrenean. Gernikarrak azkenerako utzi zuen dena, eta maisulana egin zuen errematean; Izagirrek, berriz, helmugatik 30 kilometrora egin zuen ospa. Garaipen handiak eta ederrak izan ziren biak, baina dena ez da irabaztea; besterentzat lanean ere egin daiteke distira. Omar Fraile eta Jonathan Castroviejok (Ineos) hala egin dute. Getxoztarrak, gainera, hamabosgarren bukatu du Tourra. Bilbao seigarren izan da, eta hala, laugarren aldiz sartu da sei onenen artean itzuli handi batean. Tourrean, bigarrenez sailkatu da lehen hamar postuetan. Mikel Landak (Bahrain), berriz, espero baino askoz ere apalago jardun du: goiko postuak zituen jomugan, baina hemeretzigarren izan da azkenean.

VINGEGAARD-POGACAR



Fantasiazko lehia

Denbora gelditu egiten da Vingegaard eta Pogacar elkarren aurka dabiltzanean. Erasoari ekin orduko, errealitate paralelo bat sortzen dute. Ez dago inor haiei euts diezaiekeenik. Bi suziri dira, ziklismoaren Olinpora bidean. Jada historikotzat jo daiteke haien arteko lehia: bi txirrindularik hiru urtez jarraian Tourra lehen bi postuetan bukatzen duten lehen aldia da. Vingegaard gehiago izan da aurten, eta, bigarren garaipena kateatuta, Pogacarren pare jarri da. Inoizko alderik txikienetako batekin iritsi ziren azken astera: hamar segundo baino ez zeuden bien artean. Azkenerako, hazi egin zen Vingegaard, eta amildu Pogacar. Hala, esloveniarra 7.29ra gelditu da. Garaipenik gabe, baina podiumean berriro: bere lehen bost itzuli handietan podiumera igo den ziklista bakarra da, Alfredo Bindarekin batera. Beste marka bat ere ezarri du, Tourreko gazterik onenaren saria laugarrenez irabazita.

YATES ANAIAK



Bizkien dantza bizia

Yates anaien Tourra ere izan da aurtengoa. Biek inoizko emaitzarik onena lortu dute Grande Boucle-an, bizikleta gainean beti bezain dantzari: Adam (UAE) hirugarren izan da, eta Simon (Jayco) laugarren. Haien artean jokatu zuten garaipena Bilbon, lehen etapan, eta Adam izan zen azkarrena. Alabaina , ez da gauza bera ongi astea eta hiru astez goiari eustea. Yates anaiek sarri egin dute talka horma horren kontra. Oraingoan, baina, bestela izan da. Adami on egin dio Pogacarren itzalpean aritzeak. Errendimendu hobea izan du makulu izanda, lider gisa jardun izan duenetan baino. Simon, berriz, gutxiago agertu da kamera aurrean; txarrerako, eta, batez ere, onerako: ez da ohi bezain erasokor aritu, baina txakalaldirik ere ez du izan. Carlos Rodriguez (Ineos) izan da bosgarren. Ametsetako debuta izan du Tourrean.

GARAIPENAK



Pastela banatu dute

Jasper Philipsenek (Alpecin) lortu du etapa garaipen gehien: lau esprintetan utzi du bere zigilua. Puntuen sailkapenean nagusitasunez irabazi du. Bizkorrena izan da, baina ez zen oso azkarra izan hemezortzigarren etapan, bidea itxi baitzion Pascal Eenkhoorni (Lotto) ihes egiten saiatu zenean, jauntxokeriaz. Etapa hura Kasper Asgreenek (Soudal) irabazi zuen, iheskideekin batera tropelari sokatira irabazi ondoren. Tour honetako saiorik ederrenetako bat izan zen. Ederra izan zen, halaber, biharamunean Matej Mohoricek (Bahrain) lortu zuen garaipena, Asgreen helmugako arrastoan gaindituta. Maila oneko ihesaldiak izaten direnean, etapa lauak menditsuak bezain ederrak izan daitezke. Mendietan, arrastoa utzi zuten Jai Hindleyk (Bora) eta Felix Gallek (AG2r). Guztira hamazazpi txirrindularik irabazi dute etaparen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.