Bizkaiko areto futboleko emakumezkoetako hamar taldek J.V. izena duen gizonezko epailearen «jarrera desegokia eta inbasiboa» salatu dute. Talde horietako hamar kapitainek oharra igorri diote Bizkaiko Futbol Federazioari, eta hartan azaldu dute «keztatuta» daudela, epaile hori jokalariekin harremanetan jarri baita edo harremanetan jartzen saiatu baita sare sozialen bidez, haien partidak arbitratu eta gero. Salatu dutenez, Bizkaiko Federazioak dituen fitxak erabili ditu horretarako, eta, hori eginda, «datuen babesaren legea urratu du, Bizkaiko ligako jokalarien errespetuari eta ongizateari kalte egin die, baita horietako batzuei ezinegona eragin ere».
Azaldu dutenez, epaile horrek zenbait partidatan haien izenengatik deitu die jokalariei eta gertuko tratua izan du haiekin. Horrek egoera «deserosoak» eragin ditu, baita jokalarien «haserrea» ere. «Kezkatu egiten gaitu haren posizioa erabiltzen ari dela federazioaren fitxetatik informazio pertsonalak lortzeko, adibidez, gure izenak, eta horiek sare sozialetan gurekin harremanetan jartzeko». Nabarmendu dutenez, hori ez da gertatu bakarrik partida batean, ligako hainbat jokalarik esan baitiete epaile horrek antzeko portaerak izan dituela.
Hori kontuan hartuta, eskatu dute J.V. izena duen epaileak ez arbitratzeko partida gehiago ligan. «Jokalarien ongizate emozionagalatik, jokalarien errespetuagatik eta epaile horren profesionaltasunik ezagatik». Horren harira, Bizkaiko Futbol Federazioari eskatu diote esan diezaiela zein neurri hartzeko asmoa duen, haiek prebentzio gisa aplikatzea, eta antzeko portaeretatik babesteko beharrezkoak diren protokoloak ezartzea.