Gurutz Aginagalde. Bidasoa-Iruneko presidentea

«Gizarteari laguntzeko gure modua da aldi baterako erregulaziorik ez egitea»

Gurutz Aginagaldek azpimarratu duenez, «gogor» ari dira lanean koronabirusak eragindako egoerak Bidasoak zeraman «hazkundea» eten ez dezan. Inguruari ere lagundu nahi diote. «Bidasoa kirol talde bat baino askoz gehiago da. Erantzukizun zibil eta soziala dugu».

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Iritsi ezinda» dabil Gurutz Aginagalde (Irun, Gipuzkoa, 1977) Bidasoa-Irun taldeko presidentea. «Ematen du egoera honetan ez dagoela ordutegirik. Erotuta nabil», aitortu du. Hala ere, «inoiz ere» ez zaio burutik pasatu bere buruari galdetzea zergatik sartu zen honetan. Azaldu duenez, horretan «zerikusi handia» du ondoan duen «lantalde bikainak». «Sekulako lana» egiten ari direla azpimarratu du.

Hamar egun pasatu dira ofizialkijakin zenetik eskubaloi denboraldia bertan behera utzi zela eta Bidasoa Europan ariko zela. Hori jakiteak arindu egin du ezinegona?

Ez asko. Egoera antzekoa da orain ere, baina klubak ezin gara geldirik egon. Horregatik hasi ginen erabakiak hartzen. Lehenik, liga amaitutzat eman genuen. Pena handiz hartutako erabakia izan zen, kirol talde bat izanik, jokatzea eta lehiatzea baita guk nahi duguna. Baina ez da posible izan. Faena izan da jokalari, entrenatzaile, ordezkari, zale, babesle eta erakundeentzat. Denboraldia bukatutzat eman ondoren, sailkapena zehaztu beharra zegoen. Bidasoa Europara joatea erabaki zen. Berri ona da, bigarrenez jarraian ariko garelako Europako lehiaketa batean, eta hori beste aurrerapauso bat baita gure garapenean.

Hala ere, inork ez daki nola izango den datorren denboraldia.

Zoritxarrez, hala da. Ez dakigu ikusleekin jokatu ahal izango dugun, zein baldintzatan joango garen Europako partidak jokatzera... Gauza asko daude zehazteko oraindik. Baina ez gaude geldirik. Gu lanean ari gara.

Alde handia dago ikusleekin jokatu edo ez.

Zalantzarik gabe. Egongo dira klubak pabiloi handia izanda, bazkideak harmailan sakabanatuta jarrita, denak har ditzaketenak. Baina guk ezin dugu hori egin. Artaleku beteta dago partida guztietan, bazkide izateko itxaron zerrenda luzea dugu... kabitu ezinda gabiltza azkenaldian. Horren inguruan hartzen diren erabakien arabera hartuko ditugu guk gureak.

Koronabirusak hankaz gora jarri du dena.

Hala da, eta gure kasuan, gure garapena eten du. Hazten ari ginen, eta honek hazkunde hori motelduko du. Baina gogor ari gara lanean moteltze bat besterik izan ez dadin. Ez dugu atzerapausoa izatea nahi.

Asobal ligako kluben artean Bidasoa da Aldi Baterako Enplegua Eteteko txostena aurkeztu ez duen bakarra.

Guretzat ondorioak txikiagoak izango lirateke aldi baterako enplegua eteteko dosierra aurkeztu izan bagenu, diru kopuru bat aurreztuko baikenuen. Errazena litzateke hori egitea. Baina gure iritziz, Bidasoa kirol talde bat baino askoz gehiago da, eta klub gisa erantzukizun zibil eta sozial bat dugu. Eredu eta erreferentzia gara jende askorentzat, eta argi dugu egoera honetan aurreztearen alde egin beharrean, gizartearen aurrean gure erantzukizuna dela ahal dugun neurrian aldi baterako erregulaziorik ez egitea. Harro nago zuzendaritzako kideok hartu dugun erabakiaz. Gure baliabideekin aurrera egiten saiatzen ari gara, eta ahal dugun arte, hala jarraituko dugu.

Kostatzen ari da horri eusten?

Bai, kostatzen ari da, eta arriskuak hartzen ari gara. Izan ere, egoera honetan ulergarria da instituzio edo babesleren batek guri esatea ezin diola bere egoerari eutsi, eta ezin digula diruz lagundu. Jada gertatu zaigu, eta diru laguntzaren bat galdu dugu, baina oraingoz, ari gara eusten. Ulertzen dugu une hauetan instituzioek beste lehentasun batzuk izatea, adibidez, osasun arloa. Une hauetan gizarteari laguntzeko gure modua da aldi baterako erregulaziorik ez egitea.

Horri eusteko, zerbaiti uko egin behar izan diozue?

Datorren urteari begira bagenuen asmoa klubaren egitura zabaltzeko eta profesionalizatzeko. Egin, egingo dugu, baina motelago. Zuzendaritzako kideok beti esan dugu kluba profesionalizatu nahi dugula. Orain arte, guk zuzenduizan dugu kluba, guk egin dugu lan hori, gure lanetatik kanpo orduak eta orduak sartuz. Baina ezinezkoa da denbora luzez horri eustea. Horregatik, baliabideak lortua genituen egitura hobetzeko, sendotzeko, eta jendea sartzeko, baina bizi garen egoeraren ondorioz, moteldu egingo da hori guztia.

Egindako kontratu berritzeak (Jacobo Cuetara, Jon Azkue, Kauldi Odriozola, Xoan Ledo… ) eta fitxaketak (Julen Aginagalde) arriskuan daude?

Oraingoz, eutsi egiten diegu. Txapeldunen Ligarako sailkatuta egoteagatik, Europako Eskubaloi Foroaren bileretan parte hartu dugu; eskubaloi klub onenak daude bertan. Eta foro horretan zenbait klubek azaldu dute %50-70 artean jaitsiko dietela soldata euren jokalariei. Guk, oraingoz, kontratuetan sinatutakoa errespetatuko dugu. Egoera oso latza da Europako klub askotan, eta,horregatik, itun bat sinatu dugu elkarri hitza emanez ez garela egoera horietaz aprobetxatuko. Halako ekinbideak beharrezkoak dira.

Aurreko krisiak oso gogor jo zuen eskubaloia. Beldur zarete honek antzeko zerbait edo gehiago egin dezakeela?

Jo, joko du, ziur, baina horretarako ari gara lanean, kolpe ahal denik eta txikiena izan dadin. Gu gure ilusioa, gogoa eta ahalegina ari gara jartzen egoera honetatik ahal dugun ondoen atera gaitezen eta Bidasoa merezi duen tokian egon dadin. Nahiz eta krisian egon, klubak jende asko dauka atzetik bultzaka: instituzioak, babesleak, eta batez ere, zaleak. Garrantzitsua da Bidasoak azken urteetan zabaldu duen sentimendua eta ilusioa mantentzea. Gizarte eragile garrantzitsua gara jende askorentzat, eta hori landu eta mantendu egin behar da. Horregatik ere ari gara gogor lanean, gure inguruan dauden guztiei ahal dugun gehien laguntzeko.

Bileraz bilera zabiltzate. Aurrerapenik egin al duzue?

Bai. Hasieran, hau guztia piztu zenean, sinatutako eta hitz egindako guztia geratu zen airean. Orain, hori guztia gaurkotzen eta zehazten ari gara. Asko hitz egin behar da, jendearekin egon, eta ematen dizuten informazio guztia ondo jaso, gero kudeatzen hasteko eta erabakiak hartzen hasteko. Baina, bai, ari gara gauzak lortzen. Erantzun asko positiboak izan dira. Baikorrak gara. Ezin gara kexatu gauzak nola ateratzen ari diren. Ondo ari gara lanean, eta zaleek, instituzioek eta babesleek eskertu egiten dute hori.

Aurreko egoerara itzultzea da asmoa, ezta?

Bai, lehen esan bezala, klubak oso dinamika ona baitzeraman, pistan zein pistatik kanpo. Pena da hori eten izana. Zuzendaritza talde oso ona dugu, eta egoera honetatik ateratzeko oso garrantzitsua da hori, klubari sendotasuna emateko. Zoriondu egin behar ditut egiten ari diren lan guztiagatik, oso ona izaten ari da.

«Nork esango zidan hemen sartzeko». Noiz edo noiz pentsatu al duzu hori?

Ez. 24 urtez izan naiz goi mailako kirolari, nire bizitza izan da kirola, eta horretatik ere asko ikasten da. Adibidez, momentu txarrak pasatu egiten direla, eta beti dagoela aukera aurrera begiratzeko eta hurrengo helburuaren bila lan egiteko. Ez du ezertarako balio negar egiteak edo ezkor jartzeak. Sekreturik ez dago hemen, lana eta ilusioa besterik ez, bizitzaren beste arloetan bezala. Gauzak etorri diren moduan etorri dira, eta horri aurre egin eta lehenbailehen ateratzeko lana egitea da gure egitekoa.

Urte eta erdipresidente lanetan. Zer ikasi duzu orain arte?

Jende oso prestatua sartu ginen zuzendaritza taldean, baina guztiontzat egoera berri bat zen erabat. Nik, adibidez, ez nekien zer zen Bidasoak daukan tamainako klub bat kudeatzea. Ez zen erraza, baina uste genuen prest ginela eta ondo egin genezakeela. Koronabirusak eragindako egoera hau izan da orain arte izan dugun lehen zailtasun handia, eta pozik nago nola egiten ari garengauzak. Asko diet eskertzeko zuzendaritzako kide guztiei, Bidasoa osatzen dugun familia osoari, instituzioei, babesleei... bikain portatu dira beti gurekin, eta orain, une latz hauetan ere, bikain ari dira portatzen.

Bizi garen egoeraren larritasuna kontuan hartuta, zein mezu igorriko zenioke Bidasoako familia osatzen duten horiei guztiei?

Lehenik eta behin, bizi garen egoera larri honetan, besarkada estu bat bidali nahi diet guztiei. Ziur naiz gehiago edo gutxiago, zuzenean edo zeharka, lanean edo osasunean denok sufritu dugula edo sufritzen ari garela. Desio bat dut: ea lehenbailehen denok berriro Artalekun biltzen garen. Seinale onena litzateke, hau guztia pasatu den seinale, denok han gauden seinale,eta biziak aurrera jarraitueta normaltasuna berreskuratu dugunseinale. Bihotz-bihotzez eskertu nahi diet guztiei garaizail hauetan izaten ari diren jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.