Osasunaren zaleak pozarren etxeratu dira gaur, aspaldiko partez. Vicente Morenoren taldeak zortzi neurketa zeramatzan irabazi gabe, eta komeni zitzaion puntuak hirunaka pilatzen hastea arazorik izan nahi ez bazuen. Budimirren eta Pablo Ibañezen golei esker, lortu du garaipena gaur (2-1).
Sadarren jaso du Girona, zeina antzera baitzegoen: haiek ere zortzi neurketa zeramatzaten garaipenik lortu gabe, eta Osasunak baino puntu bat gutxiago zuten sailkapenean. Orain, laukoa da tartea, eta Kataluniako taldeak bostera ditu jaitsiera puntuak. Zorionez, lasaiago arnasteko moduan da Osasuna.
Lehen minutuetan hobea izan da etxeko taldea. Aukera argiak sortzea kosta egin zaio, baina denbora igaro ahala geroz eta erosoago egon da partidan. Ruben Garciak izan du abagune bat 17. minutuan, eta Moncayolak beste bat 24.ean. Gero, Gironaren txanda izan da, baina Sergio Herrerak bikain erantzun du. Azkenean, betikoak asmatu du: Ante Budimirrek. 37. minutuan buruz sartu du gola, Aimar Orozen pase bat baliatuta.
Okerren zeudenean
Lehen zatia dibertigarria izan da, eta bide beretik hasi da bigarrena ere. Norgehiagokak ez zuen jabe argirik, bi taldeek izan dute gertu gola, eta Gironari baliogabetu ere egin diote bat. Pixkanaka, Michelen taldeak arean sartu du Morenorena, baina, etxekoak okerren zeudenean, bigarren gola heldu da. Alboko sake baten ostean, Budimirrek Ibañezi utzi dio baloia, eta hark sareetara bidali du. 78. minutua zen. Asprillak 95. minutuan sartu du Gironaren gola.
Ia bi hilabete eta erdi geroago, hiru puntu lortu ditu Osasunak, eta gaur lasaiago lo egiteko moduan dira jokalariak eta entrenatzailea. 38 puntu dituzte sailkapen nagusian.