Gironari irabazi, eta finalarekin amesten segitu nahi du Araskik

ainara arratibel gascon
2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Amets bat» izaten ari da aurtengo denboraldia Lacturale Araskirentzat. Hala esan dute behin eta berriz azkenaldian Gasteizko taldeko jokalariek. Bada, amesten jarraitzeko ezinbestean irabazi beharko diote gaur gauean Spar Citylift Gironari, Mendizorrotzan, ligako finalerdietako bigarren norgehiagokan (Teledeporte, 21:00). Galduz gero, Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak agur esango dio denboraldiari. Irabaziz gero, berriz, larunbatean jokatuko du finalean sartzeko lehia erabakigarria Gironaren pistan, 18:30ean.

Amesten jarraitzeko, ordea, aurkari txarra da Girona. Sasoi honetan lau aldiz jokatuko dute elkarren kontra —bi ligan, bat kopan eta beste bat kanporaketetan—, eta kataluniarrak guztietan gailendu dira. Larunbateko partidan agerian geratu zen bi taldeen artean dagoen aldea. Girona sendo agertu zen etxean, eta astindua jaso zuen Araskik: 80-51 galdu zuen.

Bestelako itxura eman beharko du gaurko lehian Gasteizko taldeak, aukeraren bat izan nahi badu. Baloi galerak eta errebotea hobeto zaindu beharko ditu, eta biko nahiz hiruko saskiratzeen batez bestekoa hobetu. Horiek izan ziren, hain zuzen, aurreko lehian Gasteizko taldeak izan zituen gabezia nagusiak.

Gaur ere Margaret Roundtree faltako du Araskik. Lehen partidan nabarmen antzeman zuten hura falta zela, batez ere defentsako zein erasoko errebotean. Roundtreek orpazurda hautsi zuen Gernikaren kontrako kanporaketan, eta ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan. Gironan ez da arituko Kristina Alminaite, min hartuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.