Abiada hartuta iritsi da Osasuna Gironara, azkeneko lau partidetan hamar puntu lortuta. Baina Kataluniako taldeak kolpetik geldiarazi du Euskal Herrikoaren susperraldia. 2-0 galdu du Osasunak Montilivin, eta esku hutsik geratu da. Horren ondorioz, ez du urratsik egin, ez mailari eusteko helburuan, ezta Europarako postuetara hurbiltzekoan ere.
Osasunak ez du partida txarra egin, baina Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak garesti ordaindu ditu atzean eta aurrean egin dituen hutsak. Atzean egindakoaren ondorioz sartu du Gironak partidako lehen gola, hamahirugarren minutuan. Portu bakar-bakarrik geratu da Sergio Herreraren aurrean, eta ez du barkatu.
Baina, atzean ez ezik, aurrean ere eskas aritu da Osasuna. Ez da gai izan golen bat sartzeko; Moncayolak izan du gertuen, lehen zatian, baina ez du asmatu. Oraingoan, Budimirrek ez du golik sartu, eta agerian geratu da aurrelari kroaziarrak gola sartzen ez duenean sufritu egiten duela taldeak aurkarien atea zulatzeko.
Budimir ez, Sergio Herrera izan da Osasunako jokalaririk onena. Oso adierazgarria da. Atezainarengatik izan ez balitz, alde handiagoz galduko zuen Nafarroako taldeak. Herrerak, ordea, ezin izan du ezer egin 86. minutuan Savinhoren gola eragozteko. Gol horrek erabakita utzi du neurketa.