Elkarlanaren fruitua izan da Iñaki Azurmendik (Arriaran, Beasain, Gipuzkoa, 1972) eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991) eskuratutako azken txapela. Sherpa Airen binakako txapelketan gailendu ziren joan zen larunbatean, Zestoan (Gipuzkoa), beste hiru bikoteri aurrea hartuta.
Zer aho zapore utzi dizue garaipenak?
IÑAKI AZURMENDI:Aho zapore gozoa. Gustura nago, bikote onari esker irabazita.
JULEN ALBERDI:Ona, bai. Nik uste dut ondo irabazi genuela, lan ona egin genuelako. Hasieran, estua izan zen lehia, baina, azkenerako, nagusitasunez irabazita, aho zapore ona utzi zigun.
Nolakoa izan zen finala?
AZURMENDI:Estua. Konfiantza pixka bat bagenuen, baina azken astean katarroa izan genuen biok; larri ibili ginen. Nik uste dut Mikel Larrañaga-eta [Arkaitz Jauregi] gu haustera atera zirela, baina eutsi egin genien, eta egur handietatik aurrera, erditik aurrera, gehiago gozatu genuen.
ALBERDI:Nire ustez, bikote guztiak irten ziren gogor hasieratik. Larrañaga eta Jauregi aurretik sartu ziren lehen oinbikora, segundo batzuetako aldearekin. Baina bagenuen gure erritmoari eusteko esperantza. Horixe egin genuen: lehen oinbikoan aurrea hartu, eta segi.
Elkarrekin irabazteari balio berezia eman al diozue?
AZURMENDI:Bai. Orokorrean, aizkolari guztiekin aritzen naiz gustura, baina Julenekin harreman bereziagoa dut. Batik bat, Anjelen [Arrospide] taldean nabilelako ni ere, eta haren jarrera oso ona delako. Giro on horrek lagundu digu; nik gozatu egin dut txapelketa prestatzen.
ALBERDI:Ondo moldatu ginen. Lehendik ere aritu gara elkarrekin, eta laguntasun handia dugu. Alde horretatik, gustura aritu gara; entrenatzeko ere giro ona sortu da. Balio handia ematen diot nik ere.
Sei kana-erdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki zenituzten 30 minutu eta zazpi segundoan. Gustura egindakoarekin?
AZURMENDI:Entrenamendu batean esan nuen egur normal samarrak izanez gero ordu erdiaren inguruan izango ginela. Batzuk bihurriak ziren, eman beharrekoak, eta uste dut lan ona egin genuela, eta denbora polita dela.
ALBERDI:Kana-erdikoak oso egur onak ziren, baina 60ko eta oinbiko batzuk gogorrak ziren. Azaletik, kosta egiten zen harrotzea; eta barrutik ere, enbor bihotza sikatu samarra zuten. Barrutik aritu zirenentzat, egur exijenteak izan ziren.
Minutu bat eta 41 segundoren aldea atera zenieten Eneko Otaño eta Jesus Mari Mujika bigarren sailkatuei. Espero zenuten alde hori ateratzea?
AZURMENDI:Denbora hori atera beharraren presioarekin joanez gero, agian okerragoa izango zen. Lan ona egitea espero genuen, eta egin genuen. Esaten genuen gure lana eginez gero larri ibilikoginela txapela irabazteko, ikusten genuelako ondo eusten geniola. Alde handia ematen du,baina galtzen hastean asko galtzen da.
ALBERDI:Horrenbestekoa ez. Ikusten genuen entrenatzen ondo aritzen ginela, eta lana eginda lehia emango genuela. Baina halako tarterik ez genuen espero.
Iñaki, zer nabarmenduko zenuke Julenen inguruan?
AZURMENDI:Orain, Julen ondo dabil aizkoran. Bere lanean erasokor ari da, eta epaia ondo uzten zidan barruko lanak egiteko. Horrek asko balio du. Aizkoran egin duen lana nabarmenduko nuke.
Eta, Julen, zer nabarmenduko zenuke zuk Iñakiren inguruan?
ALBERDI:Iñakik lan handia egin zuen. Txandatik txandara ere, bere egitekoa ondo egin zuen, eta, barrutik aritu zenean, epaiei bukaera ematea haren gain geratu zen. Nik azaletik ezpal handienak harrotu bai, baina epaiei norabidea ematea eta bukatzea haren lana izan zen. Oso ondo aritu zen.
Iñakik azken aizkorakadak eman, eta altxatu zenituzten besoak, garaipenaren seinale. Zer sentitu zenuten?
AZURMENDI:Irabazterakoan, poz handia. Lehen esandakoa: barruak eskatzen zidan Julenekin irabazteko kapritxoa. Nire adinean irabaztea ez da normala, eta ilusio handia egin zidan.
ALBERDI:Poz handia. Askotan, entrenamenduetako ezkutuko lana izaten da, eta, gero, egindakoa eta gehiago ere erakutsi nahi izaten da jendaurrean. Uste dut egin genuela.
Lanak moldatu egin ziren, erakargarriago egiteko. Asmatu al zen horretan?
AZURMENDI:Nire ustez, iazkoa oso luzea izan zen: ia 40 minutukoa, eta hortik gorakoa. Apustuetan bai, beste publiko mota bat delako, baina, herrietako jaialdia izanda, uste dut ordu erdiko saioa nahikoa dela. Politagoa da.
ALBERDI:Baietz uste dut. Askotan pentsatzen dugu txapelketak exijentea izan behar duela, eta, sarri, kirola oso gertutik segitzen dutenei erakargarri egiteko bideratzen da. Beste publikoetara iristeko, agian, 40 minutuko lana ez da erakargarriena; egur batzuk kentzeko aukera horregatik da.
Iñaki Azurmendi eta Julen Alberdi, 'Txikia IV.a'. Aizkolariak
«Giro onak lagundu digu prestatzen eta gozatzen»
Azurmendik eta Alberdik irabazi dute Sherpa Airen binakako txapela. Biei «ilusioa» egin die elkarrekin gailentzeak. Finalean egindako lan ona azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu