Eskubaloia

Giro ona emaitzen ardatz

Beti Onak eskubaloi taldea laugarren postuan da Espainiako Ohorezko Mailan. «Oso pozik» daude egindako denboraldi hasierarekin, baina badakite asko geratzen zaiela borrokatzeko.

Beti Onak-eko aulkiko jokalariak gol bat ospatzen. DANIEL ASIAIN / BELFONT STUDIO
Beti Onak-eko aulkiko jokalariak gol bat ospatzen. DANIEL ASIAIN / BELFONT STUDIO
nerea intxausti
2024ko abenduaren 11
05:10
Entzun

Beti Onak Nafarroako eskubaloi taldea denboraldi hasiera «oso ona» egiten ari direla esan du pozik Olaia Luzuriagak (Iruñea, 2001). Taldeko atezaina eta kapitainetako bat da bera. Abuztu amaieran abiatu zen eskubaloiko Espainiako Ohorezko Maila. Hiru hilabete eskas igaro eta gero, Beti Onak sailkapenaren laugarren postuan da. Emaitza horiek lortzeko lan asko egiten ari direla ere nabarmendu du kapitainak, baina hasiera hau denek sinatuko luketela, amaiera ere hala izan dadin. 

Sailkapeneko goialdeko postuetan aritzeko gako bat eman du: denboraldi honetan aurrekoan egin zuten lan guztiari segida ematea. «Ez dugu taldekideak ezagutzen hasi behar izan». Gaineratu du jokalari guztiek adin antzekoa daukatela, eta horrek lagundu egiten duela egunerokoan. Bereziki nabarmendu du giro ona daukatela, horrek elkarrekin pasatzen dituzten ordu luzeak arintzen baititu, eta «lana errazten» baitu. 

Luzuriaga ziur da, gainera, giro on hori pistara eramaten dutela, eta horrek batik bat lagunduko diela momentu zailetan: «Badakigu denboraldian une txarrak helduko direla, eta, une horietan giro ona baldin badago, errazago izango da horiei aurre egitea». Hirugarren urtez ari dira Espainiako mailarik gorenean.

Olaia Luzuriaga

«Eskubaloiak berak jarriko gaitu gure tokian, baina anbizioa eta konfiantza izan behar dugu egiten dugun horretan»

OLAIA LUZURIAGABeti Onak taldeko jokalaria

Gustura daude entrenatzailearekin ere. Miguel Etxeberria dute gidari, eta atezainak adierazi du «asko eta ongi» hitz egin daitekeela berarekin. Izan ere, Luzuriaga taldeko atezaina izateaz gain, kapitainetako bat ere bada, Macarena Sansekin batera. Etxeberriarekin hitz egitea egokitu ohi zaio: «Badakigu bereizten bera entrenatzailea dela, baina gurekin oso ondo erlazionatzen da, eta oso gertukoa da».

Azken bolada onaren adierazle izan zen Porriñoren kontra jokatu zuten partida, azaroaren 16an; aldiz, «sentsazio oso-oso txarren» adibide, Ro'Casaren kontrakoa, astebete lehenago —bosgarren eta seigarren postua dute Espainiako Ohorezko Mailako sailkapenean—. Luzuriagak autokritika egin du: uste du Ro'Casaren kontrako partidan eta gaizki atera zaizkien besteetan arazoak izan zituztela erasoan eta jokaldien eraginkortasunean. 

Alabaina, esan du Porriñoren kontrako norgehiagokan ahultasun horiei aurre egin eta bi puntuak eskuratu ahal izan zituztela: «Uste dut oso saio ona izan zela alor askorengatik; dena atera zitzaigun ondo». 

Datorren astean itzuliko dira lehiara, eta Luzuriagak ziurtatu du oso garrantzitsua izan dela partiden atsedenaldi horretara «ongi» heltzea, hau da, Porriñori irabazi eta gero heltzea. 

Beti Onak-en urte luzez jarraitzeko asmoa duen galdetuta, Luzuriagak ez du argi zer erantzun, oraindik «oso goiz» delako horrelakorik ziurtatzeko, baina oraingoz «oso pozik» dago, eta konfiantza du entrenatzailearengan, klubarengan eta taldearengan: «Azken finean, denok gara honen parte, eta denok egiten dugu ekarpena». 

Hain zuzen, iruditzen zaio klubak apustu egin duela taldearen alde, eta emandako laguntza eskertu du: «Balioa ematen diogu haiek gugan konfiantza izateari eta ahaleginak egiteari ahalik eta baldintzarik onenetan lan egin dezagun». 

Helburuz helburu

Hainbat xede aipatu ditu atezainak denboraldirako. Lehenik, titulurako kanporaketak jokatu nahi dituzte, gutxinaka hobetuz ere joan, eta ligako sailkapenean ahalik eta gorena geratu: «Gero, eskubaloiak berak jarriko gaitu gure tokian, baina anbizioa eta konfiantza izan behar dugu egiten dugun horretan». Espainiako Koparen azken fasea jokatzea ere jarri dute helburutzat. 2025eko martxoan izango da; lekua ez dute oraindik zehaztu. 

Europako taldeen kontra lehiatu nahiko luketen galdetuta, amesten jarri da kapitaina: «Oxala», erantzun du. Baina burutsu jokatuko dute: «Oinak lurrean ditugu, badakigulako denboraldia oso luzea dela eta oraindik pila bat geratzen dela; oraindik ez dugu lehen itzulia amaitu ere». Iraunkorrak izango direla aurreratu du: «Gutxinaka joango gara, eta, guk lana egiten badugu eta Europako Ligara ailegatzeko maila erakusten badugu, bada, borrokatuko gara». Badaki klubarentzat eta taldekideentzat «oso pauso handia» litzatekeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.