Eritrea txirrindularitzaren mapan ari da kokatzen Biniam Girmay (Intermarche). Martxoan Gent-Wevelgem klasiko entzutetsua irabazi zuen, eta, gaur, besoak altxatu ditu Italiako Giroko 10. etapan. Itzuli handi batean gailentzen den lehen eritrearra da. Oso garaipen baliotsua da bere horretan; eta zer esanik ez nola eta nori irabazi dion aintzat hartzen bada: Mathieu van der Poeli nagusitu zaio (Alpecin), indar hutsezko esprint estu batean. Herbehereetarra zen etapa irabazteko faborito nagusia, eta, azken estutuan Girmayren parera iritsi den arren, amore eman behar izan du. Hirugarren Vincenzo Albanese izan da (Eolo), eta, euskal herritarren artean, Pello Bilbao (Bahrain) sartu da aurrena, zortzigarren postuan. Bestalde, lidergoari aparteko arazorik gabe eutsi dio Juanpe Lopezek (Trek).
Etapak erabat lauak zituen lehen ehun kilometroak, eta hiru laguneko ihesaldia sortu da han: Alessandro De Marchik (Israel), Lawrence Naesenek (Ag2r) eta Mattia Baisek (Drone Hoper) egin dute alde tropeletik. Sei minuturen aldea izan dute gehien jota, eta errenta galduz joan dira muinoetara hurbildu ahala. Gorabeheratsua zen etaparen bigarren zatia, eta Intermarchek eta Alpecinek ez diote inongo aukerarik eman lasterketa buruko hirukoteari. De Marchik iraun du gehien: helmugarako hogei kilometroren faltan harrapatu dute. Aurrez, eroriko arina izan du Richard Carapazek (Ineos). Hain zuzen, Ineos taldea arduratu da azken koskan erritmoa bizitzeaz, eta maldan behera piztu da eraso festa, azken hamar kilometroetan.
Grmayk gaizki hartu du bihurgune bat, eta jokoz kanpo gelditzear izan da. Haatik, sua itzaltzen lagundu diote taldekideek. Ezerezean utzi dute lau ziklistak egindako ahalegina. Horietako bat zen Van der Poel, eta beste saiakera bat egin du hortik gutxira, bakarka. Alferrik izan da, ordea. Aukera bakarra gelditzen zitzaion, esprinta, eta azkarragoa izan da Grmay. Bigarren izan zen estreinako etapan; garaipen historikoa lortu du gaur.