FRANTZIAKO TOURRA

Girmay garaile eta Roglic jokoz kanpo

Esloveniarra erori egin da hamabi kilometro falta zirenean, eta bi minutu baino gehiago galdu ditu. Bilbaok, berriz, lasterketa utzi du, gaixo. Girmayk Tourreko azkarrena dela berretsi du, hirugarrenez nagusituta. Van Aert eta Ackermann izan ditu atzetik.

Biniam Girmay (Intermarche) esprinta jokatzen, maillot berdea soinean, Frantziako Tourreko hamabigarren etapan. KIM LUDBROOK / EFE
Biniam Girmay (Intermarche) esprinta jokatzen, maillot berdea soinean, Frantziako Tourreko hamabigarren etapan. KIM LUDBROOK / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 11
18:51
Entzun

Ohiko bi irudi ikusi dira Tourreko hamabigarren etapan: Biniam Girmay (Intermarche) irriz, azkarrenen arteko lehia irabazita; eta Primoz Roglic (Bora) lurrean, erori eta kolpe txarra hartu ostean. Eritrearra inoiz baino indartsuago dago, eta ohitura bihurtu du Tourreko esprintetan gailentzea; hiru irabazi ditu jada. Ohitura zaharragoa eta txarragoa du Roglicek: maiz joaten da lurrera, eta gaur ere erori egin da, Villeneuve-sur-Loteko helmugara bidean. Hamabi kilometro eskas falta zirenean izan du ezbeharra. Minduta gelditu da, eta bi minutu baino gehiago galdu ditu. Tadej Pogacar (UAE) ere atzeratuta egon da eroriko jendetsu baten ondoren, etapa hasi eta gutxira. Liderrak, ordea, ez du kalterik izan, eta arazorik gabe eutsi dio maillot horiari.

Roglicek kolpe mingarria hartu du, bai fisikoki bai mentalki. Tourra irabazteko inolako aukerarik gabe gelditu da, eta podiumean sartzea ere asko zaildu zaio. Bi postu egin ditu atzera, eta seigarren dago orain, 4.42ra. Haren aldean, Girmayk oso bukaera samurra izan du. Nahieran jardun du esprintean. Ekimena Arkea taldeko txirrindulariek hartu dute, eta eritrearra bukaeran agertu da. Eta nola agertu: suziri baten pare aurreratu ditu aurkari guztiak, eta beste garaipen bat lortu du berdez jantzita. Wout van Aert (Visma) izan da bigarren, eta Pascal Ackermann (Israel) hirugarren. Izatez Arnaud Demarek (Arkea) bukatu du hirugarren postuan, baina Van Aert hesien kontra itxi du esprinta abiatzean, eta deskalifikatu egin dute.  

Etaparen hastapenari dagokionez, gaur laugarrenez ihes egin du Tour honetako txirrindularirik borrokalarienak, Jonas Abrahamsenek (Uno-X). Anthony Turgis (Total Energies) ere aurrean sartu da; bart gauean 11 bizikleta lapurtu dizkiote haren taldeari, baina txirrindulariak lehiatzeko moduan izan dira halere. Haiekin batera, Valentin Madouasek eta Quentin Pacherrek (Groupama) osatu dute ihesaldia. Lau lagun gutxiegi ziren tropelari aurre egiteko, eta hiru minuturen aldea atera diote gehienez. Alpecinek esprinta ziurtatu nahi zuen, eta zintzo egin du lan. Tarteka Movistarrek lagundu dio.

Iheslariak minutu bakarraren aldearekin sartu dira azken 70 kilometroetan, eta Turgisek amore eman du. Tropelaren zain gelditu da. Lehenago, Pello Bilbaok (Baharain) etsi du. Erabaki drastikoa hartu du gernikarrak: tropelari jarraitu ezinik zebilen bigarren egunez jarraian, gaixorik, eta bizikletatik jaitsi da. Hamasei itzuli handi jokatu ditu orain arte, eta Tour hau da bukatuko ez duen bakarra.

Helmugarako 40 kilometro falta zirela harrapatu du tropelak lasterketa buruan zirauen hirukotea. Denak esprintaren zain gelditu dira. Halere, eroriko jendetsua izan da lehenago. Roglic taldekidez inguratuta gelditu da, jazarpenari ekiteko, baina kolpeak mailaturik utzi du esloveniarra. Esprintean, berriz, Girmayk indarrez eman ditu pedalkadak, mailuz bezala. Irabazteko aukera du bihar ere.

Kopecky, lidergotik gertuago

Esprinta jokatu da Italiako Giroko bosgarren etapan, eta Lotte Kopecky (SD Worx) izan da azkarrena, Chiara Consonniren (UAE) eta Arlenis Sierraren (Movistar) aurretik. Kopecky bigarren dago sailkapen nagusian, eta, gainsariei esker, hamar segundo kendu dizkio Elisa Longo Borghiniri (Lidl), maglia arrosaren jabeari. Hala, hiru segundo eskasen aldearekin iritsiko dira biharko etapara. San Benedetto del Tronto eta Chieti artean jokatuko da, eta 159 kilometroko ibilbide gorabeheratsua izango du. Hirugarren mailako mendate batean egongo da helmuga. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) sailkapenean posturen bat aurreratzen saiatuko da: 21. dago oraingoz, lehen postutik 3.57ra.  

Tourra, 13. etapa
Tourra, 13. etapa

SAILKAPENAK

HAMABIGARREN ETAPA

 

1. Biniam Girmay (Intermar.) 4.17.15

2. Wout van Aert (Visma) d.b.

3. Arnaud Demare (Arkea) d.b.

4. Pascal Ackermann (Israel) d.b.

5. Mark Cavendish (Astana) d.b.

6. Jasper Philipsen (Alpecin) d.b.

7. Arnaud de Lie (Lotto) d.b.

8. Alexander Kristoff (Uno-X) d.b.

9. Phil Bauhaus (Bahrain) d.b.

40. Mikel Landa (Soudal) d.b.

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 49.17.49

2. Remco Evenepoel (Soudal) 1.06ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.14ra

4. Joao Almeida (UAE) 4.20ra

5. Carlos Rodriguez (Ineos) 4.40ra

6. Primoz Roglic (Bora) 4.42ra

7. Mikel Landa (Soudal) 5.38ra

8. Adam Yates (UAE) 6.59ra

9. Juan Ayuso (UAE) 7.09ra

10. Giulio Ciccone (Lidl) 7.36ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.