Girmay, esprinten nagusi berria

Eritrearrak bigarren aldiz jaso ditu besoak, Tourreko zortzigarren etapa irabazita. Philipsen eta De Lie izan ditu atzetik. Aranburu itxita gelditu da esprintean, eta bederatzigarren sailkatu da. Abrahamsenek ahalegin luze eta bakartia egin du ihesean.

Biniam Girmay, etapa irabazi ostean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Biniam Girmay, etapa irabazi ostean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 6a
19:28
Entzun

Paretsu zebiltzan Tourreko ziklistarik azkarrenak: hiru garaile izan ziren lehen hiru etapetan. Bada, berdinketa apurtu du gaur Biniam Girmayk (Intermarche), lasterketako zortzigarren etapan. Eritrearrak ezusteko garaipena lortu zuen astelehenean, Turinen (Italia); gaur, ordea, faborito gisa irabazi du. Goranzko joera zuen etaparen amaierak; hots, oso egokia zen Tourreko txirrindularirik erregularrenarentzat. Soinean darama maillot berdea, eta halako esprintak egiten jarraituz gero, ez du erantzi beharrik izango Nizara (Frantzia) iritsi bitarte.

Iaz Jasper Philipsen (Alpecin) jantzi zen berdez Parisko podiumean. Besteak beste, lau etapa irabazita lortu zuen puntuen maillota. Alabaina, gailendu ezinik dabil aurten. Bigarren izan zen asteazkenean, baita gaur ere. Ostegunean, berriz, kendu egin zioten lortutako bigarren postua, esprint arriskutsua egin zuelako. Preseski, Girmayk hartu zuen haren tokia. Gaur, berriz, errepidean aurreratu du. Hasieran Philipsen nagusituko zela zirudien, baina eritrearrak azken estutu bat gorde du bukaerarako. Haien artean itxita gelditu da Arnaud De Lie (Lotto), etapako hirugarren sailkatua. Amaiera aproposa zen Alex Aranbururentzat (Movistar), baina hark ere ez du zirrikiturik topatu, eta bederatzigarren amaitu du.

Jonas Abrahamsenek (Uno-X), berriz, bidea guztiz garbi izan du etapan zehar. Izan ere, bakarrik osatu du ia ibilbide osoa. Malda labur ugari zegoen, eta ihesaldiak estu har zezakeen tropela. Abrahamsen izan da ausartu den bakarra. Hasieran, Neilson Powless eta Stefan Bissegger batu zaizkio, biak ere Education Firsteko ziklistak. Hori ez zuen aski talde estatubatuarrak, eta Alberto Bettiol eta Ben Healy mugiarazi ditu eguneko lehen igoeran. Haatik, ez dira urrutira iritsi. Aurreko hirurak, berriz, bidea ari ziren egiten, baina erabaki arraroa hartu du Education Firstek: hanka altxatzeko agindu die Powlessi eta Bisseggerri.

Horiek hala, Abrahamsen bakarrik gelditu da lasterketa buruan. 150 kilometro luze gelditzen ziren helmugara iristeko, baina abenturazale kementsu eta nekaezina da norvegiarra. Bere kabuz urratu du bidea eta handitu du aldea, 100 kilometroren faltan sei minutu izateraino. Indarrez eragin die pedalei, eta bikain eutsi dio erritmoari, muinoa joan eta muinoa etorri. Azkenean, helmugatik hamabost kilometrora harrapatu du tropelak. Ez da inor mugitu multzo nagusian; esprintaren zain gelditu dira denak. Brian Coquardek (Cofidis) abiatu du. Haren gurpiletik aterata nagusitu da Girmay. Taldeak ondo lagundu dio azken kilometroan, eta bikaina errematatu du Girmayk. Esprinten nagusi berria da.

Remco Evenepoelek (Soudal) azkarrenekin lehiatzea erabaki du gaur, eta hamargarren bukatu du. Amaiera maldatsua izanik, Tadej Pogacar ere (UAE) sar zitekeen esprintean. Tourreko liderra nahiko aurrean agertu da azken kilometroetan, baina indarrak gordetzea hobetsi du gero. Izan ere, oso etapa garrantzitsua jokatuko da bihar. Troyesen egongo dira irteera eta helmuga, eta tartean hamalau lurbide igaroko dituzte; guztira 32 kilometro asfaltorik gabeko errepideetan. Hautagaiek oso erne ibili beharko dute, galera handiak eduki ditzaketelako sailkapen nagusiari begira. Kokapen ona eta zortea beharko dituzte.

Tourra, 9. etapa
 

ETAPAKO SAILKAPENA:

1. Biniam Girmay (Intermar.) 4.04.50

2. Jasper Philipsen (Alpecin) d.b.

3. Arnaud de Lie (Lotto) d.b.

4. Pascal Ackermann (Israel) d.b.

5. Marijn Van den Berg (EF) d.b.

6. Ryan Gibbson (Lidl-Trek) d.b.

7. Anthony Turgis (Total) d.b.

8. Fred Wright (Bahrain) d.b.

9. Alex Aranburu (Movistar) d.b.

30. Mikel Landa (Soudal) d.b.

57. Pello Bilbao (Bahrain) d.b.

 

SAILKAPEN OROKORRA

1. Tadej Pogacar (UAE) 31.21.13

2. Remco Evenepoel (Soudal) 33ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.15era

4. Primoz Roglic (Bora) 1.36ra

5. Juan Ayuso (UAE) 2.16ra

6. Joao Almeida (UAE) 2.17ra

7. Carlos Rodriguez (Ineos) 2.31ra

8. Mikel Landa (Soudal) 3.35era

9. Matteo Jorgenson (Visma) 4.03ra

16. Pello Bilbao (Bahrein) 5.58ra

62. Alex Aranburu (Movistar) 45.02ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.