TXIRRINDULARITZA

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak dimisioa aurkeztu du

Lasterketak antolatzeko orduan Gipuzkoako trafiko arduradunek etengabe trabak jartzen dizkietelako hartu dute erabaki hori.

Oinarrizko mailetako lasterketak antolatzeko orduan, traba ugari izaten dituzte. Irudian, gazte mailako Gipuzkoako Klasikoaren podiuma. GTXE
Oinarrizko mailetako lasterketak antolatzeko orduan, traba ugari izaten dituzte. Irudian, gazte mailako Gipuzkoako Klasikoaren podiuma. GTXE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 23a
17:14
Entzun

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman du. Ostiralean ezohiko batzarra egin zuten, eta jakinarazi zuzendaritza osoak kargua utziko zuela. Santi Osoro buru zuen taldeak esan du nahikoa dela, ezin dutela aurrera jarraitu Gipuzkoako trafiko arduradunek jartzen dizkieten oztopoekin.

Traba horien guztien adibide gisa, aurtengo Gipuzkoako Klasikoa aipatu du Osorok —orain jarduneko presidentea da—. Federazioak berak antolatzen du lasterketa hori, zeinetan gazte mailako nazioarteko txirrindulari onenek parte hartzen baitute. Bada, lasterketa egin aurreko goizean oraindik ez zekiten modua izango ote zuten proba egiteko.

«2023ko ibilbide bera zen. Iaz, arazorik gabe onartu zuten, eta aurten, aldiz, esan ziguten ezingo genuela N-1 errepidea igaro». Azkenean, behin pasatzen utzi zieten. «Baziren Europatik eta Estatu Batuetatik etorritako taldeak, eta, ia bezperara arte, ez ziguten baimenik eman». Baina arazoak ez ziren hor amaitu. Bezperan, prentsan irakurrita jakin zuten igaroko zuten errepidean obrak egitekoak zirela eta, beraz, itxi egingo zutela. «Ertzaintzak normalean jakinarazi egiten du obrak badaude, baina orduan ez zuten egin». Lasterketa hasi baino ordu batzuk lehenago, Osorok berak hitz egin behar izan zuen obretako arduradunekin. «Ondo portatu ziren, eta guztia kendu zuten lasterketa igaro aurretik».

«Lasterketak egin baino hainbat hilabete lehenago hasten dira antolaketa lanak. Ezin da jendea bezperara arte zain eduki, lasterketa egingo den jakin gabe. Horrela ezin da ibili»

SANTI OSOROGipuzkoako federazioko jarduneko presidentea

«Tentsio hori» behin eta berriz bizi izan dute federazioko arduradunek eta lasterketen antolatzaileek: «Urte osoan horrelako asko egin dizkigute». Azkena, abuztuko bi lasterketarekin. Iaz ere gauza bera gertatu zitzaien. Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak ez zituen onartu Aretxabaletan eta Elgoibarren egitekoak ziren amateurren lasterketak, aste barruan egin asmo baitzituzten. Azkenean, federazioak planto egin zuen, eta, erabaki politikoengatik, trafiko arduradunek onartu egin behar izan zituzten lasterketak.

Aurten, denboraldi hasieran, egutegia onartu zieten, baita lasterketa horiek ere. Bada, behin udan sartuta, arazo berarekin topo egin dute. Osoro Jaurlaritzako arduradunekin harremanetan jarri zen,  eta denboraldi hasierako bileran hitzartutakoa gogorarazi. Egingo dira bi lasterketak, baina federazioak esan du nahikoa dela, horrela ezin dutela jarraitu: «Beti estu bezperara arte. Lasterketak egin baino hainbat hilabete lehenago hasten dira antolaketa lanak. Ezin da jendea bezperara arte zain eduki, lasterketa egingo den jakin gabe. Horrela ezin da ibili».

«Mila zailtasun»

Arazoak ez dira berriak. Iaz denboraldi hasiera atzeratu egin zuten lasterketetako segurtasuna bermatzen duten lotura motorren egoera zela eta. Azkenean, behin-behineko konponbide bat hitzartu zuten Gipuzkoako Aldundiarekin. Halere, bestelako arazoek hor zirauten: «N-1 errepidea ezin dugu erabili, lasterketako biraketek hiru kilometro luze izan behar dute, txirrindulariak pelotoia baino atzerago geratu bezain laster uzten dituzte lasterketatik kanpo... Mila zailtasun jartzen dizkigute».

Horiek hala, Osorok agerraldi bat egin zuen iaz Eusko Legebiltzarrean, eta mahai bat osatzeko eskatu. Asmoa zuten txirrindularitza lasterketen inguruan mugitzen diren taldeak batzeko mahai horretan: «Antolatzaileak, erakundeak, politikariak, federazioak, lotura motorrak, anbulantziak...». Alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten, baina, mahaia batu den guztietan, egoera berarekin topo egin dute: «Elkartu garenetan, federazioetako presidenteak, kirol arloko arduradunak eta trafiko saileko arduradunak baino ez gara batu. Gainera, gure arazoak mahai gainean jartzeko eta eztabaidatzeko baino gehiago, zer ezin dugun egin esateko izan dira bilerak».

«Gure arazoak mahai gainean jartzeko eta eztabaidatzeko baino gehiago, zer ezin dugun egin esateko izan dira bilerak»

SANTI OSOROGipuzkoako federazioko jarduneko presidentea

Iaz beste zenbait arazo ere izan zituzten, udako lasterketak esaterako. 2024 hasieran, ordea, egutegia zehazteko bileran, trafiko arduradunek ez zuten inongo arazorik jarri, eta federazioko zuzendaritzakoak pozik atera ziren handik: «Jarrera hori zutela eta aurrerapauso bat eman zutela ikusita, guk ere pausoa eman genuen, eta denboraldiari ekitea erabaki, nahiz eta gai asko gelditzen ziren lantzeko».

Hauteskundeak irailean

Denboraldia hasi orduko, baina, arazoak itzuli ziren. Lehenik zikloturismo probei jarri zizkieten zailtasunak: «Esaten ziguten ezin zela hamabost minutu baino gehiagoren aldea izan lehenengoaren eta azkenaren artean, besteak probatik kanpo geratuko zirela. Neurri horiekin ezinezkoa zen zikloturismo martxak antolatzea». Horietako bat zen Donostiako Mussara zikloturismo proba. Enpresa horrek martxak antolatzen ditu Herrialde Katalanetan eta Espainian ere, eta enpresako zuzendariak Osorori adierazi zion soilik Gipuzkoan zituela horrelako arazoak. «Bitartean, Eusko Jaurlaritza zikloturismoa bultzatu nahian ari da».

Egoerak ez du hobera egin, etengabeko zailtasunak izan dituzte oinarriko mailetako probak antolatzeko orduan. Horregatik erabaki dute Osorok eta haren ingurukoek kargua uztea. Irailera arte jardunean arituko da Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritza, eta ezohiko hauteskundeetara deituko dute. Gainera, federazio guztiek ohiko hauteskundeak egin behar dituzte aurten. Beraz, ezohikoetan zuzendaritzara iristen den taldeak ohiko bozetara deitu beharko ditu jarraian. Halere, Osoro ez dago ziur iraileko hauteskundeetara inor aurkeztuko ote den. «Ez dakigu zer gertatuko den ez bada inor aurkezten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.