Gipuzkoako saskibaloia, ilusio bila

Porfi Fisac izango da GBCren entrenatzailea datorren sasoian. Proiektuari behar duen bultzada emateko jokatuko du Urrezko LEBen

Porfi Fisac GBCko entrenatzailea eta Nekane Arzallus presidentea, atzo, aurkezpen ekitaldiaren ondoren. BERRIA.
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Jaitsiera eta igoeren kontuan, ACB liga aspaldian zirku bilakatua da. Azkenekoz, talde bat orain hiru denboraldi igo zen ACBra—Morabanc Andorra, hain zuzen ere—, baina sasoihonetan ez da igoerarik egongo, eta hamazazpi taldek osatuko dute liga. Egoera hori dela-eta salbatu izan da Gipuzkoa Basket azkenaldian —azken lau denboraldietatik hirutan jaitsiera postuetan amaitu du—. Datorren sasoian ere ACBn jarraitzeko gonbidapena jaso du GBCk, baina, eurek hala erabakita, Urrezko LEB mailan jokatuko dute. Atzerapauso bat taldeak behar duen bultzada izango delakoan, proiektu berria prestatzen ari da Gipuzkoako taldea, Porfi Fisac entrenatzailetik hasita.

ACB ligan arazoak daude, eta Urrezko LEB mailan, berriz, are gehiago: ez dago egutegirik, eta ez da zehaztu hamazazpi edo hemezortzi talde arituko diren. Hori alde batera utzita dabiltza lanean Gipuzkoako taldean, berandu, bide batez, eta Fisacek garbi utzi zuen atzo, bere aurkezpenean, bere kirol ibilbideko «erronkarik gogorrena» dela. Nekane Arzallus GBCren presidenteak azaldu zuen datorren sasoiko aurrekontua 800.000 euro izango dela gutxi gorabehera, oraindik gauza batzuk zehazteko baitaude. Aukera bakarra Fisac zela ere argi utzi du Arzallusek: «Guretzat entrenatzaile egokiena da, taldea, hiria eta liga bikain ezagutzen baititu». Fisac bitan igo da Urrezko LEB mailatik ACBra: lehen aldiz, 2005-2006ko sasoian, GBCrekin berarekin, eta bigarren aldiz, 2008-2009koan, Valladolidekin. Egun, Senegalen hautatzailea ere bada.

Bestalde, taldeko organigraman egon den berregituraketa azaldu zuen presidenteak. Fisac izango da kirol arloan arduradun bakarra, eta Javier Oyon Bully izango da haren laguntzaile. Lolo Encinas eta Jon Txakartegi ari ziren orain arte laguntzaile lanetan, baina taldea utzi behar izan dute bederatzi eta zortzi urteren ondoren, hurrenez hurren. Arzallusek esan zuen, era berean, abonatu kanpaina hastear dela, lehiaketako egutegia zehazten denean.

Taldea eraberritzen

GBCk oraindik ofizialki fitxaketarik egin ez duen arren, hainbat izen atera dira mahai gainera, eta Fisacek ere haiei buruz hitz egin zuen. Iragan sasoitik jokalari gutxik jarraituko dute Gipuzkoako taldean, Danny Agbelesek, Marcus Landryk, Zoran Vrkicek, Txemi Urtasunek, Jordi Grimauk eta Andre Lawrencek alde egin baitute, besteak beste. Urko Otegik ere ez du jarraituko, eta Fisac triste azaldu zen: «Otegi oso pieza garrantzitsua zen guretzat, baina ihes egin digu».

Andres Rico joko antolatzaileak, ordea, jarraituko du: «Harengan sinesten dut. Etorkizunari begira, gure jokalari onenetariko bat da». Datorren sasoiko taldeak zein itxura izatea nahi duen ere zehaztu zuen entrenatzaileak: «Bizpahiru gazte ekarri nahi ditugu, utzita edo fitxatuta, eta, horiez gain, nagusien mailako bi edo hiru gipuzkoar gazte ere bai». Senegalgo hautatzaile izanik, bertako saskibaloia ezagutzen du Fisacek, eta jokalariren bat ekartzeko aukera dagoela esan zuen. «Horiek izango dira taldearen oinarriak». Oinarri horietatik aurrera, Gipuzkoako jokalari gehiago lortzeko intentzioa azaldu zuen, baita liga ezagutzen duten bi hegaleko fitxatzeko nahia ere. Fitxaketen harira, Ricardo Uriz Nafarroako joko antolatzailearen izena azaldu da. Jokalaria «lehentasunezkoa» dela esan zuen, baina, oraindik ezer itxita ez dagoenez, ez zuen besterik azaldu.

«Proiektuak ilusioz betetzen nau, eta nire erronka GBC beste hamabost urtez osasuntsu mantentzea da». Entrenatzaileak ez zuen igoeraz hitz egin nahi izan: «Helburua igotzea izatea utopikoa litzateke, baina ez jaistea helburutzat jartzea irrealista litzatekeen gisara». Fisacen helburu nagusiak, ordea, ez du sailkapenarekin zerikusirik: «Emaitza txarrek sortutako konfiantza faltari buelta eman behar zaio. Jendea Gascara gozatzera etorri behar da. Saskibaloia maite dutenen garaia da, ez Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka soilik datozenen ordua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.