Elkarrizketak. Ioseba Amunarriz Hondarribia klubeko patroia eta Nerea Perez San Juango patroia

Gipuzkoako nagusitasuna, jokoan

Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko dute gaur, Zumaian (18:30). Gizonezkoetan, hamar talde ariko dira lehian, eta Hondarribia da faborito argia. Emakumezkoetan, berriz, zazpi talde ariko dira, eta San Juan, Hibaika eta Orio dira irabazteko faboritoak.

Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 6a
00:00
Entzun

«Polita da aurrena izatea Gipuzkoako taldeen artean»

Ioseba Amunarriz Hondarribia klubeko patroia

Hondarribiak zortzi aldiz irabazi du Gipuzkoako Traineru Txapelketa, eta horietako zazpi XXI. mendean izan dira. Bederatzigarrena irabaztera aterako dira gaur Zumaian, Ioseba Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) patroi dutela. Konfiantzarekin dago lemazaina.

Igandean, San Miguel ligako estropadan laugarren izanda, zein ondorio atera dituzue?

Taldea ondo dago, eta ondorioa da besteak ere asko dabiltzala. Urdaibai eta Kaiku oso indartsu daude; bagenekien aurrea hartuko zigutela egunen batean, eta hala izan zen. Guk gurearekin jarraitzen dugu, dagoeneko hogei arraunlariek egin dute arraunean, eta estropada guztietan gabiltza bandera irabazteko lehian.

Gipuzkoako Txapelketa gaur. Jakina da Hondarribiarentzat oso estropada garrantzitsua izaten dela.

Hala da, bai. Azkenean, titulu bat dago jokoan, eta klubarentzat polita da txapelketa hau irabaztea, herriarentzat eta arraunlariontzat.

Askotan irabazi duzu zuk herrialdeko txapelketa, 2010etik lautan bai, behintzat.

Polita da aurrena izatea Gipuzkoako taldeen artean.

Inoiz baino lehenago da aurten. Zer iritzi duzu horri buruz?

Berdin dio estropada noiz jokatu. Azkenean, talde guztien nahia izango da egun horretan ahalik eta azkarrena ibiltzea, eta gurea ere bai, noski. Hori beti izaten da horrela, eta ez dauka eraginik estropada hau orain edo geroago jokatzeak.

Arraunlariak aldatzen jarraituko duzue?

Ez dakigu zein talde aterako duen Mikelek [Mikel Orbañanos, entrenatzailea], baina ateratzen duena ateratzen duela ere gure asmoa izango da estropada eta txapelketa irabaztea.

Patroiarentzat gauza handia izango da, bada, edozein arraunlari sartuta ere ontzia azkar dabilela ikustea, ezta?

Dudarik gabe. Urte osoan ari gara hogei arraunlarirekin taldean, eta badakigu ondo gabiltzala.

Zumaian da txapelketa. Berdin zaizu?

Bai. Eremu polita da, eta, gainera, itsasoan izanda, pozik.

Albotik jotzen du olatuak, eta metrokoak daude iragarrita.

Ondo datorkigu hori, eta Oriori eta San Juani ere bai. Ondoen moldatzen denak irabaziko du.

Ezuste galanta litzateke hiru horietako batek ez irabaztea?

Bai. Orio, San Juan eta Hondarribia besteak baino azkarrago gabiltzalako. Ez ditut besteak gutxietsi nahi, ezta gutxiago ere, baina horixe da gaur egungo errealitatea.

TXANDAK

Lehen txanda. Hibaika, Oiartzun eta Zarautz.

Bigarren txanda. Getaria, Donostiarra eta Zumaia.

Hirugarren txanda. San Pedro, Orio, San Juan eta Hondarribia.

 

 

«Txapelketa hau ez dago, berez, gure helburu handien artean»

Nerea PerezSan Juango patroia

Orain bi urte irabazi zuen San Juanek bere bigarren Gipuzkoako Txapelketa, eta, berez, hirugarrena irabazteko hautagai handienetako bat da gaur, Zumaian. Baina Nerea Perez (Tolosa, Gipuzkoa, 1997) patroiak dioenaren arabera, ezingo du talde onena atera, laneko arazoak tarteko.

Bandera irabazi berri duzue. Joan den larunbateko garaipenak emango zizuen konfiantza hori, ezta?

Irabazi ondoren, handitu egiten da konfiantza, eta motibazio pixka bat ere ematen du.

Ondo zeundeten, eta orain, hobeto Bilbon irabazita?

Beste taldeen aldean, gure prestakuntza atzeratuago doa, Euskotren ligarako sailkatuta gaudelako iaz irabazteagatik. Beste taldeek, berriz, datorren asteburuan daukate sailkatze estropada, eta horretara dute bideratua prestakuntza. Gu lasaiago goaz, eta ez genuen espero bandera hain azkar irabaztea.

Beste motibazio bat ere baduzue: irabazten baduzue, Zumaia harrapatuko duzue hiruna garaipenekin.

Bada motibazioa, baina ez goaz talde onenarekin. Aste barruan izanda, arraunlari batzuk ezingo dira lehiatu, lanean ibiliko direlako. Hala ere, saiatuko gara.

San Juan ez da indartsua izango gaur?

Ahalik eta indartsuena izaten saiatuko gara, baina arazo horiek ere baditugu. Beste taldeetan ere antzera ibiliko direla uste dut.

Talde gisa erronka handia, hortaz, gaurkoa?

Bai. Ikusiko dugu arraunlari batzuk gabe nola moldatzen garen. Itsasoko estropada ere bada, eta ondoriok atera beharko ditugu.

Itsasoa aipatu duzu. Alboko olatuarekin egin beharko duzue arraun, eta metroko olatuak daude iragarrita.

Ez zait batere gustatzen alboko olatuekin ibiltzea, baina horixe dago, eta horretara moldatu beharko dugu.

Lan arazoak izan ez bazenituzte, denboraldiko helburu handienetako bat izango zen Gipuzkoako Txapelketa?

Ez. Txapelketa hau ez dago, berez, gure helburu handien artean. Euskotren liga irabazi nahi dugu, Euskadiko Txapelketa ere bai, eta, jakina, Kontxa.

Zuk esandakoaren arabera, hortaz, Hibaika eta Orio dira faborito bakarrak gaurko?

Baiezkoan nago. Ea Orio nola moldatzen den itsasoan. Traineru berriarekin ikusi egin beharko da, baina ondo dabil, eta oso kontuan hartzeko taldea da.

Zer moduzkoa da denboraldiaren orain arteko balantzea?

Gustura ari gara, eta, Euskotren liga asteburuan hasten denez, hor gabiltza puntu hori hartu nahian. Azkeneko entrenamenduetan bizitasuna sartu dugu aste bukaerara begira, eta sasoi onean helduko gara.

Aurten, Inder Paredes ere ari da patroitzan zurekin batera. Iaz bakarrik jardun zenuen. Zer moduz lanak banatuta?

Hor gabiltza, moldatzeko lanean. Gero ikusiko da Etxabek [entrenatzailea] zeinen aldeko aukera egiten duen estropada garrantzitsuetan.

TXANDAK

Lehen txanda. Hondarribia, Hernani eta Arraun Lagunak.

Bigarren txanda. Getaria-Zarautz, Orio, Hibaika eta San Juan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.