Itxaso Azkonobieta, Ane Arbillaga eta Amaia Etxabeguren. Orio, San Juan eta Hibaika taldeetako arraunlariak

«Gipuzkoako Liga sekulako lana ari da egiten emakumezkoen kirolaren alde»

Joan da negua, eta heldu dira traineru estropadak. Lehiari bihar ekingo diote Azkonobietak, Arbillagak eta Etxabegurenek. Hirurek nahi dute ondo aritu. Bideoa albistearen amaieran.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Uda heltzear, baina udazken giroarekin elkartu dira Donostiako kaian Ane Arbillaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1986), Amaia Etxabeguren (Errenteria, Gipuzkoa, 1996) eta Itxaso Azkonobieta (Orio, Gipuzkoa, 1997). San Juan, Hibaika eta Orioko arraunlariak Aquariumeko auditoriumean elkartu behar izan ditu BERRIAk, euri txikiari ihes egiteko.

Lehia hastera doala eta, zer daukazue buruan?

AMAIA ETXABEGUREN: Gogo handiz gaude denboraldia hasteko, gainontzeko taldeetako arraunlariak bezala. Entrenamendu gogorrak ari gara egiten orain, eta sasoi onena ari gara bilatzen. Lan karga handiarekin ekingo diogu ligari, gure helburua baita puntu-puntuan heltzea Euskotren ligarako sailkapenera [uztailaren 8an eta 9an].

ITXASO AZKONOBIETA: Entrenamendu gogorrenak pasatu ditugu, probak eta eginda dauzkagu, eta gogo handiz gatoz aurten ere. Badakigu Hibaika eta San Juan gu baino gorago daudela, eta ea enbarazu pixka bat egiten diegun.

ANE ARBILLAGA: Iruditzen ari zaigu entrenamendu gogorrak egiteko garaia ez dela inoiz bukatzen, oso gogor ari garelako entrenatzen, eta atsedenerako tarte txikiarekin. Sekulako gogoa daukagu non gauden ikusteko.

Erdi ezkutuka ari zaretela ematen du, elkarri begira, bakoitzaren benetako asmoak zein diren azaldu ordez.

A.E.: Zertara aterako garen uretan erakutsiko dugu, eta urak jarriko gaitu nor bere lekuan.

I.A.: Entrenatzaileak [Xanti Zabaleta] ez digu esaten zein diren bere asmoak, eta prestaketa nora bideratua daraman ere ez. Esandakoa egiten dugu, eta kito.

Galdetu ere ez?

I.A.: Galdetu zertarako? Alferrik izaten da galdetzea batzuetan.

A.A.: Gure kasuan garbi daukagu dena irabaztera atera nahi dugula. Iazko gauza bera egin nahi dugu, eta Gipuzkoako Liga ere irabazi, aurreko sasoian ezin izan genuen lortu eta. Hasieran ez dakigu nola moldatuko garen, taldeko hiruzpalau arraunlari aulki mugikorra egiten ari garelako.

San Juan ikusten duzue beste biok guztien gainetik?

I.A.: Hibaikak ere sekulako maila erakutsi du.

A.E.: Faboritoak dira, bai, baina estropada bakoitza jokatu egin behar da. Talde guztiak gaude maila gero eta hobean, eta urtez urte pauso handiak ari gara ematen denok. Gero eta borroka estuagoa egongo da hemen gauden hiru taldeon artean, eta besteren batzuk ere etorriko dira gorantz; begira iaz Arraun Lagunak-ek ze denboraldi egin zuen, eta Hernani ere hor dago.

I.A.: Eta ez ahaztu Caboko galiziarrak ere. Ez ditugu ikusten Euskotren ligarako sailkapen estropadak heldu arte, baina susto galantak ematen dituzte tarteka.

Gipuzkoako Ligak Euskotren ligaren azpian jarraitzen du?

A.E.: Agian bai, telebistan ez dutelako ematen estropadarik. Baina emakumezkoen arraunarentzat garrantzitsuagoa da Gipuzkoako Liga, estropadak ematen dizkigulako; Euskotren ligak, azkenean, zortzi estropada baino ez ditu izaten, eta lau talderentzat bakarrik du lekua. Telebistan agertzen zara, bai, eta gizonezkoekin batera lehiatzen zara, baina hamabi estropada uda osoan Gipuzkoako Ligak ematen dizkizu, eta traineru berriei liga horrek ematen die hasteko aukera ere. Gipuzkoako Liga oso lan beharrezkoa eta handia ari da egiten emakumezkoen kirolaren alde.

I.A.: Erabat ados nago Amaiak esandako guztiarekin.

A.A.: Ni ere bai. Nahiagoko nuke Euskotren liga urte osokoa izatea, eta ez beste liga baten beharra edukitzea talde guztiek arraun egin dezaten. Bi maila egin daitezke gizonezkoetan bezala, adibidez. Euskotren garrantzitsua izan zen hasieran, baina benetako oinarria Gipuzkoako Ligan dago, taldeak hazteko aukera hor dagoelako. Hibaika eta gu ere Gipuzkoako Ligan hasi ginen. Ez da ulergarria lau talde bakarrik izatea Euskotren ligan, egon zitezkeelako zortzi ere. Aldeak handiak izango liratekeela? Bai, baina Eusko Label ligan ere, irabazleak azkenari minutua edo gehiago ateratzen dio sarritan.

I.A.: Kontxako estropadan handitu egin da parte-hartzaile kopurua iaztik, eta zergatik ez gauza bera Euskotren ligan? Talde apalagoei ere eman behar zaie telebistan azaltzeko aukera, eta bultzada handia emango lieke horrek etorkizunera begira.

Nolakoa da emakumezkoen arraunaren egoera?

A.E.: Hibaikan, duela bederatzi urte, oso gutxi ginen. Gaur egun, aldiz, sekulako neska pila dago, eta oso osasuntsu gaude. Badator belaunaldi aldaketa gurean.

I.A.: Gu ez gara talde handia, baina badatoz arraunlari berriak ontzi txikietatik. Guk badakigu honek segida izango duela, eta poza ematen du.

A.A.: Maila txikietan arraunlari gehiago izatea falta zaigu guri, eta talde ia denei; uste dut Hibaikarena salbuespena dela. Behe-behetik hasi beharko lukete arraunlariek, eta berezkotasunez egin seniorretarako eta trainerurako bidea.

Zer dauka Hibaikak hain berezia, Amaia?

A.E.: Ez dakit. Ez gara oso klub erakargarria azpiegituretan [barrezka]. Lan asko egin da klubean emakumeekin, eta horregatik izango da.

Emakume arraunlariak gehiago azaltzen zarete hedabideetan beste kirolarien aldean?

A.A.: Hala den ez dakit, baina gizonezko arraunlarien eta haien estropadetan, alde handia dago haiei eta guri ematen zaigun tartean. Zuzeneko emanaldietan ere, denbora gehiagoz azaltzen dira gizonezkoak, txanda gehiago jokatzen dituztelako gure aldean. Aurrerapausoak eman ziren, baina orain geratuta gaude azken bost bat urteetan. Ea egunen batean Kontxan guk jokatzen dugun bigarren txanda, eta gizonezkoek aurrenekoa. Hori litzateke berdintasuna. Sariena ere hor dago. Euskotren ligako irabazleari ematen zaion diru kopurua txikiagoa da Eusko Label ligako estropada bakar batean sarientzat dagoena baino. Berdintasunetik urruti gaude.

Eskaera horiek ikusita, bada jendea hau esaten duena: «Joka ditzatela estropadak gizonezkoen distantzietan».

A.A.: Nire esku balego, oraintxe bertan erabakiko nuke guk ere gizonezkoen distantzia bera izatea estropadetan. Ontzi txikietan eta aulki mugikorrean, ez daukagu alderik, baina traineruetan erdia eginarazten digute. Bere garaian, izan zezakeen zentzua horrek, ikuskizunaren izenean, baina, orain, talde asko gaude onak. Estropada erdia egitearena erabat artifiziala da gaur egun: ez da berezko zerbait.

I.A.: Nahikoa maila daukagu traineru guztien artean gizonezkoen distantzia bera osatzeko. Trainerilletan, adibidez, traineruan baino distantzia luzeagoan aritzen gara, eta arraunlarien erdiekin.

A.E.: Ados nago Anerekin eta Itxasorekin. Agian, hasiberriak diren arraunlarientzat pauso gogorra izan daiteke, baina iritsi behar du berdintasunak distantziaren gaian ere, eta denborarekin helduko dela uste dut. Urte batzuk badira emakumezkoek denboraldi sendoak eta onak egiten ari garena.

Jendearen esanekin jarraituz, hau ere badabil: «Moldatu egin beharko litzateke materiala emakumeen ezaugarrietara».

A.A.: Futbolean material bera da emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat, eta arraunean zer hasi behar da traineruari 50 kilo kentzen? Ez da lehentasuna materiala egokitzea.

I.A.: Aldatu behar dena da emakumezkoenganako ikuspegia. Kirolari moduan ikusi behar gaituzte, eta hori da aldatu behar dena. Ez da lehengo egoera bera, eta hobera egin da, baina badago oraindik zer egin.

A.A.: Gizonezkoen entrenamenduak gureak baino luzeagoak dira, baina badu azalpena horrek: irabazi ahal izateko maila jakin bat emateko daude prestatuak gure entrenamenduak, eta estropadetan egin beharreko lanaren arabera, gainera. Gureak esprintak dira, eta gizonezkoenak, maratoiak. Ea iristen den egun bat guk ere maratoia egitekoa, eta gure entrenamenduak ere halakoxeak izango dira orduan.

I.A.: Estropadetako luzerak zehazten du prestakuntza, azkenean. Entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak horren araberako lanak jartzen dizkigute.

Zein dira bakoitzaren helburuak denboraldi honetarako?

A.E.: Egurra ematea ahalik eta gehienei. Borroka egin nahi dugu talde moduan, eta dena daukagu irabazteko. Aterako da atera behar duena. Kontxan bakarrik ez daukagu arantza, eta atera nahi dugu. Asko kostatu zaigu hain gora heltzea. Hutsetik hasiko gara beste behin, eta borroka egin nahi dugu.

I.A.: Gauden lekuan gaudela onartuta, bi talde hauei enbarazu egin nahi diegu. Lan handia egin dugu negu guztian, eta esan daiteke talde berria garela, iaztik arraunlari dezente falta zaizkigulako. Baina osatu dugu taldea, eta ez gaude kexatzeko. Sinetsi egin behar dugu ahal dugula, kosta egiten baitzaigu hori egitea.

A.A.: Bigarren urtea dut taldean, eta erronka daukagu taldeko giroari eustea dena irabazi ahal izateko. Iaz galdu genituen estropadak galtzeko motiboak ez ziren fisikoak izan. Horretan daukagu hobetu beharra, Hibaika eta Orio bezala aurkari handiak iaz baino atzerago uzteko, gainean izan genituelako iaz. Ea buruak laguntzen digun denok norabide berean joaten.

Bideoa: hiru arraunlariak (Andoni Canellada, Argazki Press)

[youtube]https://youtu.be/81eD7YKro_E[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.