Irati Iñarra. San Juaneko arraunlaria

«Gipuzkoako Liga irabazi izanak esan nahi du ondo egin ditugula lanak»

AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Nekeak jota, eta bandera ez irabazi izanaren zapore gaziarekin bukatu zuen atzoko estropada Irati Iñarrak (Errenteria, Gipuzkoa, 1993), nahiz eta Gipuzkoako Liga atzo bertan irabazi.

Zer esan nahi du estropada puntuagarri baten faltan liga irabazi izanak?

Lanak ondo egin ditugula aurretik. Oso erregularrak izan gara, maila onean arituta.

Pena bakarra, ligako estropada guztiak irabazi ez izana?

Garrantzitsua zen guretzat denak irabaztea, baina erregulartasunak balio du, eta horregatik gara txapeldun. Orain, aurrera begiratu behar dugu, datozen estropada handietara bideratu lana. Horretan hasita gaude, gogor lanean.

Irabaztea ez da ematen duen bezain erraza, ezta?

Hori da, eta ezin dugu arreta galdu, guk huts txikiren bat eginez gero muturra sartzeko prest baitaude aurkariak.

Aurkari horiek gainean izateak ona izan behar du, ezinbestean, zuentzat, hobetze aldera.

Eskatu egiten digu estutzeko.

Euskotren liga bukatu egingo da asteburuko bi estropadekin, eta lau puntu ateratzen dizkiozue Hibaikari. Bideratua duzue?

Bai, baina edozer gerta daiteke, eta lanak ondo egin behar ditugu. Gainera, itsasoan izanik, aldeak handiak izan daitezke. Zarauzko estropadak dira, eta Kontxaren atzetik garrantzitsuena da.

Itsasoan oso estropada gutxi izan dituzue. Zer iritzi duzu?

Ibaian eta erlojuaren aurka izan dira gehienak. Gaurkoa [atzokoa], esaterako, lardaskeria izan da, oso baldintza txarretan jarri gaituztelako arraunean. Esan ziguten hemen ez genuela estropada gehiago jokatuko, aurretik bi segidan izan eta gero, baina berriz hemen sartu gaituzte. Badago zer hobetu etorkizunera begira.

Kontxa badator, eta orain hasten da arraunlaria urduritzen? 


Urte osoa bideratzen dugu horretara, baina orain hasten da burua dantzan. Erabat kontzentratua egon behar da. Badugu esperientzia, baina beti dago zer ikasi.

Emaitzek diote indartsuenak zaretela. Aparteko presioa duzue?

Kontxa ez bada irabazten, ematen du sasoia ez litzatekeela ona izango, dena hor neurtzen delako. Ez bagenu irabaziko, jaiki eta aurrera segitu beharko genuke.


 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.