Futbola

Gipuzkoako Futbol Federazioak Euskararen Plan Estrategikoa egin du aurreneko aldiz

Lau urterako da, eta etorkizunerako bisioa, lau erronka nagusi eta estrategiak definitu ditu EMUN aholkularitzarekin batera. Euskarari «hauspoa eman» nahi diote, «eragile» ere badiren aldetik. Aurtengo Ekintza Plana abian da.

jarraia214181.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 2a
15:04
Entzun

Kirolak sekulako indarra dauka Euskal Herrian. Indar horren atzetik herritar asko ari dira lanean, hainbat esparrutan. Futbola da nagusi, eta haren bueltan, gizartearen zati bat mugitzen da. Horregatik, Gipuzkoako Futbol Federazioa (GFF), eragilea den aldetik, garbi ikusi zuen euskararen gaian asko eragin dezakeela. Zuzendaritza berria dauka erakunde horrek 2020tik, eta haren programan aparteko lekua zeukan euskararen gaiak. Orain, hari horri tiraka, aitzindari den zerbait aurkeztu du, EMUN aholkularitzarekin batera diseinatua: Euskararen Plan Estrategikoa. 2022tik 2025erako iraupena izango du oraingoz, eta lehen aldiz ari da egiten lan hori Gipuzkoako futbolaren ardura duen erakundea. Horrekin batera, Euskara batzordea sortu zuen zuzendaritzak, eta Beñat Larrañaga presidenteordeak hartu zuen Euskara arduradunaren zeregina.

Gaur egin dute aurkezpena, Larrañaga eta Amaia Balda EMUNeko kidea bertan zirela, eta Planaren oinarrien berri eman dute: etorkizunerako bisioa, lau erronka nagusi, eta estrategiak. Pentsamolde honen gainean eraiki dute: «Kirolak eta futbolak hizkuntzaren transmisiorako duen garrantziaz jakitun izanik, eta Gipuzkoako Futbol Federazioa gizarte eragile den heinean, bere erreferentzialtasuna, lidergoa eta eredugarritasuna erabiliko ditugu, euskararen erabilera sustatu eta ahalbidetzeko kanpo eta barne harremanetan, partidetan eta entrenamenduetan».

Bisio hori ardatz hartuta, lau erronka marraztu dituzte:

1. Hizkuntza instituzionala euskara izatea eta euskararen erabileran erreferente eta eredu izatea.

2. Klubetan euskararen erabilera sustatzea eta bultzatzea.

3. Partidak euskaraz epaitzeko aukera bermatzea.

4. Entrenamenduak euskaraz egiteko baliabideak ematea eta aukerak sortzea.

Erronka horiek lortzeko bidean, urtez urteko Ekintza Plana prestatu dute. 2022koan, hauek dira ekintzak:

-GFFren hizkuntza irizpideak zehaztea.

-Kluben hizkuntza/harremanen azterketa eta aurrera begirako lanketa egitea.

-Euskararen aldeko ekimenak babestea eta parte hartzera gonbidatzea.

-Entrenatzaile ikastaroak euskaraz eskaintzea, eta erabileraren inguruko sentsibilizazioa lantzea (kopuruak).

-Epaileen hizkuntza gaitasunaren datu basea sortzea.

Plan Estrategikoa diseinatzeko eta etorkizunera begira jartzeko, lehenengo eta behin nahitaezkoa zen Gipuzkoako futbol federatuan euskararen erabileraren oinarrizko diagnostiko bat egitea. Batetik, Federazioaren euskararen erabileraren behaketa eta hausnarketa egin zen langile eta zuzendaritzako kideekin, eta, bestetik, Federazioaren interes taldeek zer espero duten ere jaso nahi izan zen; horretarako Gipuzkoako 40 epaile eta 40 klubetara bidali zen galdetegia, eta klubei eskatu zitzaien zuzendaritzako kide, entrenatzaile eta jokalari banak erantzuteko. Eta hori guztia, zehazki, hainbat esparrutan gaur egungo euskararen erabilera ezagutzeko, eragin guneak identifikatzeko, eta bidean izan daitezkeen indargune eta ahuleziak ere kontuan hartzeko.

Lanketan jasotako informazio eta ondorioekin, datozen lau urteetarako Plan Estrategikoa diseinatu, eta etorkizunerako bisioa, estrategiak eta erronkak definitu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.