Osasuna 1-0 Athletic

Ginga jarri dio mendeurrenari

Osasunak irabazi egin dio Athletici euskal derbian, klubaren 100. urteurrenean. Ruben Garciak egin du partidako gol bakarra, penaltiz. Aurkariaren atean zehaztasunik gabe aritu dira bi taldeak.

Osasunako jokalariak garaipena ospatzen, Athletici irabazi ostean, Sadarren, klubaren mendeurrenean. IñIGO URIZ / FOKU
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 24a
22:34
Entzun

Derbiak bi taldeen arteko tentsioa, errespetua eta urduritasuna areagotzea dakar. Eta hori soropilean islatu ohi da partidako hastapenean. Hala gertatu da gaurko Osasunaren eta Athleticen arteko neurketan ere. Argitasunik gabeko jokoa erakutsi dute Sadar eraberrituan, eta argi izpi txikiena izan duen taldea Athletic izan da. Baina ate aurrean asmatu egin behar da gero, eta Gaizka Garitanorenak ez dira fin ibili. Bai, ordea, Osasuna. Izan duen aukera apurrari ondo baino hobeto atera dio zukua; Ruben Garciak penaltiz egindako golari eske, hiru puntuak Iruñean geratu dira. Gorritxoei buruan ondo iltzatuta geratuko zaie klubaren mendeurreneko eguna.

Jagoba Arrasatek hiru aldaketa egin ditu, aurreko hamaikakoarekin alderatuta; Juan Cruz, Nacho Vidal eta Jony Jon Moncayolaren, Kike Barjaren eta min hartuta dagoen Jonathan Calleriren ordez aritu dira. Ostera, Gaizka Garitanok Levanteren aurkako jokalari berak zelairatu ditu.

Hain zuzen, zuri-gorriek sortu dute lehen arriskua bederatzigarren minutuan, Alex Berenguerren eskutik. Gorritxo ohiak punpa lasterrean area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du. Sergio Herrerak, berriz, erantzun ona eman dio. Zelai erdian nahasmen handia izan dute batak zein besteak, eta jokoa sarritan moztu dute. Zehaztasun gabeko egoera horretan, etxekoen lehen abagune deigarriena Iñigo Perezek burutu du. Falta jaurtiketa zuzena egin du, Unai Simoni ezusteko txikia eman nahian.

Handik gutxira, Aridanek zelaia utzi behar izan du; aireko jokaldi batean desorekatu, eta ezker belaunean min hartu du. Unai Garciak bete du espainiarraren hutsunea. Minutuak aurrera joan ahala, Garitanoren jokalariek demako lema hartu dute. Osasunaren zelaian eroso zenbiltzan baloia alde batetik bestera mugituz. Lehen zatiaren hondarrean etxekoei estutasunaren bat sorrarazi die. Unai Lopezek urruneko falta jaurtiketa zitala egin du, baina Herrerak kornerrera bidali du baloia. Hutsean joan dira aldageletara.

Golek berdin balio dute

Bigarren zatia ere bide beretik hasi dute bi taldeek: zehaztasun eta intentsitaterik gabe. Baldintza deseroso horietan bisitaria moldatu da hobekien, eta Raul Garciak egin du Athleticen lehen saiakera. Iñaki Williamsek eskuin hegaletik erdiraketa pozoitsu egin du, baina nafarrak ez du buruz ongi errematatu. Osasunak, nola edo hala, aurkariaren atea zulatu nahi izan du, eta Arrasatek aurrelarien aldeko apustua egin du. Adrian Lopezi eta Barjari eman die aukera. Gurpil zoroan atera ezinik zenbiltzan bi taldeak, harik eta 80. minutuan Barjak eltzetik babak atera dituen arte. Aurrelaria arean sartu, eta Ander Capa bizkarrez indartsu sartu zaio. Indartsuegi, ordea; lurrera bota baitu Barja, eta Cuadra Fernandez epaileak penaltia adierazi du. Ruben Garciak hamaika metroetatik ez du barkatu.

Garitanok, presaren presaz, Yuri Berchice, Jon Morcillo eta Iñigo Vicente sartu ditu berdegunean, gutxienez, puntu bat urratzeko. Hain justu, neurketako azken hatsean, Morcilloren erdiraketa baten ostean, Capak bigarren lerrotik sartu, eta bakar bakarrik buruz errematatu du, baina haren ahalegina hutsala izan da, Osasunaren zorionerako.

Ospakizunak, baina, izan du alde ilunik. Zaleek jaurtitako suziriek sutea eragin dute Ezkaba mendian, eta suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean ari dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.