Ostadarraren zazpi kolorez jantzi zen joan den igandean,Philippe Gilbert txirrindulari belgikarra, Valkenburgen (Herbehereak), Munduko Txapelketako errepideko proban. Bere kirol ibilbide guztian zehar oraindik irabazi gabeko titulua zuen. Bigarren postuan sailkatu zen Edvald Boasson Hagen norvegiarra, eta hirugarren postuan Alejandro Valverde espainiarra.
Caubergeko azken igoeran jo zuen erasoa Gilbertek, bere selekzioko beste lau txirrindularik lagunduta. Unerik eta lekurik onenean alde egin zuen. Bazekien zertan ari zen. Igoera laburra, baina gogorra da Caubergekoa. Joaquim Rodriguez kataluniarra ere dotore moldatzen da gisa horretako maldetan. Baina Rodriguez ez, Valverde abiatu zen belgikarraren gurpilari segika Caubergen gora, Boasson Hagen eta Alexander Kolobnev errusiarrarekin batera. Berandu erreakzionatu zuten, ordea, eta ez ziren adostasun batera iritsi.
Bikain ezagutzen ditu inguru haiek Gilbertek; herenegungo ibilbidearen zati batzuk Amstel Gold Race lasterketaren parte dira, eta bi bider irabazitakoa da klasiko hori belgikarra. Bazekien zertan ari zen, bai. Ezustekoetarako zalantza gutxi utzi zuen, zale gehienentzat hura baitzen ostadarraren elastikoa janzteko faborito argia.
Falta zitzaion bakarra
Munduko Txapelketa sekula irabazi gabe zegoen 30 urteko belgikarra. Frantziako Tourrean, Espainiako Vueltan eta Italiako Giroan garaipenak lortutakoa da. Baita txirrindulari egutegiko klasikorik garrantzitsuenetan ere, hala nola Fleche Wallonne (2011n), Lieja-Bastogne-Lieja (2011n), Lombardiako Giroa (2009an eta 2010ean), Amstel Gold Race (2010ean eta 2011n) eta Donostiako Klasikoa (2011n) irabazi ditu.
Herenegungo lasterketak adio kutsua ere izan zuen. Oscar Freire espainiarrak txirrindularitza utzi du. Pasa den igandean 10. postuan sailkatu zen. 1999an, 2001ean eta 2004an munduko txapeldun izan zen.
Gilbert, lehen aldiz
Belgikarrak irabazi zuen igandean errepideko Munduko Txapelketa, bere kirol ibilbidean lehen aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu