Emakume Master Cupeko binakako finalak hasi aurretik, ilara luzea zegoen Zumarragako Beloki pilotalekuko atarian (Gipuzkoa). Sarrerak amaitu egin ziren, eta Zelai Arizti frontoia ireki zuen udalak, kanpoan geratu ziren 150 pilotazaleek finala bertatik ikusteko. Gidoia bete zutenak Leire Garai eta Leire Etxeniz izan ziren, hasi eta buka: «Egia esan, partida aurreikusi bezala atera zitzaigun», zioten biek atzo, pozarren.
Ez da gutxiagorako: 22-5 hartu zituzten mendean Patri Espinar eta Miriam Arrillaga. «Guretzat ere ezustea izan zen hain erraz irabaztea, baina prestatuta geneukan estrategia goitik behera gauzatu ahal izan genuen». Ia ohartu gabe, 12-0 jarri ziren aurretik. «Garbi genuen Patriri pilota kendu behar geniola, eta Miriam nekatzen ahalegindu. Hala, Patri behartuta sartu zen pilota askotara, eta ohi baino akats gehiago egin zituen, arriskatu egin behar izan zuelako. Gainera, gu defentsan oso ondo aritu ginen».
Aldeak lasaitasuna eman zien, batez ere Garairi. «Lehen finala nuen, eta tripako minarekin esnatu nintzen. Frontoira iritsi eta berotzen hasi arte ez nintzen lasaitzen hasi. Leirek asko lagundu zidan. Oso pilotari ziurra da, eta abantaila handia da harekin jokatzea. Alde handia hartuz gindoazela ikusi ahala, ni ere lasaiago egon nintzen. Uste dut txapelketako partidarik onena jokatu nuela». Etxanizek ere «oso ondo» ikusi zuen Garai: «Oso maila onean aritu zen, ondo kokatuta, konfiantzaz. Defentsan ondo moldatu zen, eta tantoak egiteko izan zituen aukerak ondo baliatu zituen. Lan aparta egin zuen; ez bakarrik finalean, baita txapelketa osoan ere».
Hirugarren txapela da Etxanizentzat, eta onartu du «berezia» izan dela. «Aurreko biak Olatzekin [Arrizabalaga] irabazi nituen, eta zama partekatu egiten genuen. Oraingo honetan, niri egokitu zait zama eramatea, eta asko ikasi dut; bai neure buruarengandik, baita Leirerengandik ere». Gazteak «indartsu» datozela onartu du. «Oraindik buruz buru aritzeko indar apur bat falta zaie gure aurrean, baina etorkizun handia dute».
Garaik ez zuen espero hain gazte txapel bat irabaztea. «Honekkonfiantza eta indarra ematen dizkit lanean jarraitzeko». Baina oinak lurrean ditu: «Gurasoek behin eta berriz esaten didate hori, eta, batez ere disfrutatzeko, irabazi edo galdu». Horixe bera errepikatu zioten txapela irabazi eta gero:«Familia osoa egon ginen bazkaltzen, eta berriro esan zidaten». Ikaskideak ez ziren bertan egon: «Ikasbidaian daude egun hauetan, Erroman». Inbidia apur bat sentitu arren, argi izan zuen hasieratik: «Niretzat garrantzitsuagoa zen txapelketa ikasbidaia baino. Internet bidez ikusi zuten finala, eta mezu mordoa bidali zidaten».
Giroa eta bikoteen oreka
Txapelketaren inguruko balorazioa egiteko orduan, hiru arlori erreparatu diote: bikoteen osaerari, izandako giroari eta materialari. Biek uste dute antolatzaileei ondo atera zaiela bikoteetan eskarmentua eta gaztetasuna uztartzeko egindako apustua. «Oreka bat egon da bikoteen artean», diote.
Halaber,txapelketan izandako giroa nabarmendu dute. «Aurreko urteetan baino zale gehiago etorri dira partidak ikustera, eta hori oso garrantzitsua da», berretsi zuen Etxanizek, txapelketen beharra gogoraraztearekin batera. «Dagoeneko hasi zaizkigu deitzen herri askotatik udako festetan partidak jokatzeko. Baina, horrekin batera, urte osoan behar ditugu txapelketak», adierazi du Etxanizek. Haren arabera, «ikusgarritasuna eta segida» ematen diote emakumeen pilotari.
Materialaren inguruan ez datoz bat. Etxaniz pilota gozoa erabiltzearen aldekoa da; Garai, berriz, mistoaren aldekoa. Etxanizen arrazoiak hauek dira: «Pilotan jokatzen denbora nahikoa daramagunak ez gaude ohituta pilota mistoetara. Uste dut horren alde egingo balitz parte hartzaile gutxiago egongo liratekeela». Garaik, berriz, hau dio: «Aurtengo materiala iazkoa baino hobea izan da, eta hori garrantzitsua dela uste dut. Baina nik mutilekin ere jokatzen dudanez, mistoarekin aritzen naiz, eta, ikuskizunari dagokionez, uste dut aurrerapauso bat litzatekeela horrekin jokatzea».
Leire Garai eta Leire Etxaniz
Gidoia idatzi bezala atera zaie
Leire Garaik eta Leire Etxanizek 22-5 hartu dituzte mendean Patri Espinar eta Miriam Arrillaga, Emakumeko Master Cupeko binakako finalean. Txapelketan izandako giroa nabarmendu dute, baita bikoteen arteko oreka ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu