Uda hasiera baino lehenxeago, Mikel Orbañanosek, Hondarribiako entrenatzaileak, hauxe esan zion BERRIAri Lekeition, Gure Esku Dago ekinbideko estropada jokatu eta irabazi berritan: «Gustatuko litzaidake arraunlari guztiek arraun egitea uda osoan». Bete du esandakoa, eta ordurako jakingo zuen ondo asko talde bikaina zuela esku artean. Aldaketak eginda ere, zoragarri baitabil Hondarribia.
Gazteak dira arraunlari batzuk; esperientziadunak besteak. San Miguel ligako bigarren estropada jokatu zenean, arraunlari bakarra zegoen arraun egin gabe bi egun haietan; biak irabazi zituen Hondarribiak. Iñigo Sagarzazu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) zen tostetan jarri gabea. Hirugarren estropadan jarri zuen Orbañanosek, eta, denborarekin, ezagun egin da, hankan erabiltzen duelako entrenatzaileak, Osertz Aldai beteranoaren lekuan. Belaunaldi aldaketa gauzatzen ari da Hondarribian. izan ere, Gonzalo Carrion (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977) aurrekalari bikainak ere ikusi ditu aurten estropada batzuk lehorretik. Ugutz Bilbaok, beste gazte batek, hartu izan du leku berezi hori egun horietan. Gazteak indartsu datoz Hondarribian, eta gidari ezin hobeak dituzte hasi berri duten bidean zuzen ibiltzeko.
Sagarzazuk eta Carrionek berdin erantzun dute belaunaldi aldaketaz duten iritziaz galdetu zaienean: «Sekulako poza ematen digu». Esaldi sakon honekin atera da gero Carrion: «Oraintxe bertan, nire ametsa da herriko gazte bat etortzea eta niri lekua kentzea». Hondarribiak erabilera handia ematen dio harrobiari, nahiz eta talde nagusian kanpotik fitxatuak ere badituen. Carrionen hitzek ederki azaltzen dute etxeko arraunlariek bat egiten dutela harrobiari ematen zaion garrantziarekin.
Gaztea, Sagarzazu, txoratzen dago aurten: «Sekulako esperientzia polita da arraunlari beterano on hauekin batera arraun egitea. Taldean sartu, eta trainerua ondo ibiltzeko zortea izan nuen, uda guztian dabilen bezala, eta hor segitzen dut». Gaztea eta beteranoa. Ezinbestean, esperientziaren ahotsari kasu egin behar: «Aholku oso onak ematen dizkigute Txalok [Gonzalo Carrion] eta Asierrek [Puertas], eta asko ari gara ikasten».
Ikastea. Horra arraunlari gazte batek egin beharrekoa goiko taldera heldu nahi badu. 11 urterekin hasi zen Sagarzazu, eta ordurako han zebilen Carrion. Beteranoak anekdota hau kontatu du: «Beti ibiltzen ginen kadeteei-eta begira, geure buruari galdezka hauekin egingo ote dugun arraun, eta, begira, hemen dauzkagu». Gazteek ere begiratzen diete beteranoei: «Kadetea nintzela, hor ikusten nituen lehen taldean Carrion bera, Osertz Aldai eta Iñigo Bertiz arraunlariak , eta orain haiekin nabil».
Harrobiko lanean, bidea ondo zehaztuta daukate klubean: nagusietan bakarrik ibiltzen dira aulki finkoan; ordura arte, aulki mugikorra lantzen dute. Carrionen eta Sagarzazuren ustez, horixe da bide onena arraunean ikasteko: «Asko laguntzen dizu mugikorrak gero finkoan ibili ahal izateko. Zailagoa da mugikorra, oreka-eta landu egin behar dira, eta ondo dator trainerurako».
Esne mamitan dabil Hondarribia aurten. Irabazi eta irabazi ari da San Miguel Ligan. Kontxako Bandera bihar irabaziko balu, denboraldi bikainari saririk handiena gehitzea izango litzateke. Baina Carrionek zuhurtziaz mintzo da: «Jakina ederra dela belaunaldi aldaketa hau irabazten ari garenean gertatzea, baina etorriko dira une txarrak, eta galtzen ere jakin behar da».
Urdaibairi, errespetu handia
Gazteak eta beteranoak Ama Guadalupekoa traineruan direla ureratuko du bihar Hondarribia Donostian. Bandera berea du oraingoz, baina 1,92 segundoren aldea baino ez dio ateratzen Urdaibairi. «Berdinduta gaude», esan du Carrionek. Nolako lehia izango den galdetuta, biek antzeko erantzuna eman dute: «Guk geure lana egin behar dugu. Lehendabizi, gure estropadak izan behar du ona, eta, hala ere, hori eginagatik, gerta daiteke Urdaibaik irabaztea bandera, sekulako taldea daukatelako eta oso gai direlako lan handia egiteko».
Beteranoak eman du erantzuna galdera hau egin zaienean: Urdaibairen albo-alboan joan nahi bihar? «Berdin zait. Guk badakigu zer egin behar dugun. Gure lana da garrantzitsuena». Itsasoaren egoerari buruzko galdera Sagarzazu gazteak erantzun du: «Oso aldakor dabil iragarpena, baina uste dugu aurreko igandean bezala egongo dela; edo agian, pixka bat okerrago».
Berdintasuna espero da bi aurrenekoen artean, eta duela bi urteko esperientzia gogoan dagoenez, kezka puntua ere bada ez ote den uretan orduan bezalako istilurik egongo. Carrionek oso garbi dauka zer nahi duen: «Borroka sanoa izatea nahi dut, kiroltasunean oinarritua».
Arrauna. Kontxako bandera
Gidari onak dituzte gazteek
Hondarribian belaunaldi aldaketa gauzatzen hasi da aurten. Indartsu sartu da, esaterako, Iñigo Sagarzazu gaztea, eta Gonzalo Carrion beteranoak ondo hartu du bultzada berri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu