Txirrindularitza

Ghekierek ezustean harrapatu ditu faboritoak

Mendiko maillotaren jabeak irabazi du Frantziako Tourreko seigarren etapa, ia egun osoa ihesean egin ostean. Volleringek lau segundo baino ez dizkio jan Niewiadomari, eta azken etapan erabakiko da Tourra.

Justine Ghekiere, helmugara iristen. FRANTZIAKO TOURRA
Justine Ghekiere, helmugara iristen. FRANTZIAKO TOURRA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 17a
15:50
Entzun

Mendiko maillota bereganatzeko helburuarekin abiatu da Justine Ghekierek (Soudal) gaur Frantziako Tourreko seigarren etapan, eta aitzakia hori baliatu du ihesaldian bakarrik gelditu, eta etapa irabazteko. 80 kilometro baino gehiago egin ditu sei laguneko taldetxo batean ihesean, eta Le Grand-Bornanden, azken mendatean, bakar-bakarrik gelditu da. Faboritoak berandu mugitu dira, eta ez dira harengana iritsi. Demi Volleringek (Sd Worx) lau segundo murriztu du Katarzyna Niewiadoma (Canyon) liderrarekin daukan aldea.

Croix de la Serra mendatea igo du tropelak etapa hasieran, aurtengo Frantziako Tourrak izango duen lehenengo mailako mendate bakarra. Baina bertatik jaitsi arte ez dira ihesaldia sortzeko lehen erasoak iritsi. Sei txirrindularik egin dute aurrera; tartean, Ghekiere bera eta Marianne Vose (Visma). Herbehereetakoak erregulartasunaren maillot berdea ziurtatu du, gainera, tarteko helmugan lehena izan baita. 

Iheslariek ziztu bizian egin dituzte hurrengo bi mendateak: Bois d'Arlod eta Cercier. Eta bost minututik gorako aldea lortu dute azken 40 kilometroetan sartzean. Hori ikusita, Sd Worx, Canyon eta FDJ  txirrindulariek lanari ekin behar izan diote, iheslarien eta tropelaren arteko aldea oso gutxi ari baitzen murrizten. Aldea jaistea lortu dute, bai. Baina berandu zen jada; berehala ikusi da etapa ihesean ari zirenak lehiatuko zirela garaipeneraino. Eta horien artean, aise nagusitu da mendiko maillotaren jabea. Banaka-banaka gelditu dira atzean iheskideak, eta Ghekiere, erasorik jo gabe eta bere erritmoari eutsita, bakarrik heldu da helmugara. Alboan inor ez zuela egin du azken igoera osoa, eta lortutakoa sinetsi ezinda gurutzatu du helmuga. 

Tropelean faboritoak bakarrik gelditu dira. Txirrindulari bakoitzak atera behar izan ditu bere babak eltzetik, eta markaketa zorrotza egin diote elkarri. Horrela, azken mendatera arte itxaron behar izan dute zaleek su festa ikusteko. Hainbatek egin dute saiakera Le Grand-Bornanden: Vollering hautagai nagusiak lehendabizi, eta Gaia Realinik (Lidl) eta Niewiadomak ondoren. 

Liderraren erasoa izan da denetan gogorrena. Lehendabizi, ondo erantzun dio Vollering aurkari nagusiari, eta maillot horiaren jabeak garesti saldu du bere larrua. Azken kilometroan sartu denean erasoa jo du, eta Volleringek bakarrik erantzun dio. Buruz buruko lehia izan da azken metroetan, lau segundoren gainsaria baitzegoen jokoan. Azken metroetan bizitu du erritmoa Volleringek, eta gehitxo izan da liderrarentzat. Segidan iritsi dira gainerako faboritoak, aleka-aleka.

Gaurkoaren ostean, Niewiadoma iritsiko da azken etapara liderraren maillotarekin. Bertan erabakiko da Tourra, inoizko etaparik gogorrenetariko batean. Puck Pieterse (Fenix) da orain bigarrena, 27 segundora, eta Cedrine Kerbaol (Ceratizit) hirugarrena, 37ra. Aurkari zuzena, ordea, Vollering da. Herbehereetako izarrak 1.15 segundoko galera dauka, eta bihar izango du azken aukera Frantziako Tourra bigarren urtez jarraian irabazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.