Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 2. etaparen kronika

Gezurrari lapurretan

Fabio Felline italiarrak irabazi du Oricaren izena zeukan etapa, Euskal Herriko Itzuliko bigarrena, Michael Matthews liderrari esprint estuan aurrea hartuta

Gezurrari lapurretan.
unai zubeldia
Gasteiz
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Guretzat, garrantzitsuena ez da jada etapa garaipenen borroka». Eta Orica esprint bete-betean Gasteizen. «Ezin gara hasi kontrol lanean». Eta Orica, tropel buruan egurrean. «Lehen etapa irabazita, ez daukagu presiorik». Eta Michael Matthews liderra (Orica), aldarte serioarekin podiumera. Neil Stephensek (Orica) Bilboko irteeran tentsioa baretu nahi izan zien txirrindulariei, baina Oricakoen geroko aldartean nabari zen helburuak bete gabe amaitu zutela eguna.

Australiarrek bikain egin zuten kontrol lana, eta bikain bideratu zuten esprinta, baina, ezustean, italiar gazte bat agertu zitzaien azken zuzengunean. Haizea alde zuela, gainerakoek baino lehenago ekin zion esprintari Fabio Fellinek (Trek), eta aldamenetik begira geratu behar izan zuen Matthewsek. Gezur txikiak pilatuz ibili zen Stephens goizean, eta gezurrari lapurretan amaitu zuen eguna Fellinek, 25 urte egin berritan World Tourreko lehen garaipena eskuratuta.

«Hurrengo egunetarako indarrak gordetzeko esan dit Eugeniok [Eugenio Goikoetxeak, Caja Ruraleko zuzendariak]». Hortxe atzoko beste gezur txikietako bat. Amets Txurrukarena (Caja Rural). Tira, gezur erdia, bizkaitarrak etapa hastear zela aitortu zuelako zuzendariari kasu handirik egiteko asmorik ez zeukala. Eta, Omar Fraile taldekidearen bi maillotak defendatze aldera, bizkaitarrak egoskor egin zuen aurrera. Caja Ruralekoa Sebastien Reichenbach (IAM), Louis Vervaeke (Lotto), Kevin De Weert (Jumbo) eta Thierry Hupondekin (Giant) batera ibili zen ihesean, hamar minututik gorako aldearekin.

Jonathan Castroviejo eta Jose Herradarekin Movistar atzean lanean ari zela, aurrekoentzat opari gozoa zegoen Urduñan; Txurrukak hartu zituen mendiko puntuak. Baita Gesaltza Añanan ere, baina San Martin Zarren lehian hasi zitzaion Reichenbach. Hiru puntu horiek lapurtuta, Etxebarriakoa bizi ibili zen Zaldiaranen eta Gasteizko gainean, eta, egur handia hartuta, baina mendiko maillota jantzita amaitu zuen eguna. Movistarri pixkanaka erreleboa emanda, Oricak ondo kontrolatu zituen ihesaldia lehenengo eta eraso ahalegin bakanak gero. Tom Jelte Slagterrena (Cannondale-Garmin) izan zen serioena, baina, azken hiru urteetan bezala, esprint argia izan zen azkenean. Baina, den-dena kontrolpean zeukalakoan, lapurretari atea ireki zion Oricak.

Gasteizen hasi eta Zumarragan amaitu, hirugarren etapa jokatuko da gaur, 170,7 kilometrokoa, eta Azazeta (2), Iturrieta (1), Urbasa (1), Urkillaga (2), Gabiria (3), Antigua (2), Atagoiti (3) eta Antigua (2) igo beharko dituzte. Oso gogorra da amaiera, aldapa beldurgarria dagoelako Antiguako gainera bidean. 2,5 kilometro, eta %9,6ko batez besteko aldapa dauka Antiguak, %20tik gorako pendizak gordeta dauzkala.

Protesta giroa irteeran

Errepideko zalapartaren aurretik, txirrindulariek haserre hitz egin zuten goizean. Bezperako erorketa burutik kendu ezinik, protesta gisa behar baino bost minutu geroago hasi zen etapa, Txirrindulari Profesionalen Nazioarteko Elkartea proposatuta. Epaileak txistua jo ondoren, txirrindulariak geldirik egon ziren bost minutuan. Gianni Bugno txirrindulari ohia da elkarte horretako burua, eta Jose Luis de Santos dabil ordezkari lanetan Euskal Herriko Itzulian.

Txirrindularien segurtasuna «gehiago bermatzeko» eskatu zion De Santosek Jose Luis Arrietari, Euskal Herriko Itzuliko zuzendariari. «Hausnarketarako deia egin nahi diegu antolatzaileei, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunari (UCI), komunikabideei eta guzti-guztiei. Sergio Pardillak (Caja Rural), Peter Stetinak (BMC), Adam Yates-ek (Orica) eta Nicolas Edet-ek (Cofidis) hartu zuten min handiena bezperan, eta erretiratu egin behar izan zuten, hainbat hausturarekin gaua ospitalean igaro ondoren.

Ezkutuan geratu gabe, Arrietak berak ere eman zizkion azalpenak BERRIAri. «Lotura lanean ibiltzen diren langileei abisua pasatu nien inguru horretan gutxienez furgoneta geratzeko eta seinaleak hobeto jartzeko». Baina Bilboko udaltzainekin «elkarrizketa txiki bat» izan zutela argitu zuen Arrietak. «Furgoneta han ezin zela geratu esan ziguten, eta badakigu gero zer gertatu zen». Okerra aitortu, eta gaua «oso luzea» izan zela adierazi zuen Euskal Herriko Itzuliko zuzendariak. Hori bai, kritika egin zien salaketa batzuei. «Jendea lanera etortzeko prest badago, guk ez daukagu arazorik. Oso erraza da Twitter bidez bururatzen zaien guztia adieraztea, baina nire inguruan inor ez da egoten laguntzeko prest. Min emateko bai, baina laguntzeko, inor ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.