Eibarko atezaina

Maria Miralles: «Geure nortasuna dugu: joko zuzenean aritzen gara, eta oso barneratua dugu»

Eibarren helburu nagusia lehen mailan segitzea da, baina iaz egindakoa hobetzeko asmoa ere badutela azaldu du Mirallesek. Joko zuzenean jarraituko dutela ere baieztatu du.

Maria Miralles
IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Joan den denboraldian Eibarren atea babesteko hautatu zuten Maria Miralles (Castello, Herrialde Katalanak 1997), eta taldearentzat garrantzitsu izaten jarraitzeko asmoa du denboraldi honetan. Betisen aurka egingo du debuta Gipuzkoako taldeak, larunbatean, Ipuruan (DAZN 2, 18:00).

Iragan sasoian parez pare ibili zineten Betisekin, eta haien aurka hasiko duzue liga. Gogotsu al zaudete?

Bai, gogo handia dugu liga hasteko. Hilabete daramagu denboraldiaurrean, eta behingoz martxan jarri nahi dugu.

Etxean hasiko zarete, gainera. Horrek hiru puntuak lortzen lagunduko dizuela uste duzu?

Ziur, abantaila ematen baitu etxean jokatzeak, zure jendea gertu izateak. Eroso sentitzen gara Ipuruan, eta liga ondo hasteko gehigarri bat dela uste dut.

Eguna eta ordua, gainera, onak dira ikusleentzat.

Normalean, zaleek ederki erantzuten dute; oso pozik gaude haiekin. Ordutegi egokia iruditzen zait Eibarko jendea Ipuruara etortzeko.

Bigarren partida ere Ipuruan jokatuko duzue, Valentziaren aurka. Posible ikusten al duzu bi partidak irabaztea?

Lehen bi partidak irabaztea litzateke onena, baina errealistak izan behar dugu. Gure helburua puntuak lortzea da beti, eta etxean beti nahi ditugu hiru puntuak.

Leku onean jarriko zinatekete lehen sei puntuekin.

Bai, baina hasieran sailkapenari ez zaio jaramon handirik egiten, ez baitu asko esaten. Baina aldarte aldetik bultzada handia emango lioke taldeari. Puntu guztiek balio dute, eta, askotan, ligaren amaieran hasierako puntuez oroitzen zara. Hori nahi dugu: hasieran puntuak lortu, amaieran lasaiago egoteko.

«Puntu guztiek balio dute, eta, askotan, ligaren amaieran hasierako puntuez oroitzen zara. Hori nahi dugu: hasieran puntuak lortu, amaieran lasaiago egoteko»

Denboraldiaurreko bi derbiak galdu zenituzten, baina beste hiru lagunartekoak irabazi. Zer-nolako balantzea egiten duzu udako partidez?

Denboraldia hasi aurretik, irabaztea edo galtzea ez da garrantzitsuena. Jokoan ondo sentitzeko beharra genuen, baita taldekide berriak gure jokatzeko erara ondo moldatzea ere, eta uste dut hori lortu dugula.

Aldaketa ikusi duzu uztailetik hona?

Oporretatik itzultzean, makineria berriro olioztatzea tokatzen da, eta bai, hilabete eta erdiren ostean denak hobeto funtzionatzen du. Taldekide berriak hobeto integratuta daude.

Nola ikusi duzu zeure burua jokatu dituzun minutuetan?

Ni neu ondo sentitu naiz. Esan bezala, hasieran beti da zaila errutinara itzultzea, baina eroso eta ondo sentitu naiz; pozik nago.

Nantesen aurka jokatu zenuen denboran ez zizuten golik sartu, eta bost sartu zenituzten zuek. Seinale ona al da hori?

Gure iazko datuak hobetu nahi genituen, gol gehiago sartu eta gutxiago jaso, bereziki. Denboraldi aurreko helburu garbi bat izan da hori, eta uste dut emaitzetan ikusi dela hori bera.

Azken denboraldian, aise saihestu zenuten jaitsiera. Zer helburu duzue larunbatean hasiko den denboraldirako?

Garrantzitsuena Lehen Mailan irautea da, baina iazko datuak hobetzeko gogoa era badugu, eta sailkapenean gora egiteko aukera badugu, ba, askoz hobeto.

«Hilabete eta erdiren ostean, denak hobeto funtzionatzen du, eta taldekide berriak hobeto integratuta daude»

Beraz, salbatzeaz gain, aurreko sasoiko postua hobetu nahi duzue.

Bai, baina errealistak izan behar dugu: salbazioa nahi dugu lehenbizi, Eibar Lehen Mailako taldea izatea aurrerantzean ere. Baina bai, aurreko denboraldia hobetzeko anbizioa dugu.

Nola ikusten duzu jaitsiera saihesteko borroka?

Gustura jakingo nuke, baina orain ezinezkoa da. Egia da mailaz igo berri direnek normalean gehiago sufritzen dutela. Guri hori pasatu zitzaigun azken denboraldian, eta urtero gertatzen da, kategoria berrira ohitzea ez baita erraza. Hala ere, ezin jakin: futbola futbola da, eta inork ez daki zer gertatuko den.

Eta liga irabazteko borroka?

Oxala Eibar borroka horretan egongo balitz, baina uste dut azken urteetan jazotakoa jazoko dela: Bartzelona Bartzelona izango da orain ere, eta aurrekontu handiena duten taldeen diferentzia nabarituko da. Hala ere, mugimendu asko egon dira talde guztietan, bai jokalarienak, bai entrenatzaileenak, eta azkar moldatzen badira, ikusiko dugu ea Bartzelonarekin parez pare aritzeko aukera duten.

Uste duzu lehen mailan egonkortzeko moduko taldea duzuela?

Hori da gure helburua, Eibarrek dagoen lekuan jarraitzea denbora luzez. Horretarako ari gara lanean. Bilakabide ona izaten ari gara joan den denboralditik hona, eta demostratuko dugulakoan nago.

Kopan, hirugarren kanporaketan sartuko zarete aurten, iaz kanporatu zintuzteten berean. Noraino iristeko esperantza duzue?

Espainiako Kopa ilusio handiz jokatzen dugu beti, denboraldiko beste helburu bat baita. Iaz nahiko ondo ibili ginen, baina Lehen Mailako taldeen aurka jokatzen duten beheko kategorietako taldeek motibazio gehigarri bat izaten dute, galtzeko ezer ez balute bezala. Hori nabaritu egiten da. Horregatik geratu ginen kanpoan, nahiz eta ondo jokatu genuen. Aurten hori hobetu nahi dugu, baina ikusiko dugu noraino iristeko gai garen.

Zure hirugarren denboraldia izango da Eibarren. Zer balantze egiten duzu aurreko biez?

Hasieran ez nuen jokatzen ia, eta jokatzen hasi arte sufritu egin nuen. Baina orain oso pozik nago. Aurreko denboraldia oso ona izan zen niretzat, bai datuengatik, baita izan nituen sentipenengatik ere.

Gustura zaude Euskal Herrian?

Bai, eta hori izan zen kontratua berritzeko arrazoietako bat ere. Azken finean, nahiz eta klimak asko ez lagundu, gustura zauden eta ondo tratatzen zaituzten leku batean bazaude, bertan jarraitu nahi duzu.

Eta taldean?

Atezain gisa, beti eskertzen da zure aldeko apustua egitea. Horregatik jarraitzen dut hemen, baita hazkunde pertsonalagatik ere. Hamaikakoan nagoen bitartean, dudan guztia emango dut helburu kolektiboak lortzeko, eta aulkian egotea tokatzen bazait, beste rol batean emango dut babesa.

Yeray Martin entrenatzailearen hirugarren denboraldia ere izango da Eibarren. Horrek erakusten du entrenatzaileak klubaren konfiantza duela, ezta?

Bai, egonkortasun horrek jokalariak lasaiago egotea baitakar. Eta hori taldean ere nabaritzen da, ez baita hainbeste aldaketarik egon. Azken denboraldietan, eutsi egin zaio blokeari, eta hori eskertzen da. Talde gogorra gara, aurrean izateko zaila.

Zer-nolako Eibar espero daiteke denboraldi honetarako?

Entrenatzailea eta taldeko blokea mantenduta, uste dut jendeak pentsa dezakeela zer-nolako taldea izango garen. Geure nortasuna dugu: joko zuzenean aritzen gara, eta denok oso barneratua dugu; uste dut horrek hor jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.