Estropada bikain batez gozatzeko osagai guztiak bildu ditu Ondarroako Banderak, eta azken urteetan ohikoa izaten ari den moduan ustekabe itzela emanda gailendu da traineru irabazlea. Ipar-mendebaldeko haizeak indarra hartu du egunak aurrera egin ahala, eta hondoko itsasoak bi metro inguruko olatuak eragin ditu, ligan orain arte ikusi ez dena. Baldintza onenak bigarren txandako ontziek izan dituzte, eta Getariak egin duen lan onak garaipenera eraman du. Ohorezko txanda hasterako, nabarmen petraldu da eguraldia, eta ez dira aurkari izan Esperantza traineruarentzako.
Asteburua asteazkeneko Kontxako Banderaren sailkatze estropadarengatik erabat baldintzatuta egon arren, talde guztiak saiatu dira onenean aritzen, baina meteorologia kontra izan dute. Kaiku izan da hasieratik ia amaieraraino estropada buruan izan dena lehen txandan, baina amaieran saioa zapuztu dio Cabok. Laugarren luzean parekatu dira bi ontziak, baina galiziarrak abiada handiagoan zetozen, eta Bizkaitarra-k ez du behar bezainbeste indar atera azken txanpan. Segundo bat baino gutxiagogatik gailendu da Cabo. San Pedrok nahi baino arazo gehiago izan ditu, baina estropada duina osatu du, alde gutxian Bueu gaindituz.
Lehenengo txandakoekin alderatuta, bigarren txandakoek nabarmen azkarrago egin dute irteera, eta lehen ontziek markatutako denborak oso atzean utzi dituzte lehen luzean. Adierazgarria izan da Ondarroaren eskifaia: entrenatzaile batzuek Kontxari begira freskotasuna nahi izan duten moduan, Iñaki Errastik, aldiz, taldeko beteranoak lerrokatu ditu etxeko estropadan ezustea emateko, eta buruan izan da denbora luzez.
Lan erdiak eginda, gehienez bost segundoren barruan aritu dira Orio, Getaria, eta Ondarroa, ahalegin betean nork branka sartzeko lehian. Pixkanaka hurbiltzen hasi dira hirurak, Isuntzak atzetik jarraitzen zuen bitartean, eta azken luzean erabaki da guztia. Bihar etxean arituko den ontziak eman du onena, eta ireki duen tartea mantentzen jakin du luze osoan. Getariaren ondoren, Orio sartu da helmugara, lau segundora, eta hirugarren Ondarroa, hamar segundora. Azkena Isuntza izan da, lanak bukatzeko 36 segundo gehiago behar izan dituenak.
Naturaren kapritxoa
Bigarren txanda amaitu orduko, itsasoa tankera txarra hartuz joan da, eta iluntasunak estali du Ondarroako estropada eremua. Txandak hasiera emateko zailtasunak izan ditu, kanpoko balizak batzuetan ikusi ez baitziren egiten. Getariak urduri jarraitzen zuen epaileen erabakia, bere mesedeetarako estropada ahal bezain laster hastea baitzen erabakirik onena.
Hasiera besterik ez zen arren, Getariak nabarmen hobetzen zituen ohorezko txandako ontzi guztien denborak. Itxarotea besterik ez zen geratzen Ondarroako estropadan hamaikagarren ezustea bizitzeko; izan ere, saioko denborarik makalenak ari ziren egiten ohorezko txandako traineruak. Hondarribia ari zen sufritzen gehien, Urdaibai estropada buruan mantentzen zen bitartean. Barrurantz etortzeko arazo gutxiago izan dituzte traineruek, baina, beste behin, Getariak egindako denboratik urrun jarraitzen zuten.
Urdaibaik nagusitasun handiz menperatu du txanda, baina ez zegoen zalantza izpirik garaipena erabakita zegoela getariarren alde. Zierbenarekin eta Donostiarrarekin hamabost segundoko tartean amaitu ditu lanak Bou Bizkaia-k, eta Hondarribia oso atzetik sartu da.
Esperantza traineruari luze egin zaio itxaronaldia, baina eztanda egin du Urdaibaik helmuga hartu orduko. Bihar etxean arituko dira, eta Ondarroan lortutako bandera harrotasunez erakusteko parada izango dute. TKE ligan lortu duten lehen bandera nekez ahaztuko du Ion Larrañagaren kuadrillak.