Albiste txarrak Osasunarentzat. Astebeteko atzerapenarekin, UEFAko Etika, Diziplina eta Kontrol Batzordeko ikuskatzaileek eman dute beren ebazpena, eta talde gorritxoaren aurkakoa da. Hala, Osasuna zigortzeko eta hark datorren denboraldian Konferentzia ligan ez parte hatzeko gomendioa egin dute. Osasunak sei egun ditu orain erakunde horretako Apelazio Batzordean helegitea jartzeko, eta hala egingo duela iragarri zuen erabakiaren berri izan bezain bezain laster, ohar batean. «Ez gaude ados UEFAren erabakiarekin, eta azkeneraino iritsiko gara klubaren eskubideak defendatzeko. Izan ere, UEFAk ez du kontuan hartu nahi izan Espainiako epaitegiek ebatzitakoa. Osasuna kaltetua izan da honetan guztian, eta erabaki honekin, zigorra bikoitza da». Apelazio Batzordeak zigorra berretsiz gero, Osasunak Kirola Arbitratzeko Epaitegira jo dezake. Behin betikoerabakia abuztuaren 7a baino lehen eman beharko du epaitegi horrek, egun horretan egingo baita Konferentzia ligako atariko kanporaketaren zozketa. Osasunaren zigorra berretsiz gero, Athleticek jokatuko du Konferentzia liga. Izan ere, talde zuri-gorriak zortzigarren lekuan amaitu zuen sasoia.
Osasunak ekainaren 4an lortu zuen Europarako sailkatzea. 16 urte ziren talde gorritxoak hori lortzen ez zuela, eta festa betea izan zen Sadarren, Gironari irabazi eta gero. Baina zelaian lortutakoa bulegoetan hasi zitzaion zapuzten, ekainaren 7an. Egun horretan jakin zuen UEFAk espedientea ireki ziola, zalantzak zituelako Konferentzia ligan parte hartuko zuten kluben zerrendan onartzeko.
Zergatik? Bada, UEFAk jakin nahi zuen ea Nafarroako klubak erakundearen diziplina arauak urratu zituen. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa hartu zuen kontuan UEFAko Diziplina eta Etika Batzordeak. Urtarrilean, auzitegi horrek frogatutzat eman zuen Iruñeko taldeak bi partidaren emaitzak adostu zituela 2013-2014ko denboraldian, Espainiako Lehen Mailan. Ligako 37. eta 38. jardunaldietakoak ziren partida horiek; lehena, Betisek eta Valladolidek Sevillan (Espainia) jokatu zutena, eta bigarrena, Osasunak eta Betisek Sadarren jokatu zutena. Auzitegi Gorenaren arabera, Osasunako presidenteak, bi agintarik eta kudeatzaileak akordioa egin zuten Betiseko zenbait jokalarirekin, Espainiako taldeak bi partida horiek gal zitzan. Hori eginda, Osasunak aukera gehiago izango zuen mailari eusteko.
Talde gorritxoak hurrengo egunetan bidali zuen UEFAra bere burua defendatzeko txostena. Bertan gogoratu zuen klubak berak salatu zuela gertatutakoa, akusazio partikular gisa aurkeztu baitzen auzian. Gainera, berretsi zuen Auzitegi Gorenak zigortutako pertsonak klubetik kanpo zeudela, eta bazkide gisa ere kanporatu zituztela.
UEFAk, ordea, ez ditu ontzat eman Osasunaren argudioak. Duela egun batzuk, San Marinoko Virtus eta Bielorrusiako Isloch Minsk ere zigortu zituen. UEFAren arabera, Osasunak txapelketaren 4.1g artikulua urratu du; hor dioenez, «klub bat ezin da zeharka edo zuzenean sartuta egon partiden emaitzetan eragina izan dezaketen ekintzetan». Gainera, uste du Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia nahikoa dela Osasuna zigortzeko. Klub gorritxoak, ordea, argi du. «Aipatu bezala, zigorra bikoitza da. Egungo kudeatzaileak zigortu nahi dituzte, eta haiek izan ziren epaitegietara jo zutenak, gertatutakoa salatu eta dirua berreskuratzeko. Gogoan izan behar da denboraldi hartan Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zela, eta klubaren ondarearen zati handi bat saldu behar izan zutela zorra kitatzeko. Kudeatzaile berriek beren etxeak, aurrezkiak eta pentsio planak hipotekatu behar izan zituzten klubari norabide berri bat emateko. Modu eredugarri eta garbi batean egin zuten».
UEFAk erabakiarekin eman duen mezua «futbolarentzat kaltegarria» dela nabarmendu du talde gorritxoak: «Futbolaren inguruan dagoen iruzurraren aurka egin beharrean, kontrakoa egiten du. Izan ere, orain, zigortuak izatearen beldurrez, izan daitezke erakunde edo klubak iruzur horren aurka ez egitea erabakitzen dutenak».
Defentsa, «muturreraino»
«Txarrenerako» prestatuta daude. «Baina ez gure leloa alde batera uzteko: Osasunak ez du sekula amore ematen. Gure eta gure zaleen eskubideak muturreraino eta tinko defendatuko ditugu, asteburuero gure jokalari eta teknikariek egiten duten indar berarekin. Izan ere, merezimendu osoz irabazi dute zelaian Konferentzia ligan egoteko eskubidea. Uste osoa dugu egiten dugun horretan, eta gauzak egiteko dugun moduan». Gainera, salatu du kaltea egin dela Espainiako futbol erakunde nagusien «isiltasunarekin».«Horien artean Espainiako Futbol Federazioa. Filtrazio interesatuak izan dira hainbat hedabidetan».
Helegite hori UEFAren Apelazio Batzordeak aztertuko du. Pedro Tomas espainiarra da hango buru. Presidenteordeak, berriz, Levent Bicakci turkiarra eta Sandor Berzi herbeheretarra dira. Beste 11 kide ere baditu. Gutxienez hiru kidek egon beharko dute erabakia hartzeko, eta presidentearen boza ez da erabakigarria izango. Tomas espainiarra da, eta Osasunak Espainiako Ligan jokatzen du.
Osasunak helegitea aurkeztuta, gehienez pare bat astetan erabaki beharko du. Apelazio Batzordearen erabakia Osasuna zigortzea bada, klub gorritxoak azken aukera izango du defentsarako: Kirola Arbitratzeko Epaitegira jotzea. Kirolari lotutako auzietarako epaitegi gorena da, eta haren erabakia behin betikoa da.
Gertuago dauka zigorra
UEFAko Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek gomendatu dute Osasuna Konferentzia ligatik kanpo uztea. Klubak Apelazio Batzordera joko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu