Gertu dauka perfekzioa

Bera Berak egur handia eman dio Kukullagari (15-40), eta ligako hamargarren partida irabazi du jarraian

Leire Garcia, Kukullagako atezaina, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Hamarretik hamar. Hogei puntu. Joko ona, golak, jokalari gazteei aukerak, Txapeldunen Liga ixteko garaipena... Bera Bera gozatzen ari da denboraldi honetan. Eta, beste behin ere, gainerako taldeekiko daukan aldea nabarmen utzi zuten atzo donostiarrekKukullagaren aurkako derbian (15-40). Atsedenaldirako, 7-21 aurretik ziren donostiarrak, eta, bigarren zatian ez zuten jaitsi erritmoa. Defentsan bizkaitarrak itota, eta kontraerasoan artista, erabat erraz lortu zuten gipuzkoarrek ligako hamargarren garaipena jarraian.

Mecalia Atletico Guardes eta Rocasarekiko garaipen batetik gorako aldea daukate donostiarrek, eta liga erabakita uzteko zorian iritsi dira urte amaierako atsedenaldira. Kukullagak, berriz, ez jaisteko borrokan jarraitu beharko du; zazpi punturekin, hiru puntura dauzka jaitsiera postuak. Superkopa, liga eta Txapeldunen Liga batuta, denboraldiko 17. partida zen atzokoa donostiarrentzat, baina ez zuten nabaritu nekerik. Partidari bete-betean ekinda, 4-12 aurretik ziren hogeigarren minuturako. Txandakatzeekin, Bera Berak dotore eutsi zion partidaren erritmoari, eta erabat itota ibili ziren etxekoak. Aldea eskandalagarria izan arren, une honetan punta banatan daude bi taldeak.

Eta antzeko erronka zeukan arren, Zuazok hainbestean aurre egin zion Rocasaren aurkako partidari. Bizkaitarrek hamar jokalarirekin soilik egin zuten Kanarietarako bidaia, atzo bertan iritsi ziren, eta, hala ere, oso partida duina jokatu zuten Rocasa ligako talderik indartsuenetako baten aurka (31-26).

Asobal ligan, berriz, Anaitasunak 29-25 galdu zuen Guadalajaran, eta seigarren postuan sendotzeko aukera ona galdu zuen. Santanaren geldiketei esker, nafarrek indarrean ekin zioten partidari (1-3), baina 16-11 iritsi ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian ez zuten eduki erreakziorako inolako aukerarik (29-25).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.