Urdaibaiko entrenatzailea

Iker Zabala: «Gerta daiteke erronkak beste leku batean bilatzea»

Kontxako Bandera, Eusko Label liga, eta banderen errekorra eskuratu ditu Iker Zabalak Urdaibaiko entenatzaile gisa amaitu berri den sasoian. Hirugarren urtea bete du herriko taldean, eta goia jo du azkenengo honetan.

AITOR ARRIZABALAGA / TKE
AITOR ARRIZABALAGA / TKE
pettan uralde
2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Urdaibaik dena irabazi du aurten, eta Iker Zabala entrenatzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1979) ezin die gehiago eskatu prestatu dituen arraunlariei. Baina Zabalarentzat denboraldi gogorra izan da, arrakastatsua bezainbeste. Airean utzi du etorkizunean zer egingo duen.

Zaila da aurten egin duzuen lana barneratzea?

Denboraldi oso gogorra izan da aurtengoa. Hirugarren urtea dut Bermeon, eta azkenengo hau izan da niretzat gogorrena, batik bat taldea motibatuta mantentzeko. Inoiz baino beranduago hasi genuen denboraldiaurrea, eta lesioekin ere luze egin zitzaigun negua. Baina denboraldia hasi, eta trainerua bikain joan da. Motorrak berotu ditugunean, izugarri ondo aritu gara, eta ekaineko txapelketetatik azken jardunaldira arte, talde oso egonkorra ikusi dugu. Ia ez dugu hutsik egin denboraldi osoan.

Gogorra izan bada ere, gozatu egingo zenuen taldea uretan ikusi duzunean, ezta?

Bi alderdi nabarmen dauzka entrenatzailearen rolak. Alde batetik, gozatu egiten duzu taldea irabazten ikusten duzunean; baina, bestetik, sufritu egiten duzu. Uste dut prestatzaile guztioi gertatzen zaigula ez dugula denborarik izaten gozatzeko, beti gaudelako datorrenari begira. Estropada irabazten duzu, baina zure pentsamendua hurrengoan dago. Urdaibai bezalako proiektu batean ez dago lasaitzeko momenturik, eta esango nuke hemen egon diren entrenatzaile guztiek bizi izan dutela hori. Asko sufritzen da horrelako kargu batean.

«Arraunlariak oso ondo eta asko prestatu behar dira maila honetan aritzeko astetik astera. Emaitzak alde batera utzita, uste dut ezin dudala gehiago eskatu»

Kontxan erakustaldia eman zenuten bi igandeetan. Hor ikusi da denboraldi osoko Urdaibairik onena?

Zalantzarik gabe. Talde honen benetako maila Kontxan ikusi da, eta horixe bera esan nien mutilei. Talde oso beteranoa gara, eta, estutzeko garaian, eurek beren burua erregulatu dute. Kontxara barruan zuten guztia ematera joan ziren, eta ez zuten ezer gorde nahi izan. Horrela aritu izan bagina denboraldi osoan... Estropada asko irabazi ditugu, baina bete-betean ez gara hainbestetan aritu.

Iker Zabala bere arraunlarien artean, Eusko Label ligako garaikurra altxatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Iker Zabala bere arraunlarien artean, Eusko Label ligako garaikurra altxatzen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Agian hor duzu denboraldiko arantza bakarra: 19 minututik jaitsi ezin izana Kontxan.

Arantza oso gutxi dauzkat aurtengo denboralditik, baina bat esan beharko banu Zarauzko Ikurrinaz gogoratu behar dut. Larunbatean eta igandean ez ginen arraunkada egokian aritu, baina dei bat izan zen ez lasaitzeko. Igande horretan ikusi genuen dena emanda aritzen ez baginen ezingo genuela guztia irabazi. Egun hartatik, gutxi utzi genuen irabazi gabe.

Hala eta guztiz ere, txapelketa guztiak irabazi dituzue, Eusko Label ligako bandera errekorra barne. Eska daiteke gehiago?

Beste urte batzuetan erantzuna baietz izango litzateke, baina uste dut aurten zuku guztia atera diogula talde honi. Badakit talde handia izan dudala, eta larunbatetik igandera aldaketak egin ahal izan ditudala. Baina arraunlariak oso ondo eta asko prestatu behar dira maila honetan aritzeko astetik astera. Emaitzak alde batera utzita, uste dut ezin dudala gehiago eskatu. Garai bat markatu dute arraunlari hauek, eta garaipen errekorra hor egongo da urte luzez.

Aurreko urtean esan zenuen ez zenuela modurik ikusten hobekuntzak lortzeko, baina aurten nabarmen hobetu dituzue emaitzak. Nola da posible?

Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, guk ez dugu aurreko urteko maila jaitsi. Zertxobait hobetu dugula ere esango nuke. Bestetik, aurkariak apalago aritu dira. Agian eurek ez dute horrela ikusiko, baina, nire ustez, aurreko urtean sasoi hobea zuten; sentipen hori daukat. Batzuetan ez dugu oso estropada ona egin, eta, hala ere, bandera irabazi dugu. Hori ez da normala.

«Hotzean pentsatu beharreko kontu bat da, eta ez beroan. Aste honetan erabakiko dut, klubarekin hitz egin ondoren»

Erronka berrien bila hasteko garaia da Iker Zabalarentzat?

Bai, baliteke baietz. Agian erronka berri hori Bermeon aurkitu dezaket. Urtetik urtera zenbait arraunlarik taldea uzten dute, eta ziur nago erronka gogorra izango duela Urdaibaik hurrengo urtean. Baina gerta daiteke erronkak beste leku batean bilatzea. Hotzean pentsatu beharreko kontu bat da, eta ez beroan. Aste honetan erabakiko dut, klubarekin hitz egin ondoren. Bermeotarra naiz, eta lehentasuna bertan jarraitzea izango da. Baina ez jarraitzearen aukera ere hor dago, eta gerta daiteke.

Harrobiko arraunlarien arau berriak eragina izan dezake etorkizunean zer egin aukeratzeko orduan?

Erabakia horren menpe egon daiteke. Beteranorik ez badago Bermeon datorren denboraldian, ez da talderik egongo. Faktore garrantzitsua da. Mutilak oso lanpetuta egon dira orain arte, eta atsedena behar dute erabakitzeko. Nik ez, astebete besterik ez daukat erabakia hartzeko, eta horrela izango da.

AITOR ARRIZABALAGA / TKE
AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Jakina da arauaren kontra zaudela.

Erabaki hau kudeatzeko moduaren kontra nago, baina beti esan dut aldaketa baten alde nagoela. Aldaketarik ez badago, argi dago arraunak ez duela aurrera jarraituko. Bermeon bezala, beste toki askotan ere arazoak daude trainerua osatzeko. Baina erabakia gure bizkar hartu dute, azkarregi, eta Zierbenari eta Urdaibairi kalte egiteko. Kasualitatez, aurten ere ligan lehen bi ontziak izan direnei kalte egiteko. Aldaketak arraunaren onerako hartu behar dira, ez klub batzuen kontra joateko. Beste formula batzuk egon dira arraunaren onerako zirenak. Baina hau liga pribatu bat da, eta hamabi klubetik hamarrek arau berriaren alde bozkatu dute. Ez dago debatea luzatzeko arrazoirik.

«Guk ez dugu beldurrik gure iritzia errespetuz helarazteko, eta, gainera, arrazoitu egiten dugulako esaten duguna»

Beste formulak badaudela aipatu duzu, baina ez dago atzera-bueltarik. Arau berriarekin nola ikusten duzu arraunaren etorkizuna?

Daukagun arazo nagusia zera da, traineruan batez besteko adina geroz eta handiagoa dela, eta ez bakarrik Bermeon. Ondarroak, Isuntzak eta Cabok gure adin antzekoa dute. Baliteke bakarrik Getaria eta Orio izatea traineru gazteak. Beste traineru guztietan arraunlari beteranoak daude, baina protagonismo guztia guk bereganatu dugu irabazi egiten dugulako. Harrobia landu egin behar da, eta mutil eta neska gazteak animatu behar ditugu. Orduan, zergatik ez ditugu klubak behartzen traineruetan jende gaztea sartzera? Hori izango litzateke arraunaren egonkortasunaren alde egitea. Harrobiko arraunlaria herri bertakoa izan daiteke, baina, adina mugatzen ez bada, zertarako balio du? Kupo horien barruan sartzen dira 40 urteko harrobiko arraunlariak, eta arau berri honekin ezin da arrauna suspertu. Bakoitzak ikusiko du zer bozkatu duen, eta ikusiko dugu nork duen arrazoia eta nork ez.

Azken urteetan beti egon zara zenbait polemikatan murgilduta. Nekatu zara batzuek jomugan zaituztelako?

Edozer esanda kritikatzen nau jendeak, eta horrekin nago nekatuta. Askotan inongo motiborik gabe egiten dute. Azkenengo puntada izan da kritikak jasotzea nire patroiarekin erdaraz hitz egiteagatik. Kasualitatez beste patroiek eta beste entrenatzaileek ez dute kritikarik jaso erdaraz egiteagatik, baina ni jomugan jarri naute. Irabazten ari garen bitartean fokuan gaude. Aurten oso zuzendari eta entrenatzaile gutxik egin dituzte adierazpenak. Jendeak zergatik ez du hitz egiten? Zeren beldur dira? Guk ez dugu beldurrik gure iritzia errespetuz helarazteko, eta, gainera, arrazoitu egiten dugulako esaten duguna. Halere, kritikak jasotzen ditugu, baina okerrena da kritika horiek ez direla arrazoituak. Horrek ematen dit mina.

Igartzen da horrekin guztiarekin ez zaudela oso eroso. Zerk motibatzen zaitu arraunean jarraitzeko?

Lehiakor sentitzeak motibatzen nau. Berdin zait irabazi edo ez, baina behintzat aukera izan nahi dut estropada guztietan irabazteko. Badakit ez dela erraza. Entrenatzaile bikaina izan zaitezke, baina talde on bat izan behar duzu esku artean estropada guztietan lehiatzeko. Talde horri forma emateak eta irabazteko grinak motibatzen naute gaur egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.