Gerriak kendu dio gerrikoa

Iñaki Izak zazpi hilabete daramatza geldi, bizkarrezurreko lesio batengatik. Bi aldiz operatu dute, baina ez zaio kendu mina. Laster bukatzen zaio kontratua, eta zail ikusten du berriz ere jokatzea.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Zornotza
2016ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ez dut penarik eman nahi, e. Ondo daramat. Mugimendu jakin batzuk egiteak min ematen dit, baina ondo kudeatzen dut. Gu kexatzen bagara, okerrago daudenek zer esango dute?». Iñaki Izak (Zornotza, Bizkaia, 1986) ez du dramatizatzeko gogorik. Gerriko lesio batetik irteteko lanean dabil, eta, bi ebakuntza egin ondoren, nahiko garbi ikusten du pilotari ibilbidea bukatzear duela. Ekainean amaitzen zaio kontratua Asegarcerekin, eta ez du segitzerik espero.

Lesio ugariko pilotaria izan da Iza, bolada gozo motzak izan dituena, baina, partida on gutxi batzuk kateatu dituenean, estelarren usainean ibili da. Azken urteak, baina, kalbarioa izan dira; azkenekoa, batez ere. «Azaroaren 21ean jokatu nuen azken partida, Iruñean. Laugarren tantoan, gerrian min hartu nuen, min ezberdin bat, baina, irabaz zitekeela ikusten nuenez, sufrituz bukatu nuen. Pilotaria halakoa da, garaipena ikusten badugu... Sufrikarioa izan zen, kostata iritsi nintzen aldagelara. Egun hartan, ziur asko nire azken partida izango zela ikusi nuen». Iruñean izan zen, bera eta Arretxe, Retegi eta Irustaren aurka. 22-19 galdu zuten. «Galduko nuela jakin izan banu, ez nuen bukatuko», aitortu du, umoreko.

Egun hartan, mediku dantza hasi zuen. Gerriak arazo handiak eman dizkio, baina min hau bestelakoa zen. Izak protusio bat eta mugituriko orno bat du, baina azken mina orno arteko higadurak eragin dio. Iñigo Simon Asegarceko medikuaren eskutik, makina bat espezialistarengana joan da. Ebakuntza saihesten saiatu zen, tratamendu eta botikekin, baina ez zitzaion beste biderik gelditu. Bi ebakuntza egin dizkiote, azkenekoa duela hiru aste, nerbioa erre ziotenean. Onartu du «arduratuta» dagoela, minak hor baitirau. «Medikuek besterik ezin dela egin esaten didate, eta nik mina dut. Egia esan, bizitza normala minik gabe egiteko moduan gelditzen banaiz, ni konforme». Hernia eta bizkarrezur lesioak ohikoak dira pilotan, besteak beste zoru gogorrean jokatzen delako, eta beste pilotari ohi batzuei azkenean mina kendu zutela entzuteak baikor izaten lagundu dio.

Azken urtea gogorra izan da—bost partida bakarrik jokatu ditu iragan ekainetik— baina sendatze prozesuan murgilduta egoteak pilota gosea ahatzarazi dio. «Etxekoek lagundu didate, lagunek... Baita herriak ere. Jendeak badaki minez nagoela, eta askok eman dizkidate animoak kalean ». Enpresako medikuei ere esker ona adierazi die. «Enpresarekin izan dudan harremana medikuak izan dira, eta pentsatzen dut haiek hitz egingo zutela goikoekin. Iñigo Simon oso ondo portatu da».

Izak 2009an egin zuen debuta. Ezker dotoreko atzelari luze haren profesionaletarako jauziak ikusmina sortu zuen, afizionatuetan maila ona eman baitzuen. Lesioak, baina, haren gurutze bidea izan dira, eta, hala ere, kontratuak berritu izan ditu. Lehen urteetan, eskuetako arazo ugari eduki zituen, eta, 2012an, sei hilabete egon zen geldirik gerriarengatik. 2013an, beste hainbeste egon zen jokatu gabe, ezker besoko nerbioko arazo bat eta Q Sukarra delako gaitzaren erruz. «Biak gaitz arraroak ziren. Besoa erabat mehetu zitzaidan, eta sukarrarekin gaixo infekziosoen gunean ospitaleratu ninduten! Nik ea zer nuen galdetzen nien medikuei, eta haiek, ez zekitela...». Gero, hainbat lesio txiki etorri ziren, eta gerria, berriz. «Kristalezkoa izan naiz. Baina, tira, gustura nago eginikoarekin. Atzera begiratu eta ez ditut lesioak bakarrik ikusten. Halere, egia da lesioengatik izan ez balitz partida askoz gehiago jokatuko nituela».

Pilotak haren osasunari eragin dio, baina gauza bat argi du: «Ez zait inoiz damutu pilotan hasia. Euskal Herria eta inguruak ezagutzeko aukera izan dut. Lagun asko egin ditut, eta gauza ederrak bizi». Orain, etorkizuna du buruan. Lehenik, Irakasle ikasketak bukatu —bigarren eta hirugarren mailen artean dago—, eta, gero, Erdu Pilotari ekin. «Zornotza aldean emakumeen pilota bultzatzeko egitasmoa da. Hori da muina, baina mutikoak ere izango ditugu. Irailean hasi nahi dugu, planteamendu ludiko berri batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.