Ordiziako Klasikoa antolatzen duen Txapel Gorri Elkarteko kidea da Ketxus Sanz (Ordizia, Gipuzkoa, 1957), eta oso dei garrantzitsua jaso zuen joan zen asteazkenean: Rural Kutxa lasterketa diruz laguntzeko prest zegoela esan zion enpresa horretako ordezkari batek. Proba bertan behera utzi eta «pare bat ordura» jo zuen Sanzen telefonoak. Zenbait astez «inpotentzia handia» sentitu ondoren, antolatzaileek lasaitasunez egin dute hasperen.
Ordiziako Klasikoa antolatzen jarraitu ahalko duzue, Rural Kutxaren laguntzari esker. Arindu handia hartuko zenuten.
Bai, oso lasaigarria izan da Rural Kutxaren babesa izango dugula jakitea. Ez genuen espero. Lasterketa bertan behera uztekotan ginen, eta, erabakiaren berri eman eta pare bat ordura, Rural Kutxako ordezkari batek deitu zidan, esateko laguntzeko prest zeudela. Ez zuten nahi mende bateko historia duen lasterketa bat ezerezean gelditzerik. Hori bai, gure asmoa ez zen lasterketa betirako etetea, aurten ez egitea baizik. UCIk bi urtez gelditzeko aukera ematen dizu, baina hirugarrengoan, lasterketa antolatu ezean, kanporatu egiten zaitu.
Iazko lasterketak dezenteko diru galera eragin zizuen. Aurreko urteetan erabili gabeko diruari esker egin zenioten aurre egoerari. Baina horrela jarraitzeak ez zuen zentzurik.
Guk hiru lasterketa antolatzen ditugu: Ordiziako Klasikoaz gain, kadeteen proba bat ere badugu, baita emakumeen lasterketa bat ere; Gipuzkoako itzuliaren parte da, eta Gipuzkoako Txapelketa gisa balio du. Bada, denera, 40.000 euro inguruko galera izan genuen. Rural Kutxak esan zigun kopuru horrengatik ezin zela lasterketa bertan behera gelditu. Haiek txirrindulari taldea ere babesten dute, eta taldearen bidez jakin zuten gure egoeraren berri. Gure kabuz, zentzugabea zatekeen urtero halako galera pilatuz jarraitzea. Mendeurreneko lasterketan diru gehiago lortu genuen, liburu baten salmentari eta ezohiko laguntzei esker. Baina aurrera begira, egoera ez zen bideragarria.
Oso gogorra izan behar du, antolatzaile bezala, horren errotuta dagoen lasterketa bat bertan behera utzi behar izateak.
Bai, inpotentzia handia sentitu dugu. Rural Kutxaren deia jaso aurretik, ahaleginak eta bi egin genituen konponbide bat topatzeko. Komertzial baten beharra genuela ikusi genuen; kontaktuak izango zituen norbait, egoera desblokeatzeko gai izango litzatekeen norbait. Urtarril hasieran Bilboko enpresa batekin jarri ginen harremanetan. Kirol ekitaldi handiak antolatzen dituzten beste zenbait enpresarekin egiten du lan. Puntako berrogei enpresarekin hitz egin zuten, baina batzuek zioten ez zutela interesik txirrindularitzan, eta beste batzuek, berandu genbiltzala. Mundua gainera etorri zitzaigun.
Aurrekontuaren igoera, batez ere, segurtasunarekin lotutako gastuek eragin zuten. Zergatik handitu dira gastu horiek?
UCIk ezarritako baldintza berriengatik. Orain, lasterketetan segurtasun handiagoa izatea eskatzen du. Eta neurri are zorrotzagoak ezarriko ditu datorren urtetik aurrera. Segurtasuna kudeatzeko, kanpoko enpresa bat kontratatu behar dugu. Besteak beste, Espainiako Vueltaz eta Euskal Herriko Itzuliaz ere arduratzen da. Oso lan ona egiten du, baina gastu geroz eta handiagoa da guretzat. Bestalde, iaz ETB1en eskaini zen lasterketa, eta telebistan agertzeko, hobeto jantzi behar duzu dena. World Team eta Pro Team taldeak erakartzea ere ez da merkea —diru bera ordaintzen da maila bateko zein besteko taldeak ekartzeko—. Eta hotelen prezioa ere ikaragarri garestitu da.
«UCI neurri berriak hartzen ari da lasterketetako segurtasunari dagokionez, eta gastua gora doa guretzat»
Lehen bilera larunbatean egin zenuten Rural Kutxarekin, eta ondo bidean, gaur itxiko duzue akordioa. Zer proposatuko duzue zuek?
Larunbatekoa bilera informala izan zen. Elkar ezagutu genuen, eta ondo sentitu ginen. Gutxienez hiru urterako akordioa sinatu nahiko genuke guk. Eta bost urte balira, are eta hobeto. Lasterketa modu egonkorrago batean antolatu ahalko genuke, eta era berean, segurtasun horretatik abiatuta, finantzaketa iturri gehiago bilatuko genituzke.
Zein da nazioarteko proba bat antolatzeko zailtasunik handiena?
Ekonomiaz harago, arlo administratiboa geroz eta nahasiagoa da. Aurrerapen handiz egin behar da lan: UCIri lasterketa baino bi urte lehenago egin behar zaio eskaera. Iaz, adibidez, 2026ko lasterketa egiteko eskaera egin nuen. Eta taldeei azaro inguruan esaten diegu ea etortzeko prest dauden. Haien erantzuna jaso ostean, UCIk eskatzen dituen tramiteak abiatzen ditugu. Bestalde, boluntarioak lortzeko arazoak izaten ditugu. Guk ez dugu sosik ordaintzen, eta kontuan hartu behar da Ordiziako festetan jokatzen dela lasterketa. Kosta egiten zaigu zirkuituan 50 pertsona edukitzea.
Proba erakargarria da talderik indartsuenentzat. Adibidez, azken bi urteetako irabazleak UAE taldeko txirrindulariak izan dira.
Hori da. Aurten ere Ordizian izango dugu UAE taldea. Education Firstek, Movistarrek, Astanak eta Cofidisek ere baiezkoa eman digute. World Tourreko bost talde izango ditugu, eta hogei ariko dira guztira. Pro Team mailakoak zortzi izango dira, eta Kontinental mailakoak, zazpi. Munduko txoko guztietatik etorriko dira taldeak: Malaysiatik, Txinatik... Oso urrundik etorri behar dutenek kale egiten dute batzuetan, arazo burokratiko eta logistiko dezente izaten baita.
«Boluntarioak lortzeko arazoak izaten ditugu. Kosta egiten zaigu zirkuituan 50 pertsona edukitzea»
Besteak beste, bere historia luzeak egiten du berezi Ordiziako Klasikoa: aurten 102. aldiz jokatuko da.
Munduko lasterketarik zaharrenetako bat da, eta ea urteak betetzen jarraitzen duen. Lasterketa honen esentziak Euskal Herriko ziklismo zaletasunarekin du zerikusia. Pasio handia izan dugu betidanik. Hori bai, geroz eta zailagoa da proba profesional bat antolatzea.
Zuek onik atera zarete larrialditik. Baina mende honetan proba garrantzitsuak desagertu dira: Euskal Bizikleta, Emakumeen Bira, Zornotzako Klasikoa, Urkiolako Igoera... Oso kezkagarria da egoera? Eta zer irtenbide eman dakioke?
Bai, oso kezkagarria da. Lasterketa asko desagertu da, eta Getxoko probak, guk bezala, doi-doi egin du aurrera. Atzean enpresa handi bat eduki ezean, zaila da urtez urte lasterketak antolatzea. Nahiko nuke makilatxo magiko bat eduki, baina ez dut konponbide errazik ikusten. Lan handia egin behar da antolatzaile bezala, eta musu truk, noski. Batzuentzat harrigarria da Ordiziaren moduko herri txiki batek nazioarteko proba bat antolatzea. Guk ahal dugun guztia egiten dugu.