Mikel Merinok (Iruñea, 1996) «indarrez» ekingo dio Espainiako Ligako etenaren osteko partida sorta handiari, eta, Reala aise ari den arren, sosegua eskatu du: «Oraindik ez dugu ezer egin». Arazo fisikoak gaindituta, Valentziaren aurkako neurketan du arreta.
Erabat osatu al zara?
Ondo nago, hobetzen. Min hartu nuenean, zortea izan nuen; jokaldi zatarra izan zen, baina ondorio gutxi izan du. Fisioekin aritu naiz lanean, eta entrenamenduetan kargak ondo kudeatzen, partidara ondo ailegatzeko.
Beraz, hasieratik aritzeko moduan zara?
Imanolek [Alguacil, entrenatzailea] hala nahi badu... Taldearekin entrenatzen aritu naiz, eta uste dut jokatzeko moduan egongo naizela.
Gaur Valentzia duzue aurkari. Nolako neurketa espero duzu?
Zaila. Entrenatzaile berriak ideiak aldatu dizkie. Etenaren osteko partidetan gosea egoten da, eta intentsitate handikoa izango da. Ea nola kudeatzen dugun energia hori.
Valentziak ez al du distira apur bat galdu?
Jokatzeko era ezberdina dute aurten, eta litekeena da jokalariei ohitzea kostatu izana. Ondo hasi ziren, entrenatzaile aldaketak suspertuta. Orain agian ez dira horren ondo egongo, baina ezin gara erlaxatu. Ondo landutako taldea da: Jose Bordalasek Getaferi erantsi zion grina hori badu, eta bakarka, kalitate handiagoko jokalariak ditu. Edonoiz min egin dezake; bereziki, trantsizioetan edo bigarren jokaldietan. Amaierara arte eusten dio intentsitateari, eta partida batzuk amaieran irauli ditu. Adi horri.
Partida gogorra espero duzu?
Noski. Bordalasen taldea da, eta Valentzia, izatez, lehiakorra da bestela ere. Asko estutzen dute, eta jakin behar dugu haien intentsitatea berdintzen.
Zertan asmatu beharko duzue?
Iruditzen zait baloi jabetzari dagokionez jokoaren pisua guk izango dugula. Aukerak erabakitzerakoan fin aritu beharko dugu: barrutik edo kanpotik jokatzean, adibidez. Gero, haien trantsizioak zaindu. Gehienbat, horretatik bizi dira. Kontzentrazioa gakoa da.
Aldez edo moldez irabazten duzue aurten. Zaildu egin zarete?
Baietz uste dut. Beste urteetan, oso ondo egon ezean ez genuen irabazten. Orain ari gara partida zailagoak kudeatzen: erotu gabe, neurketako faseak onartuz. Atea hutsean utzi, eta gure aukerak sortzeko pazientzia dugu. Erregistro ezberdinak erabili ditugu.
Liderrak zarete ligan. Espero al zenuten?
Ez, sasoi hasieran ez dugulako postuetan pentsatzen. Polita da lehendabiziko postuan egotea, eguneroko lanaren saria delako. Halere, ez digu gure bidetik aldenduko gaituen sentipenik sortuko. Hori argi baldin badugu, bide onean gaude.
Postuari ahalik eta gehien eustea al da helburua?
Jakina. Kontziente gara: halako sasoi luzeetan, boladaka doa dena. Saiatu behar dugu sasoia gorabeheren eta kasualitateen ondorio ez izaten. Merezimenduek ondu dezatela. Uste dut partidetan nagusitasuna izanda, eta irabazteko aurkariek baino merezimendu gehiago eginda, emaitza gehienak positiboak izango direla. Futbolak, oro har, gehien saiatu eta ondoen jokatzen dutenak saritzen ditu. Horrek izan behar du gure helburua, baita bizpahiru partida segidan galduta ere. Ideia horri eutsi behar diogu.
Ideia horri eutsita, liga irabazteaz hitz egin al daiteke?
Ez, orain behintzat ez. Niri ez zait gustatzen horretaz hitz egitea, errealitatetik kanpo dagoelako. Maila handiko taldeak daude, eta botere ekonomiko handikoak. Gu ondo ari gara, baina oraindik izugarri falta da. Oraintxe, liga irabazteaz ezin dute hitz egin ez Real Madrilek, ez Bartzelonak. Auskalo gero zer gertatzen den. Egunez egun lan egin behar dugu, beti hurrengo partidaz hitz egin, eta azken jardunaldietan ikusiko dugu.
Atzera begiratu dezagun, orduan. Zeintzuk dira bolada onaren gakoak?
Gure asmoei leial izatea, eta partida bakoitzera egokitzen jakitea. Taldea zertan ari den aztertzea ere bai: ondo egiten duguna, baita gaizki egiten duguna ere. Egia da partida bakarra galdu dugula,baina zenbait emaitza ere kolpeak izan dira: irabazteko partida izan, irabazita eduki, eta azken unean berdintzea. Halakoetan garrantzitsua da ideia ez aldatzea. Itsasontzia artez doanean, olaxka batek ez du norabidea aldatzen.
Partida kopuru handia duzue zain. Etorkizuna argituko al du?
Hilabete guztiak dira inportanteak. Bi hilabete daramatzagu izugarri jokatzen, ostegunetan eta igandeetan. Ezinezkoa da gehiago jokatzea. Beti dugu zama handia, eta puntu asko daude jokoan. Ohituta gaude halako erritmoetara; joan zen sasoiak asko irakatsi zigun, eta orain ez gaitu ezustean harrapatu. Nekosoa da, baina badakigu zer dagoen. Ezin gaitu harritu horrek. Baina bai: hilabete garrantzitsua da.
Nola dago aldagela?
Pilak ondo beteta. Etenak atseden hartzeko balio izan digu. Hiru egunean behin jokatzea adiktiboa ere bada, eta jokatzeko irrikan gaude.
Imanolek zer mezu helarazi du?
Lehengoari segitzeko, erlaxatu gabe: gutaz hain ondo hitz egiteak ez gaitzala nahastu. Talde honek egiten ditu gauzak ondo, baina baita gaizki ere. Ondo egindakoei soilik begiratzea okerra litzateke. Imanolek nahi du guk hazten jarraitzea, eta, bereziki, gogotsu entrenatzea.
Estimu handitan zaitu zu. Ligako jokalaririk onena omen zara.
Ondo jaso nuen. Hitz handiak dira horiek, eta ez ziren oharkabean igaro. Ni oso gustura nago Imanolekin: hitz horiek —eta taldekideei aldagelan esaten dizkienak— gugan duen konfiantzaren adierazle dira, eta hori babes handia da. Lagundu egiten gaitu.
Realean zaudenetik garairik onenean al zaude?
Bai. Urtetik urtera askok esaten didate nire ibilbideko garairik onenean nagoela. Beti esaten dut baietz, hala sentitzen naizela: ikasten ari naizela igartzen dut, hobetzen ari naizela. Urteak ez direla alferrik igarotzen. Geroz eta lanabes gehiago ditudala jabetzen naiz, eta patxada handiagoa. Ea datorren urtean gauza bera esan ahal dudan. Etengabe hazten saiatzen naiz: gerta daitekeen onena da.
Zure mailak klub onenen arreta piztu dezakeela uste duzu?
Beti daude begira, futbola erakusleiho eta negozio bat delako. Reala bere garaian nirekin erreparatu zidan moduan, jokalari guztiak gaude erakusleihoan. Futbolaren munduan, normala da klubek baten edo besteren nahia dutela zabaltzea. Patxadaz hartu behar da; futbolaren egunerokoa da hori.
2025era arte duzu kontratua. Horri erreparatzen al diozu?
Ez. Oso ondo nago hemen, eta taldea hazten ari da. Klubak xede anbiziotsuak ditu, eta hori da nik nahi dudana. Hona heldu nintzenean, Roberto Olabek sarri esaten zidan klubak zer gogo zituen gora egiteko, eta ikusi besterik ez dago nolakoak izan diren azken lau-bost urteak. Oso pozik nago hemen, eta lasai nago alde horretatik.
Zaleek gogoko zaituzte, eta rock abesti bat ere egin dizute. Ezagutzen al duzu?
Bai, baina ez naiz bakarra, e! [barrez]. Ona da, graziosoa. Nire lagunek beti jartzen didate, eta kantatu. Polita da. Zaleen beste keinu bat da; atsegin nautela esateko beste modu bat. Gauzak ondo ala gaizki suertatu daitezke, baina gogoa jartzen duzunean eta saiatzen zarenean, zaleek hori aitortu egiten dute.
Mikel Merino. Realeko jokalaria
«Geroz eta lanabes gehiago ditudala jabetzen naiz, eta patxada handiagoa ere bai»
Bere ibilbideko «garairik onenean» dago Mikel Merino, eta Realean «oso pozik» dagoela esan du. Taldearekin batera «hazten» segitu nahi du erdilari nafarrak, eta eguneroko lanari heltzeko eskatu du: «Sasoia merezimenduek ondu dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu