Eibar futbol taldeko entrenatzailea

Joseba Etxeberria: «Geroz eta hobeto ari gara; talde orekatua eta lehiakorra dugu»

Hasierako emaitza txarrak gaindituta, igoeraren lehian bete-betean murgilduta dago Eibar. «Argi neukan sailkapenaren goiko aldean egongo ginela», dio Etxeberriak.

Joseba Etxeberria, Atxabalpen egindako lansaio batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Joseba Etxeberria, Atxabalpen egindako lansaio batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñaki Berastegi.
Eibar
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Eskuartean daukan taldearekin «oso pozik» dago Joseba Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977). «Erasokorrak izaten segitu behar dugu, baina defentsako lana hobetuz». Hurrenez hurren, Elx, Espanyol eta Leganes aurkari zuzenen kontra jokatuko du talde armaginak hurrengo jardunaldietan.

Neguko fitxaketen merkatua amaitu da. Lasaiago lan egiteko moduan zara?

Bai. Lasai lan egin dugu, oso argi geneukalako zer ekarri nahi genuen; guretzat oso merkatu ona izan da. Udan ere argi geneukan zer behar genuen, baina merkatuko azken eguna oso nahasia izan zen. Egia da talde oso ona eta lehiakorra genuela, baina behin lehengo itzulia amaituta, argi geneukan zer jokalari mota behar genuen, eta, zorionez, gure lehengo bi aukerak ekarri ahal izan ditugu. Sergio Leonekin eta Peru Nolaskoainekin hobeak gara.

Bi jokalari horiek zer emango diote taldeari?

Alde batetik, goleatzaile baten bila genbiltzan. Bigarren Mailan gol gehien sartu duen taldea garen arren, ikusten genuen gol aukera mordoa sortzen genuela. Jokatu zuen lehenengo partidan jada ikusi da Leonek zer daukan. Peruri dagokionez, erdilaria bada ere, atzean jokatzeko gaitasuna ere badauka. Beraz, uste dut oso talde orekatua dugula orain; oso pozik nago.

Orain arteko denboraldi zatiaren zer balorazio egiten duzu?

Iruditzen zait hiru fase oso argi izan dituela taldeak. Lehenengoa, emaitza eta joko aldetik oso txarra izan zen. Bigarrenean, taldeak erabat irauli zuen egoera, jokoa bikaina izan zen eta emaitzak oso onak. Azkenik, lehen itzuliko azken txanpan, nahiz eta joko ona egin, ez ginen lehiakorrak izan; penalti gehiegi egin genituen, txartel gorri asko ikusi, eta gol inozo gehiegi jaso... Orain, bigarren fase horretan eman genuen maila berreskuratu nahi dugu. Garrantzitsuena talde indartsuenen artean segitzea da, eta azken jardunaldietan esprinta jotzea.

Zaleak gozaraziko zituen joko alai eta erasokorra egin nahi zenutela zenioen denboraldiaurrean. Hori lortu duzuela iruditzen zaizu?

Bai. Taldearen irudia denok argi daukagu. Ipuruan, gehienetan, taldeak eman duen mailarekin jendea gustura dagoela uste dut, eta horrek izan behar du gure ispilua. Bigarren Maila oso lehiatua eta borrokatua denez, oso garrantzitsua da azken jardunaldietara burua garbi izanda ailegatzea. Taldea geroz eta hobeto ari da, joko aldetik zein mentalki.

Gol gehien sartzen duen taldea zarete, baina aurreneko hamar sailkatuetatik gol gehien jasotzen duen bigarren taldea ere bazarete. Hori hobetu behar duzue?

Bai, argi dago. Badakigu erasoan jokatzeko dugun moduak arrisku batzuk dakartzala, nire taldeak beti izan baitira halakoak. Orain arte bezain erasokorrak izaten segitu behar dugu, baina defentsako lana hobetuta.

Denboraldi hasieran emaitzak ez ziren onak izan. Zure kargua kolokan ikusi zenuen?

Ez. Kezkatuta nengoen emaitzengatik, baina nire kargua ez nuen inongo momentutan arriskuan ikusi. Klub barrutik konfiantza erakutsi zidaten, eta, beraz, alde horretatik lasai nengoen. Argi neukan taldeak bere mailarik onena berreskuratutakoan sailkapenaren goiko aldean egongo ginela. Hainbeste sufritu ostean, taldea mentalki indartu egin zen.

Klubarekiko duzun gertutasuna dela eta, gauzek gehiago eragiten dizute?

Bai, ni elgoibartarra naiz, baina Eibarren bilakaera oso gertutik jarraitu dut. Nire emaztearen senide guztiak eibartarrak dira, oso zaleak, eta, beraz, konpromisoa ezberdina da. Gauzak ondo doazenean gehiago disfrutatzen da, zure gertuko jendea disfrutatzen ikusten duzulako.

Aurreko bi denboraldietan igoera oso gertu izan zuen taldeak. Bi kolpe horiek barneratzeko eta ahazteko lan egin behar izan duzue taldearekin?

Denboraldiaurreko lagunartekoetan ikusi genuen gol aukera txiki bat egiten zigutenean taldeak mentalki beheraka egiten zuela. Pentsatzen genuen prozesu natural baten parte izango zela hori, baina lehen jardunaldiak jokatuta ikusi genuen ez zela gauza puntual bat. Bagenekien kosta egingo zitzaigula egoera hori atzean uztea, baina ez hainbeste. 

«Behin lehenengo itzulia amaituta, argi geneukan zer jokalari mota nahi genuen, eta, zorionez, gure lehenengo bi aukerak ekarri ahal izan ditugu. Peru Nolaskoainekin eta Sergio Leonekin hobeak gara».

JOSEBA ETXEBERRIAEibar futbol taldeko entrenatzailea
Gaizka Garitanok egindako lana baliagarria izan zaizu?

Bai. Gaizkarekin hitz egin nuenean berak esan zidan taldea oso lehiakorra zela, eta egunerokotasunean oso portaera ona zuen multzoa izango nuela. Gaizkaren lana bi urte horietan bikaina izan zen, nahiz eta azken helburua ez lortu. Entrenatzaile bakoitza desberdina den arren, egindakoari jarraipen bat ematea izan da asmoa.

Oso bestelakoa da Mirandes edo Eibar entrenatzea?

Bai, nahiz eta talde guztiak diren ezberdinak. Mirandes filial antzeko bat dela esan daiteke, jokalari gazteentzako tranpolin bat. Eibar azken urteetan oso talde eta klub profesionala bihurtu da, eta helburuak geroz eta handiagoak dira.

Hurrenez hurren, Elx, Espanyol eta Leganes izango dira hurrengo aurkariak. Igoera zuzenaren borrokan oso hilabete garrantzitsua da, ezta?

Bai. Bigarren Mailan partida guztiak dira garrantzitsuak, eta iruditu dezakeen arren sailkapenaren beheko zatian dauden taldeak garaitzea erraza dela, ez da hala. Horrelako partida segida bat noiz izan aukeratu beharko banu, uste dut momentu ona dela guretzat, taldea sasoi onean dagoelako. Nire ustez, azkeneko sei edo zortzi jardunaldietan ikusiko da benetan nor egongo den igoeraren borrokan.

Denboraldi baterako kontratua sinatu zenuen, 2024ko ekainera artekoa, beste sasoi batez berritzeko aukerarekin. Helburuari lotuta dago aukera hori?

Nire ustez, onena denboraldi bakarrerako sinatzea zen. Denboraldia amaitutakoan hitz egingo eta ikusiko dugu zer erabakitzen dugun. Gauzak ondo baldin badoaz, kluba nirekin eta ni klubarekin gustura bagaude ez da arazorik izango, eta oraingoz horrela izaten ari da. Orain ez dut horretan pentsatzen. Helburu oso argi bat daukagu, eta sasoia amaitutakoan hitz egingo dugu.

2022an BERRIAri emandako elkarrizketa batean, esan zenuen Ernesto Valverde dela Athleticentzat entrenatzailerik aproposena. Athleticekin gozatzen ariko zara.

San Mamesera joaten naiz askotan, bai. Dudarik gabe Ernesto da Athleticentzat entrenatzailerik onena, eta espero dut urte luzez klubean jarraitzea. Duen portaeraz gain, gaitasun handia du jokalari gazteak eta beteranoak ondo nahasteko. Jokalari gazte asko maila handia ematen ari dira, eta hori ez da kasualitatea: Ernestoren meritua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.