Jorge Azanza. Euskaltel Euskadiko zuzendaria

«Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri»

Euskal Herriko Itzulia «Tour txiki bat bezalakoa» izango da aurten Euskaltel Euskadirentzat: hala dio Jorge Azanzak, taldeko zuzendariak. Espainiako Vueltatik kanpo utzi dituztenez, aparteko garrantzia izango du etxeko lasterketak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
Altsasu
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da 62. Itzulia, Gasteizen, eta egin beharrekoak egin ditu jada Jorge Azanzak (Altsasu, 1982). Antolaketari loturiko hari-muturrak lotzen aritu da azken egunetan, eta gogo biziz dago lehiari ekiteko. «Pasioz bizi dut lasterketen errutina». Badaki goi mailako lasterketetan Euskaltel Euskadik mugak dituela, eta helburuak errealitatera egokituko ditu: «Ihesaldietan eta bigarren mailako sailkapenetan jarriko dugu arreta». Ezusterik ezean txapela Jonas Vingegaardek jantziko duela uste du.

Ikusi gehiago:Faborito nagusien artean borroka bizia eta irekia izatea espero da

Zuzendari gisa, lan handiko egunak dira hauek?

Tira, lan asko aurreratua nuen. Bi hilabete lehenago aurreikusten dugu zer txirrindulari ariko diren, eta ibilbidea ere aurrez aztertua izaten dugu. Aste honetan, bestelako xehetasunak aritu naiz prestatzen.

Hortaz, otsail hasierarako jada zehatz-mehatz zenekien zer ziklista hautatuko zenituen?

Lehen aukeraketa egin nuen orduan, hamar txirrindulariko zerrenda bat osatuta. Garbi nuen zer motatako ziklistak interesatzen zitzaizkidan. Gero, aintzat izan behar da lasterketaren aurreko astean zer maila eman duten, eta ibilbidearen azken xehetasunak jakitea ere komeni da.

Zer beste zeregin izaten duzu halako lasterketa baten aurretik?

Antolaketa kontuei loturiko gauzak: adibidez, hotelekin harremanetan jartzea, zenbat pertsona garen eta zer menu nahi dugun esateko. Idazkariak gestio zehatzak egiten ditu, baina ni naiz gauza guztiak modu orokorrean antolatzen dituena. Buruari etengabe eragin behar zaio.

Politena zer da, auto barruan sartu eta lasterketak zuzentzea?

Guztiz. Biziki gustatzen zait txirrindularitza barrutik bizitzea eta eguneroko gorabeherak kudeatzea. Oso ondo pasatzen dut lasterketen errutinan. Pasioz bizi dut. Itzela da auto barrutik txirrindulariei aginduak eta animoak ematea, eta behar denean lagungarri izatea. Une oso txarrak izaten ditugu errepidean, eta horiei aurre egitea ere gure ardura da.

Nolako aldartean iritsiko zarete Itzulira?

Pozik eta gogotsu gaude. Unai Iribar izango da debuta egingo duen bakarra; beste guztiak arituak dira. Esperientziak asko laguntzen du Itzulia bezalako lasterketa batean. Badakizu zertara zoazen. Taldeak aurrerapausoak eman ditu azkenaldian. Kalitatezko txirrindulariak ditugu, eta beste urrats bat egin dezakegu World Tourreko lasterketetan.

Eskarmentuaz gain, zer beste ezaugarri hartu duzu kontuan Itzuliko taldea hautatzerakoan?

Alde batetik, igoeretan ondo moldatzen direnei erreparatu diet. Horrez gain, lehen bi etapetan aukera egon daiteke garaipena jende azkarraren artean jokatzeko. Guretzako etapa aproposak izan daitezke, Carlos Canal eta Gotzon Martin finak baitira jaitsieretan, kokapenaren lehian eta esprintetan. Ihesaldietan ere oso lehiakorrak dira, hautatu ditudan beste ziklistak bezala. Eta Mikel Bizkarraren aukera ere hor dago: iaz lehen hogei ziklistekin aritu zen lehian.

World Tourreko beste lasterketa bat jokatu duzue berriki: Kataluniako Volta. Nola sentitu zarete?

Sentsazioa izan da erabatekoa dela indartsuenen nagusitasuna. Voltan zazpi etapa izan dira, 25 talde ginen, eta hiruk irabazi dute bakarrik. Beti talde eta txirrindulari berak nabarmentzen dira. Hori txarra da guretzat, ihesean distira egiteko aukerak ere murriztu egiten direlako. Gero eta zailtasun gehiago dugu, baina aurre egin behar diogu joera horri.

Dena ez da World Tourra. Egutegia oso zabala da. Eta zuek txukun ibili zarete Belgika eta Frantzia aldean.

Hori da kontua. World Tourrean badakigu zer dagoen. Baina bestelako lasterketetan burua atera behar dugu. Hala gabiltza. Frantziako eta Belgikako lasterketetan, ia beti sartzen dugu norbait lehen hamarren artean. Eta ez da batere erraza. Pentsa, Euskaltelen aurreko aroan nekez lortzen genuen halako emaitzarik klasiko horietan.

Vueltan ariko ez zaretenez, Itzulia izango da denboraldi honetako lasterketa nagusia?

Bai, Tour txiki bat bezalakoa izango da guretzat. Sobran dakigu zer maila izango den, baina gure lasterketa da, eta gure errepideetan eta gure zaleen babesarekin ariko gara. Bultzada handia da hori.

Presio berezia izango duzue aurten?

Ez. Halako lasterketa batean ezin duzu presiorik izan. Gozatzea eta gure maila ematea izan behar dugu helburu. Dagokigun tokian egon behar dugu. Ihesaldietan eta bigarren mailako sailkapenetan jarriko dugu arreta. Eta aukera txiki bat badago etaparen batean zerbait egiteko, buru-belarri joko dugu, eta ea baten bat agertzen den.

Aldarte aldetik, nola eragin dizue Vueltatik kanpo geratu izanak?

Bagenekien zaila izango zela. Ematen du urtez urte taldeak txandakatzeko asmoa dutela. Guk ez diogu buruari buelta gehiagorik eman nahi. Gure denboraldiei zentzua ematen dien proba da Vuelta, baina Itzulia bera ere erakusleiho handia da.

Kirol arloari erreparatuta, bidezkoa iruditzen zaizu Euskaltel Vueltako gonbidapenik gabe geratu izana?

Ez, baina gonbidatu dituzten taldeak kanpoan geratu izana ere ez zen bidezkoa izango. Gauzak beste modu batean egiterik badago; tropela 200 txirrindularikoa balitz, denok izango genuke parte hartzeko aukera. Erraz konponduko litzateke arazoa.

Itzuliko distirak uxatu egin ditzake itzalak. Zer emaitza lortzea sinatuko zenuke?

Bi etapatan hamar onenen artean sartzea, Bizkarra lehen hogei sailkatuen artean egotea, eta ihesaldietan presentzia edukitzea. Hori guztia lortuko bagenu, Itzulia biribila izango litzateke guretzat.

Zer iritzi duzu aurtengoaz?

Ederra da. Ibilbide bihurriak asko gustatzen zaizkit, betiere arriskurik ez badago: jaitsiera gaiztoak, sarrera estuak eta abar. Zuzendariok asko estutzen dugu autotik, eta, bidea oso estua izan arren, ziklista guztiek sartu nahi dute aurrean. Zornotzako etapa, adibidez, arriskutsu samarra izan daiteke, jaitsiera makurrak ditu eta. Bestela, ibilbidea atsegina eta gustagarria iruditzen zait.

Erlojupekorik ez da jokatuko. Zer iritzi duzu, eta zer eragin izan dezake horrek lasterketan?

Guretzat ez da txarra; aukera bat gehiago izango dugu zeresana emateko. Azken urteetako erlojupekoak oso motzak izan dira, eta ez da alde handirik izan onenen artean. Beraz, ez dut uste sailkapen nagusiaren borroka asko aldatuko denik. Lasterketa biziagoa izango da erlojupekoa kendu eta beste etapa bat gehituta.

Nor jotzen duzu lasterketa irabazteko faboritotzat?

Vingegaard aipatuko nuke faborito nagusi bezala. Pello [Bilbao] eta Mikel [Landa] ere aurrean izango dira, baita Enric Mas ere. Aurreneko hamar sailkatuak asmatzea ez da oso zaila izango. Gero, egia da ziklista batzuk ezkutuan izaten direla, eta izango da ezustekoren bat. Gazteentzako lasterketa aproposa izaten da normalean.

Gidoia azken urteetako bera izango da? Hots, azken etapan erabakiko da lasterketa?

Bai, aldeak oso murritzak izango dira, eta azken etapak bakoitza bere tokian jarriko du. Jumbo lasterketa kontrolatzen saiatuko da, eta Eibarko etapan berea egiten saiatuko da Vingegaard. Hori gai da Gorlan bertan eraso egiteko, etapa hasi eta 40 kilometrora. Lasterketak halakoak dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.