Trinketlaria

Peio Larralde: «Gero eta zailagoa da trinketean txapeldun izatea; lehia handia daukagu»

Hirugarren aldiz trinketeko buruz buruko txapeldun izan da lapurtarra, finalean Mathieu Ospitali 40-29 irabazi ondoren. Batez ere, Larraldek bere buruari erakutsi nahi zion gai zela pilotaririk onena izateko.

Peio Larralde. GUILLAUME FAUVEAU
Peio Larralde, txapela jantzita. GUILLAUME FAUVEAU
jon eskudero
2025eko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Poz galanta ez ezik, «lasaitua» hartuta dago Peio Larralde (Hazparne, Lapurdi, 1993), trinketeko buruz buruko txapela irabazi ondoren. 2016an eta 2018an txapeldun izan ondotik, lehortean murgilduta zegoen lapurtarra azken urteetan, baina joan den igandean egin zen hirugarrenez tituluaren jabe, Hazparnen bertan, Mathieu Ospital 40-29 garaituta. Urte luzez buruz buru ohi bezain ondo aritu ezin zela eta, kezkatzen hasia zegoen txapelduna, baina fisikoki eta «batez ere mentalki» egindako lanketak fruituak ekarri dizkiola uste du. Lehen txapelak adina ilusio egin dio hirugarrenak; besteak beste, herrian irabazi duelako eta lau hilabeteko semearekin ospatu ahal izan duelako.

Emozio handiko egunak izan dituzu. Barneratu al duzu jada lortutakoa?

Baietz esango nuke. Poz izugarria daukat barnean, baina, batez ere, lasaitasuna. Aste gogorrak igaro ditut, tentsio handikoak. Begiz joa nuen txapela, eta lortu dudala ikusteak asebeteta uzten nau. Txapelketa aurkeztu zenean ikusi genuen finala Hazparnen izango zela, azken urteetan bezala, eta nahi nuen bertan egon behingoz. Azken urteetan arantza hori neukan, eta azkenean finala jokatu ez ezik irabazi dudala sentitzeak zoriontsu egiten nau. Orain bakean nago neure buruarekin.

Zer sentitu zenuen txapeldun izatean?

Nire inguruko guztiez oroitu nintzen. Partida bukatu eta Ospitali bostekoa eman orduko, nire entrenatzailea besarkatu nuen. Lan handia egin dugu bion artean hau lortzeko. Eta, noski, familiako kide guztiak ere trinketean ziren, eta haietaz oroitu nintzen. Iazko urrian seme bat etorri zitzaigun mundura, eta sentitzen dut txapela hau dela nirea, nire neska lagunarena eta semearena.

Giro izugarria sortu zen Hazparneko Berria trinketean, ia mila lagun bildu baitziren.

Gainezka egon ziren harmailak, denbora zen ez nuela halako girorik sumatzen trinket batean. Familiaren babesa eta gertutasuna ez ezik, publiko guztiaren maitasuna jaso nuen, eta oso eskertuta nago.

2016an eta 2018an txapeldun izan zinen banaka, eta bazirudien urte luzez agintean ibiltzeko pilotaria izango zinela. Baina ezin izan duzu ohi bezain ondo ibili luzaroan. Zergatik?

Ez dakit. Presiorik ez dut nabaritu, baina egia da kezkatuta nengoela. Aurkari zuzenak finaletara heltzen direla ikustea eta zu ezinean ari zarela sentitzea ez da erraza. Final asko gertu izan ditut, baina gauza batengatik edo besteagatik ez dut helburua lortu. Binaka oso ongi aritu naiz, baina banaka ez. Bide zaila izan da, baina pozik nago txapela iritsi delako. Batez ere neure buruari erakutsi nahi nion posible nuela berriro ere pilotaririk onena izan.

«Buruz oso gogor mantendu naiz partida guztietan, eta aurrerapausoa eman dut mentalki»

Eta zer aldatu duzu aurtengo txapelketan?

Buruz oso gogor mantendu naiz partida guztietan, eta aurrerapauso bat eman dut mentalki. Final-laurdenetako neurketa salbu, beste guztiak oso gogorrak eta lehiatuak izan dira, eta indartsu sentitu naiz kantxan. Ez naiz behera etorri une bakar batean ere, eta beti kontzentratuta egoteak asko lagundu dit. Fisikoki beti prestatu naiz ongi, eta orain mentalki ere hobea naiz.

Jarri finalari begira. 9-0 aurreratu zinen istant batean, baina 20-18 gerturatu zitzaizun gero Ospital. Bigarren zatian gehiago izan zinen, halere.

Ongi hasteak izugarri balio du, are gehiago finaletan, eta gakoa izan zen hori. Sakeari etekin izugarria atera nion lehenbizitik. Egia da lan erditan gainera hurbildu zitzaidala aurkaria, baina ordura arte egin zuen lanak kalte egin zion gero. Ezin izan zion intentsitateari eutsi. Nik, berriz, nire lanean jarraitu nuen, urduritu gabe.

Adinkidea duzu Ospital. Hura ongi ezagutzeak lagundu al zizun?

Adinkideak eta lagunak gara, eta banekien azken tantora arte borrokan jarraitu beharra neukala. Ospitalek ez dauka beste askoren jorik, baina lehiakorra da, gogorra, eta ez du tanto bakar bat ere oparitzen. Asko miresten dut.

Txapelerako urrats sendoa finalerdietan eman zenuen, Battitta Ducassouri 40-29 irabazi ondoren. Txapela gertuago ikusi al zenuen partida hura irabaztean?

Txapelketa biribila egin dut, baina partidarik onena finalerdietan jokatu nuen, Ducassouren aurka. Nire aurkari zuzena hura izan da azken urteotan. Pilotaririk onena izan da. Teknikoki bikain aritu nintzen haren aurka, eta oso indartsu sentitu nintzen kantxan. Irabazitakoan gogoratu nintzen nola behin Unai Lasok menderatu zuen buruz buru Jokin Altuna eta gero txapeldun izan zen. Pentsatu nuen gauza bera lor nezakeela. Halere, banekien oraindik finala geratzen zitzaidala eta zaila izango zela. Oinak lurrean izateak eta kontzentrazioari aste guztian eusteak asko balio izan dit. 31 urterekin, heldutasun betean nago.

Doucassouri irabazi egin zenion, eta Luis Sanchezek ez du parte hartu txapelketan, pubalgia baten ondorioz. Horrek bidea erraztu al dizu?

Garbi dago Sanchez ez aritzea buruko min bat gutxiago izan dela guretzat. Inor ez da pozten lagun baten lesioagatik, baina maila ikaragarria dauka Sanchezek, eta faboritoetako batek ez jokatzeak gure aukerak ugaritzen ditu. Ea azkar osatzen den.

«Trinketa erakargarri bihurtzen ari da, eta ea pixkanaka Hegoaldean ere jokatzen hasten garen. Ate hori ireki nahi genuke»

Garbi dago maila izugarria dagoela gaur egun trinketean: Ducassou, Sanchez, Ospital, zu zeu…

Eta gazte asko datoz atzetik. Gero eta zailagoa da trinketean txapeldun izatea. Lehiakortasun handia daukagu, eta hori ona da guztiontzat, pilotari hobeak bihurtzen baikara. Gero eta ohikoagoa da Hegoaldetik Iparralderako jauzia egitea pilotariek, eta guztiok aberasten gara. Batetik, pertsona gisa ona da, beste euskalki batzuk ezagutzen ditugulako. Eta, bestetik, kirol arloan ere motibagarria da, beste jokamolde batzuk ikusten ditugulako. Hegoaldetik datozen pilotariek guk baino ezker hobea dute, dejada ere hobeki egiten dute, eta zinez ona da hori guztia. Trinketea erakargarri bihurtzen ari da, eta ea pixkanaka Hegoaldean ere jokatzen hasten garen. Ate hori ireki nahi genuke.

Eta alderantzizko bidea? Zuek ezker hormarako jauzia eman?

Garai batean bagenituen Sebastien Gonzalez, Yves Salaberri Xala eta beste hainbat, baina gaur egun ez daukagu profesionalik ezker horman. Azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira trinketean, txapelketa onak antolatu dituzte, eta gazteek ilusio handia dute hemen jarraitzeko. Ez dute ezker hormara jotzeko beharrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.