Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Zumaia

Gero eta zailago

Zumaiaren helburua bat eta bakarra da: datorren urtean ere San Miguel ligan arraun egitea, harrobian oinarritutaEtxekoen aldeko apustua egin dutenez, iaz gazte mailan ziren hiru arraunlari ariko dira

Zumaiako trainerua, ziaboga hartzen, iaz, Zarauzko Banderan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Duela astebete pasatxo, San Miguel liga aurkezteko ekitaldia egin zuten Bilbon. Aurtengoaren berri emateaz gain, iazko sariak banatu zituzten. Harrobirik onenarena Zumaiarentzat izan zen, harrobiko arraunlari gehien izateagatik tostetan estropada bakoitzeko.

Datorren urtean, garai honetan, ez harritu sari hori leku berera joaten bada; izan ere, zumaiarren filosofiak ez du arrakalarik izan urtebetean. Lehengo lepotik burua: harrobia tostetan; etxekoarraunlariak nagusi. Eta, bide horretan, beste urrats bat egin du: aurreko urtean gazteen mailan zebiltzan hiru arraunlarik lekua irabazi dute Telmo Deun ontzian.

Hiru horiekin eta gainerakoekin saiatuko da lortzen denboraldiko helburu nagusia: datorren urtean ere, San Miguel ligan izan nahi dute gorriek. 2005ean igo ziren, eta elitean dira harrezkero; urtea joan eta urtea etorri, mailari eusteko helburuarekin. Orain arte, lortu egin dute, kanporaketa jokatuta eta jokatu gabe. Aurten ere erdietsiko duten edo ez, denboraldian ikusiko da.

Klubaren barruan, beste urteetan baino errezelo handiagoa daukate asmo hori gauzatzearen inguruan; izan ere, aldez aurretik ez da ikusten atzean ibil daitekeen ontzirik dagoenik. Aurreko denboraldietan, beti egoten zen bat edo beste ondo markatuta: Laredo 2008an, Camargo iaz... Liga honetan, ordea, egongo al da hasieratik larri ibiliko den ontzirik?

Azken postua atzean uztea da helburu nagusia zumaiarrentzat: ez jaistea zuzenean. Gero, kanporaketa libratzea. Esan dute trainerua joan zen urtean baino hobetoxeago dabilela entrenamenduetan-eta; indar aldetik gehiago dutelakoan daude. Gainera, iaz esperientzia aldetik eskas antzean zebiltzanek —bigarren trainerutik aurrenekora pasatu zirenek— urtebeteko lana dute besoetan eta buruan, eta horrek onerako behar du izan. Zailduagoak daude denak. Bigarren urtez jarraian entrenatzaile eta prestatzaile fisiko bera izateak [Xanti Zabaleta eta Unai Amenabar] eragina izan du arraunlarien zailtze horretan. Osagai onak ditu Telmo Deun-ak, baina, gero, besteak nola dabiltzan ere ikusi behar izaten da.

Zumaiarrei begira egongo da arraunzalea. Iaz, Zabaletak arraun egiteko modu berritzaile bat ezarri zuen, oso motza eta bizi samarra, beste denen aldean oso ezberdina. Jakin-minez dago zalea, denboraldi honetan bide beretik segituko duten edo ez. Iazko etekina ikusita, zertarako aldatu? Zalantza horiek denak eta klubean dituztenak bi asteburu barru hasiko dira argitzen, lehia hasten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.