Mendi eskiatzaile, korrikalari, eta entrenatzailea

Asier Labairu: «Gero eta ohikoagoa da mendiko kiroletan entrenatzaile bat izatea»

Txirrindularitza utzi eta mendiko kiroletara jauzia egin zuenetik, gora egiten ari da Labairu. Mendiko eskian eta mendiko lasterketetan aritzen da Nafarroako selekzioarekin, eta bietan emaitzak hobetu ditu azken urteetan.

(ID_14870581) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-04-15, Burlata. Asier Labairu mendi eskiatzailea
Asier Labairu eskiatzaile iruindarra. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Ugartemendia.
2025eko apirilaren 16a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Arbillaga klinikan izan da hitzordua Asier Labairu mendi korrikalari, eskiatzaile eta entrenatzailearekin (Iruñea, 1996). Hamabostean behin joaten da horra, txirrindulariei azterketa biomekanikoak egitera. Metodikoa eta zorrotza da bere lanean, eta gozatu egiten du ogibideaz.

Azken urteetan mendiko eskian eta lasterketetan aritu zaren arren, txirrindularitzan igaro zenituen zure kirol ibilbideko urte gehienak.

Bai, halaxe izan zen. 13 urte nituenetik 22 bete nituen arte ibili nintzen txirrindularitzan. Kategoria guztiak igaro nituen, eta azken hiru urteak afizionatu mailan egin nituen: lehen biak Lizarte taldean, eta azkena, Ampon. Halere, bizikletan hasi aurretik, denetik probatu nuen: atletismoa, pilota, igeriketa, futbola…

Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza?

Aita betidanik ibili izan da bizikletan, eta harekin ateratzen hasi nintzen. Gutxira, lagun batek talde batean hastea proposatu zidan: Villabes txirrindularitza taldean. Miguel Indurain bera ere bertan hasi zen, eta haren semea nire adin berekoa da. Taldekide izan ginen urte askoan. Bertan igaro nituen lehen lau urteak.

Oroitzapen onak dituzu garai haietaz?

Bai, oso onak, batez ere hasieran. Lagunekin bizikletan ateratzea eta ondo pasatzea ziren ardura bakarrak. Orduan ez zegoen entrenamendu espezifikorik eta planifikaturik. Hori bai, mendate batera iristean, eman ahala aritzen ginen denak! Oso ondo pasatzen genuen. Gero bai, afizionatuetan gauzak serioago jartzen dira, eta orduan entrenamendu planifikatuak egin behar dira, eta elikadura ere zaindu beharra dago. Gorputza zaintzen ikasi nuen, eta horretaz ere asko gozatzen nuen.

Noiz konturatu zinen txirrindularitza jada ez zela jolas bat, joko bat baizik?

Afizionatuetara jauzia eman nuenean. Lizarterekin fitxatu nuen. Talde ezaguna da afizionatu mailan, eta jauzi handia sumatu nuen. Josune Murillo entrenatzailearekin hasi nintzen entrenatzen, eta gauzak beste modu batera hartu nituen. Tropelean gindoazen txirrindulari guztiek amets bera genuen: profesional izatea. Lanbide bat izan zitekeen, eta orduan gauzak asko estutzen dira. Nik ez nuen aukerarik izan profesional izateko, eta ez nintzen gehiegi saiatu ere. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasten ari nintzen Gasteizen, eta denbora gutxi nuen entrenatzeko, beste taldekide batzuen aldean. Nire helburua ez zen profesionaletara igotzea.

Noiz hasi zinen mendian?

Afizionatutako azken urteetan. Oinez ibiltzen nintzen, eta eskiatzen ere orduan hasi nintzen. 18 urte edo izango nituen. Ondoren, unibertsitatea amaituta, denbora gehiago nuenez, aukera gehiago nituen eskiatzeko. Jakan etxe bat alokatzea erabaki genuen lagun batzuk. Lehen urtean ez nuen batere lehiatu, baina, ondoren, lehiatzen zuen jendea ezagutzen hasi nintzen, eta horretara bideratu nuen etorkizuna. Ordurako mendian ere korrika aritzen nintzen.

Erraz moldatu zinen bi kiroletan?

Fisikoki bai. Txirrindularitzatik eskiatzera pasa nintzenean nabaritu nuen aldaketa handiena. Teknikoki oso ezberdinak dira, eta jaitsieretan ez nintzen hain ondo moldatzen. Egia da, halere, nahiko azkar ikasi nuela. Txikitatik trebea izan naiz kiroletarako, eta nahiko azkar moldatu izan naiz. Eskiarekin ere antzekoa gertatu zitzaidan. Unibertsitateak asko lagundu zidan bide horretan. Hamar eguneko bidaia bat egin genuen Luz Ardidenera monitore batekin, eta buru-belarri ibili ginen alpinoko teknika hobetzen. Oso oroitzapen ona daukat bidaia hartaz.

Bi kirolen artean, zein duzu gustukoen?

Eskiatzea gehiago gustatzen zait. Munduko kirolik politena da eskiatzea! Hala ere, ezberdinak dira, eta bere gauzak ditu bakoitzak. Egia da ez duzula hainbesteko denbora eta logistika behar mendiko lasterketetarako entrenatzeko. Alde horretatik sinpleagoa da. Baina ez daukat zalantzarik: kirol gisa, nahiago dut mendiko eskia.

«Mendiko lasterketetarako entrenatzeko ez duzu hainbesteko denbora
eta logistika behar. Baina ez daukat zalantzarik: kirol gisa, nahiago dut mendiko eskia»

Erraza al da denboraldi berean bi kirolak uztartzea?

Ez da erraza, eta gaur egun oraindik ikasten ari naiz. Urte batetik bestera hainbat gauza probatzen ari naiz. Ikusten ari naiz zer entrenamendu mota den egokiena trantsizioa egiteko. Azken bi urteetan denbora gehiago eman dut mendian korrika, eta kirol batetik besterako aldaketa hobea izan da.

Emaitzak hobetzen joan zara azken urteetan bi kiroletan.

Nahiko gustura nago azken denboraldiekin, batez ere azken urteetan izan dudan bilakaerarekin. Horrek pozten nau gehien, eta balio handia ematen diot.

Asier Labairu 2025eko Pierra Menta proban
Labairu 2025eko Pierra Menta proban. SKIMOSTATS
Dena den, sasoi honetan egin duzu jauzirik handiena. Euskal Herriko Txapelketa irabazi zenuen, eta emaitza oso onak lortu zenituen Altitoyn eta Pierra Mentan. Nolako esperientziak izan dira?

Denboraldi honetan sekula baino lasterketa gehiago korritu ditut. Aipatutako txapelketez gain, Espainiako kopak eta txapelketak ere jokatu ditut. Espainiako Kopan laugarren amaitu dut, eta Altitoyn hirugarren bukatu genuen. Bestalde, Pierra Mentan postu hobeagoa merezi genuela iruditzen zait. Lehen bi egunetan arazo asko izan genituen materialarekin; hirugarren eta laugarren egunetan, berriz, espero bezala ibili ginen. Aurrerago amaitu behar genuen. Gogoz gaude datorren urtean itzultzeko.

Gaur egun bi korronte daude mendiko eskian. Eskiatzaile batzuek Grand Courseko probak jokatzen dituzte, iraupen luzeko probak, alegia. Beste batzuek, berriz, Olinpiar Jokoetarako prestatu nahi dute; eskiatzaile horiek proba motzagoetan lehiatzen dira. Zuk zer nahiago duzu?

Zalantzarik ez daukat: iraupen luzeko proben zalea naiz. Lehen, agian, bateragarriak ziren biak; baina, gaur egun, ia ezinezkoa iruditzen zait biak uztartzea. Gaur egun dagoen espezializazioa ikusita, eta gazteak nola datozen kontuan hartuta, oso zaila da bietan emaitza onak lortzea. Hiru minutuko probak dira batzuk, eta hiru ordukoak besteak. Atletismoarekin alderatuz, 1.500 metroko probetan aritu ondoren maratoira egitea bezalakoa da. Oso proba ezberdinak dira. Nik biak egiten ditut, batez ere Nafarroako selekzioarekin dudan konpromisoarengatik. Baina, nigatik balitz, esprintak eta erreleboak ez nituzke jokatuko.

Espezializazioa aipatu duzu. Olinpiar Jokoek hori areagotuko dutela iruditzen al zaizu?

Bai, eta areagotu dute jada. Azken hiru urteetako aldaketa oso nabaria da, batez ere gazteen artean. Entrenamenduak asko aldatu dira. Pena pixka bat ere ematen dit gazteek mendiko kultura hori hain barneratua ez izatea. Esprintak, esaterako, ez dira mendi alpinismoko probak, eski atletismoko probak baizik.

Olinpiar Jokoetan ikusiko al dira mendi eskiko proba luzeak?

Pierra Mentan ikusi da ez dagoela arazorik telebistan emateko. Zuzenean ikusteko aukera izan da, eta oso irudi ederrak ikusi direla diote. Ez da arazorik egon lasterketa ikusteko. Dirudienez, datorren urtean Eurosport kateak emango omen du Pierra Menta. Asko ari dira hobetzen horrelako probetan.

Prestatzaile fisikoa ere bazara. Hasieratik zenekien horretan aritu nahi zenuela?

Bai. Oso umetatik garbi neukan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egin nahi nituela. Beti izan naiz kirolaria.

Gaur egun Bioziklik zentroa daukazu Antsoainen, eta Arbillaga klinikan ere bazabiltza lanean. Zer eskatzen dizu jendeak?

Errendimendua bilatzen dute askok, baina batez ere lesiorik ez izatea. Kirolari askok beren kabuz entrenatzen dute, akats berberak egiten dituzte, eta lesionatu egiten dira. Nire egitekoa da entrenamenduetan izaten duten lan karga kontrolatzea eta bakoitzaren ahalmenera egokitzea, lesionatu ez daitezen.

«Nire egitekoa da entrenamenduetan izaten duten lan karga kontrolatzea eta bakoitzaren ahalmenera egokitzea, lesionatu ez daitezen»

Kirolariek emaitza onak lortu nahi dituzte berehala, ezta?

Askok hori eskatzen dute, baina lehen elkarrizketan argi uzten diet denboraldiz denboraldi hobetu behar dutela. Gakoa da ez lesionatzea eta etenik gabe entrenatzea. Hori azaltzen saiatzen naiz. Emaitzak berehala lortu nahi dituztenek ere ulertzen dute azkenerako.

Emaitzek itsututa daudela uste duzu?

Denetarik dago, baina orokorrean ez. Beste mota batzuetako obsesioak ikusten ditut: entrenamendu guzti-guztiak egin beharra, elikadura zaintzea… Pisuarekin obsesionatzea ere oso ohikoa da.

Osasuntsu egon nahi dute?

Bai, hori nahi duen jendea ere etortzen da; baita lehiatu nahi ez duen jendea ere. Entrenatzea gustuko duten eta ondo aritu nahi duten kirolariak ere badaude. Horrelako jendea etortzen zaidanean irribarre bat ere ateratzen zait, ez baita batere ohikoa.

Gero eta beharrezkoagoa da entrenatzaile bat izatea?

Uste dut gero eta normalagoa dela entrenatzaile, psikologo edo nutrizionista bat izatea. Lehen, eliteko kirolariek bakarrik zaintzen zituzten horrelako gauzak; baina, egun, medikuarengana joaten garen moduan osasuna zaintzeko, gu bezalako profesional batengana jotzen dute askok hobeto entrenatzeko edo astakeriarik ez egiteko. Oraindik ere bide luzea dago egiteko, baina asko egin da aurrera.

Motzean

Mendian egin duzun lagunik onena?

Dani Izquierdo, Ibai Primicia eta Xabi Macias.

 

Lasterketa bat?
Pierra Menta.

Egiteko duzun bat?
Zegama-Aizkorri.

Entrenatzeko leku bat?
Panticosako bainuetxearen inguruak.

Mendiko korrikalari edo mendi eskiatzaile bat?
Filippo Beccari mendi eskiatzailea.

Mendi eskiko talde bat osatzeko hiru lagun?
Dani Izquierdo, Axier Alonso eta Jon Ander Aranburu.

Kirolari bat?
Tadej Pogacar txirrindularia.

Sareetan gehien ikusten duzun kirolaria?
Kilian Jornet.

Jateko?

Pizza.

Edateko?

Garagardoa.

Musika talde bat?

Berri Txarrak.

Abesti bat?

Bisai berriak, Berri Txarrak taldearena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.