«Ez dago atzera bueltarik». Kito. «Triste nago, Fundazioak 21 urteotan egin duen lana desagertu delako jada». Ezkor esnatu zen atzo Miguel Madariaga, Euskadi Fundazioko presidentea. 1993ko udan gorpuzten hasitako «ilusioz betetako proiektua» ikusten du, oraindik ere, atzera begira jarrita. «Gogorra izan zen ordukoa, baina ilusio ikaragarria geneukan». Eta herenegun Burgosko Itzulian amaitu zen azken urteotan euskal txirrindulariei profesionaletara arteko bidea samurtu dien proiektua. «Are gogorragoa izan da orain, ilusiorik eta indarrik ez daukagulako jada». 22 urte, 181 garaipen, profesionaletara jauzia eman duten 111 txirrindulari, Tourrean, Giroan eta Vueltan garaipen ederrak, Samuel Sanchezen Pekingo Olinpiar Jokoetako urrezko domina... Iraganaren zakuan sartuta daude denak.
Jose Alberto Pradera Bizkaiko ahaldun nagusiarekin elkartu, lotu beharrekoak lotu, eta 1992tik 1993ra arteko urtebetean hazi zen proiektua. Euskal txirrindulariak eta Euskal Herrian hazitakoak. Horixe izan da taldearen euskarria 22 urteotan, eta, izaera horri helduta iritsi dira arrakastarik handienak. Madariagaren hitzetan, «Tourreko lehen gonbidapena eta Samuel Sanchezen Olinpiar Jokoetako garaipena» izan dira 22 urteotako momenturik berezienetan berezienak. Eta txarretik ere zerrendatu ditu pare bat. «Lehenengoz Tourrera joan ginenean Txema del Olmoren positiboarekin iruzur egin zidatenekoa, eta Agustin Sagasti eta Victor Cabedoren heriotzak».
Euskadi Fundazioa kinka larrian zela, Euskaltelek haize freskoa eskaini zion proiektuari, 1997an. Eta Igor Gonzalez de Galdeanoren aginduetara atzerritarrei atea ireki ondoren, modurik tristeenean itzali zen, iaz, Euskaltel. Gazteenei helduta, Madariaga itxaropentsu egon da orain dela hilabete eta erdira arte. «Baina amaitu da bidea». Datozen egunetan Frantziako bi lasterketatan parte hartzekoa zen Euskadi. «Baina ez gara joango, txirrindulariek euren bidea aurkitzeko denbora gehiago eduki dezaten».
2015erako lanean
Etorkizuna aurkitzea izango da hurrengo lana, eta, horri helduta, Jon Odriozolaren izena ageri da batean eta bestean. Dena argitu arte adierazpenik ez egitea nahiago du oñatiarrak. Baina balizko proiektuak bi urteko lana dauka jada atzean, eta, okerrik ezean, Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren, eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren babesa ere izango du. «Proiektu bateratu baten beharra daukagu Euskal Herrian, baina ondo lotu eta ziurtatu behar da dena».
'Gero arte' txiki bat delakoan
Burgosko Itzulian itzali da Euskadi Fundazioa, 1993ko udan gorpuzten hasitako egitasmoa.Sukalde lan betean murgilduta dago Jon Odriozola buru duen proiektu itxaropentsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu