Lointek Gernikak erronka zaila zuen Espainiako Kopako final-laurdenetan: Girona kanpoan uztea. Kataluniarrak lehen postuan daude ligan, eta puntu gehien sartzen duen taldea da. Bada, finalerdietan egoteko, Gernikak ezin zuen hutsik egin. Hala jokatu du lehen hiru laurdenetan. Bikain lehiatu da, buruz buru. Baina ez da nahikoa izan. Hirugarren laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela, zalantza egiten hasi da erasoan. Defentsan, berriz, apur bat behera egin du, eta baloi batzuk galdu. Girona horretaz baliatu da, eta finalerdietan egongo da, 68-71 gailendu baita. Pena izan da, bizkaitarrek partida berdintzeko aukera izan baitute azken jokaldian. Baina ez da posible izan. Bizkaitarrak harro egoteko moduan dira, bikain lehiatu baitira, eta horrek hauspoa emango die denboraldiaren azken txanparako.
Gernikak ondo ekin dio partidari, eta 6-2 jarri da aurretik. Defentsan ondo eutsi dio Gironaren nagusitasun fisikoari. Baina minutuak aurrera joan ahala, sendotasun hori galduz joan da. Hala, batez ere Cloe Bibbyren bidez kataluniarrek zuloak topatu dituzte bizkaitarren defentsan —australiarrak 21 puntu sartu ditu partidan—: 6-10. Gernikak hirukoei esker lortu du partidan sartuta segitzea. Hiru egin ditu segidan lehen laurden horren azken minutuetan: Cheryk, Westerikek eta Etxarrik sartu dituzte. Markagailuan 17na zeudela amaitu dira lehen hamar minutuak.
Bigarren laurdenean, Gernikak asmatu egin du Gironak ezarritako zonakako defentsari buru egiten. Horri esker, sei punturen aldea eskuratu du: 26-20. Elena Buenavidak gidatuta, komeni zitzaien erritmoa ezarri diote neurketari. Baina Girona aurkari gogorra da. Espainiako ligako liderra da, eta puntu gehien sartzen duen taldea. Zortzi eta biko partziala lortu du, eta berriro ere partida berdindu: 28-28. Baina horri 11-0eko partzial batekin erantzun diote bizkaitarrek. Ausart jokatu dute erasoan, konfiantza handia erakutsiz eta bikain lehiatuz. Gainera, lortu dute Girona eraso estatikoan deseroso aritzea. Lehen zatia amaitzeko bi minutu eta erdi falta zirela, 38-27 ziren aurretik, eta atsedenaldira zortzi punturen aldearekin joan dira: 43-35. Gernikako jokalarien artean, Awa Fam nabarmendu da lehen zati horretan. Denera 13 puntu sartu ditu neurketan.
Sendo jarraitu du
Hirugarren laurdenean sendo jarraitu du Gernikak, eta aldeari eutsi dio. Zortzi eta hamar puntu artean egon dira aurretik denbora askoan. Epaileek, ordea, hirugarren falta adierazi diote Fami, eta Lucas Fernandezek aulkian eseri behar izan du. Hori antzeman egin du taldeak. Gainera, jakina zen noizbait Gironak estutu egingo zuela. Hala egin du hirugarren laurdenaren azken hiru minutuetan. Gernikak ez du nahi beste estutu hiruzpalau defentsatan, eta erasoan baloi batzuk galdu dituzte. Kataluniarrek ederki baliatu dute hori. Azken laurdenera aurretik iritsi dira: 57-59.
Azken laurdenean, aurreko hiruretan izan duen argitasuna eta konfiantza galduz joan da Gernika erasoan. Bizkaitarrentzat zama izan da Girona aurretik jartzea. Kataluniarrek ez dute barkatu, eta sei punturen aldea zabaldu dute, 63-69, neurketa amaitzeko hiru minutu pasatxo falta zirenean. Partida gero eta zailagoa zegoen Gernikarentzat. Baina azkenera arte ez du amore eman. Ane Olaetak izan du partida berdintzeko aukera azken jokoaldian. Baina ez du lortu hiruko jaurtiketa saskiratzea.