Gaur-gaurkoz, Gernika Espainiako Ohorezko B Mailan ariko da datorren denboraldian, Espainiako Errugbi Federazioko Lehiaketa Batzordeak atzera bota baitu Bizkaiko taldeak jarritako helegitea.
Alcobendas zigortzeko eskatu zuen Gernikak, jokalari bati fitxa egiteko orduan Espainiako taldeak araua urratu zuela argudiatuta. Lehiaketa Batzordeak onartu egin du Alcobendasek araua urratu zuela, baina Gernikak helegitea denboraz kanpo egin zuela arrazoitu du erabakia ez aldatzeko. Erabakiak haserrea eragin du Bizkaiko taldeko ordezkarien artean, eta, horregatik, aztertzen ari dira ea Apelazio Batzordera jo edo ez.
Gernika ez da bulegoko kontuetan nahastuta dagoen euskal talde bakarra. Getxok helegitea aurkeztu du Lehiaketa Batzordean, igoera kanporaketako finalerdietako joaneko partidan Belenos Avilesko (Espainia) taldeak jokalari bat zelairatzean araua urratu zuela argudiatuta. Getxok galdu egin zituen kanporaketako bi partidak, eta, horren ondorioz, Espainiako Ohorezko Mailara igotzeko aukerarik gabe geratu zen.