Japoniako tradizio zerrenda luzean leku berezia du gereziondoak. Zuhaitz hori loratu orduko ospatzen dute han udaberria ailegatu dela. Takefusa Kubo (Kawasaki, Japonia, 2001) urrun harrapatu du aurtengo jaialdiak, baina hura ere erabat udaberrituta dago, gereziondoak bezalaxe.
Realak denboraldiaurrean fitxatu zuen Kubo. Etorkizun oparoa izan lezakeen etiketa soinean zuen aspaldi, baina erabat loratu ezinda zegoen. Real Madrileko harrobian ondua zen, eta Mallorcan, Vila-realen eta Getafen bere kalitatearen printzak soilik erakutsi zituen.
Baina Donostiara ailegatu, eta bere mailarik onena erakusten ari da. Garrantzitsua izaten ari da taldearen jokoan. Ez alferrik, bost gol sartu ditu aurtengo sasoian, eta beste horrenbeste goleko pase eman ditu. Haren parte hartzeak puntuetan du ordaina. Gaur zortzi, haren golak zabaldu zuen Elx menderatzeko bidea.
Masato Sugimori da Novajika atariko kazetarietako bat, eta, haren esanetan, «inoizko sasoirik onenean» dago Kubo: «Haren zenbakiek hala adierazten dute. Elxen aurkako norgehiagokan lortu zuen sasoi batean egindako gol kopurua hobetzea. Partida hartan ikusi zen moduan, ate aurreko definizioa fintzea falta zaio, baina nabari da taldekideekin konfiantza lortu duela, batez ere David Silvarekin. Ezkerrak dira biak, eta bikain ulertzen dute elkar».
Realak sei milioi euro eta erdi ordaindu zizkion Real Madrili, Kubo fitxatzeko. 2027ko ekainera arteko kontratua sinatu zuen, eta 60 milioi euroko etete klausula du. Kawasakiko jokalariak aurretiaz izandako errendimenduak zenbait zalantza piztu bazituen ere, aise uxatu zituen guztiak. Txapelketak hasi eta gutxira aurkitu zuen bere lekua. Ez hori bakarrik; taldeak izandako lesio sortatik libratu zenez, jokoaren zama bere bizkar hartu zuten jokalarietako bat izan zen.
Sugimorik adierazi du ingurune egoki bat aurkitu izana gako dela Kuboren maila ona azaltzerako orduan: «Haren bilakaera geldotu egin zen azken bi sasoietan, ez baitzuen nahi beste denbora izan Vila-realen eta Getafen, eta ez baitzen loratu Mallorcara itzuli zenean. Realean agerian geratu da jokalari bat loratzeko garaian eragina dutela inguruak eta, batez ere, jokatzeko moduak».
Imanolen garrantzia
Japoniarrak konexio berezia lortu du zenbait jokalarirekin, eta horrek taldearen jokoa hobetu dudenboraldiko zenbait zatitan. Silvarekin ez ezik, Alexander Sorlothekin izandako harremanak piztu du taldea denboraldiko zenbait unetan: norvegiarrak aprobetxatu ditu Kubok emandako bost goleko paseetatik hiru.
«Realean aurkitu du bere gaitasunak baliatzeko lekurik aproposena», esan du Sugimorik. Kazetariak azpimarratu du Imanol Alguacil entrenatzaileak bete-betean asmatu duela Kubo zelaian kokatzeko garaian: «Postu berrian ere jarri du: bigarren aurrelari. Imanolen apustua izan da hori, Takek berak hedabide japoniarrei adierazi zien moduan».
Parte hartzeari dagokionez, Kubok 23 partida jokatu ditu orain arte Espainiako ligan, eta hasieratik aritu da haietako 20tan. Batez beste, 73 minutuz jokatu du partida bakoitzeko. Europa ligan ere ohiko bilakatu da, ia neurketa guztietan jokatu baitu. Zortzi norgehiagokatik zazpitan aritu da. Haietako lau abiatu ditu hasieratik.
Agerikoa denez, Kuboren partea hartzea funtsezkoa izan da Realaren orain arteko ibilian. Izar bilakatu da Donostian, eta izar horrek distira egiten du bere sorterrian ere. Sugimoriren arabera, Realeko jokalaria da herrialdea pizten duen futbolaria, Ingalaterrako Brighton taldeko Kaoru Mitomarekin batera. Azken horrek «distira» egin zuen Qatarreko Munduko Kopan, Sugimoriren ustez.
Hain justu ere, Kubo Japoniako selekzioarekin dago egunotan, nahiz eta, koronabirus gaitzaren inguruko zalantza batzuk tarteko, lehen egunetan gelan bakartuta egon den. Japonia Kirin txapelketa jokatzen ari da, eta Uruguairen aurka aritu ostean, Kolonbia izango du aurkari asteartean.
Jokalari txuri-urdina selekzioarekin aritzearen oinarrian dago Realarekin egin duen lana. Lehendabiziko jardunaldian egin zuen estreinako gola, eta horrek Munduko Kopan aritzeko ateak zabaldu zizkion. Hori nabarmendu du Novajika atariko korrespontsalak: «Realean eman duen maila funtsekoa da bera Japoniarekin aritzeko. Ez da ahaztu behar Mallorcarekin egindako azken sasoia nahiko apala izan zela, eta haren parte hartzea ez zegoela bermatuta. Cadizi gola sartu eta eginiko hasiera bikainari esker lortu zuen deialdian sartzea». Loraldi betean dago Kubo, eta halaxe segitu nahi du.
Gereziondoa loretan nola
Take Kubo izan da orain artean Realean gehien nabarmendu diren jokalarietako bat. Lehen sasoia osatzen ari da japoniarra Donostian, eta eroso ari da: bost gol sartuta, garrantzitsu bilakatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu