Bidaia luzean pilatutako nekearekin gorputza bere onera ekarri ezinik, baina Europako Txapelketako zilarrezko dominak ematen duen pozarekin, erabat gustura dago Tania Calvo. Herenegun iluntzean iritsi zen Guadalupetik —Karibeko kolonia frantziarra— etxera, Palmara (Herrialde Katalanak). «Astelehenetik asteazkenera ez nuen egin ariketarik, eta gimnasioko lanarekin hasi gara». Eliteko kirolariak ez dauka atsedenik. «Munduko Kopako probak gain-gainean dauzkagulako: Guadalajaran (Mexiko) bi aste barru, Londresen abendu hasieran, eta Calin (Kolonbia) urtarrilean». Parisko Munduko Txapelketa iritsiko da gero, 2015eko otsailaren 18tik 22ra.
Beti esan ohi da zilarrezko domina dela denetan mikatzena. «Baina inondik inora ez nuen espero hain aurrean ibiltzerik». Bosgarren denborarik onena egin zuen abiadura probako sailkapenean. «Eta neure burua indartsu sentitu nuen». Kristina Vogel alemaniarra, munduko txapelduna, ari zen lortzen denborarik onenak. «Baina hari ere irabazi egin nion gero, kanporaketetan». Eta, ohartzerako, finala lehiatzen ari zen gasteiztarra. «Pertsona urduria naizen arren, eta neure burua dezente estutzen dudan arren, lasai lehiatu ohi dut normalean, eta hala egin nuen finalean ere. Oso gustura geratu nintzen».
Hirugarren eta laugarren lehiaketa egunak izaten dira, normalean, gogorrenak Calvorentzat. «500 metroko proban ere aritzen naizelako gehienetan». Hirugarren egunean «nekatu samar» esnatu zela onartu du. «Baina gustura egin nituen beroketa lanak». Hori bai, 500 metroko proba iritsi zenean lehertu zen. «Abiaduran ez, baina 500 metrokoan geldirik hasten da proba, eta hor nabaritu nuen hankek ezin zutela erantzun behar bezala». Oso dotore amaitu zituen lanak, hala ere.
Zilarrezko dominarekin zoratzen, bai, baina Anastasia Voinova errusiarrak hirugarrenez urrezko domina nola kendu zion barneratu nahian amaitu zituen arabarrak abiadura probako lanak —iaz ere Voinovak berak irabazi zuen urrea 23 urtetik beherako Europako Txapelketan, Calvoren kaltetan—. «Lehen, hasierako erritmo aldaketan zen oso-oso ona; lehen metro harrigarriak zeuzkan, baina lehertu egiten zen gero». Lasterketa bizituta, amaiera aldera aurkariari nekea pilatzen saiatzen zen orduan gasteiztarra. «Ito egiten zelako». Baina «txirrindulari osoagoa» da orain. «Gogotik entrenatu du bere arlorik ahulena, eta oso txirrindulari zaila bihurtu da mendean hartzeko: oso azkarra da hasieran, eta ez da itotzen gero. Teknikoki, gainera, oso-oso ona da, oso abila».
Kadentzia hobetu nahian
Nola iritsi errusiarraren parera? «Teknikoki geroz eta txirrindulari hobea naiz, asko egin dut hobera, baina helmugara biziago iristea kostatzen ari zait, agian, gehiago; eta kalterik ez lidake egingo hasiera pixka bat hobetzeak». Dagoeneko badauka arlo horiek lantzeko errezeta: «Garapen apalagoekin entrenatzea izan daiteke bideetako bat, arinago aritzea». Hori bai, zalantza bat argitzea gustatuko litzaioke: «Anastasia Voinovak nola entrenatzen duen jakitea!». Txirrindulari gehienekin alderatuta, «trebea» da Calvo, «arina». Baina pedalkaden kadentzia altu hori «iraupenean luzatu nahian» ari da lanean azken hilabeteotan.
Orain lau urte joan zen Palmara. «Joan Llaneras buzu zela, Errendimendu Handiko Zentroa ireki zutenean». Eta han geratu zen otsailean, itxi zutenean. «Klima bera eta pista askoz egokiagoak direlako hemen». Ahal duen guztietan etxera itzultzen saiatzen dela argitu du, hori bai. 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak dauzka begiz jota, eta indarrean hasi da puntuak pilatzen. Bi aste barru hasiko da gertutik zaintzen mundu osoko aurkariak, Mexikoko Munduko Kopako proban. Abiadura azkarrean ari da pausoak ematen, baina ez dauka geratzeko asmorik.
Geratzeko asmorik gabe
Gorako pausoak eman eta eman ari da Tania Calvo gasteiztarra. Abiadura proban zilarrezko domina kolkoratuta itzuli da Pistako Europako Txapelketatik, eta Rioko Olinpiar Jokoei begira dago jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu