«Bihotza hautsi zaigu. Saminez, gure George Foreman maitatuaren heriotza iragarri behar dugu. Martxoaren 21ean joan da, senide artean». George Foreman (AEB, Texas, 1949-2025) boxeolariaren heriotzaren berri eman du haren familiak; ez du zehaztu zergatik hil den. Inoizko boxeolari handienetakotzat daukate askok Foreman. Bi aldiz izan zen munduko txapelduna kategoria nagusian, eta urrea eskuratu zuen 1968ko Olinpiar Jokoetan, Mexikon.
Ia 30 urteko ibilbidea egin zuen Marshall herrian (Texas) jaiotako gizonak, 1969tik 1997ra arte, eta bakarrik bost aldiz atera zen ring-etik galtzaile. Guztira, 76 garaipen lortu zituen, horietako 68 aurkaria konorterik gabe utzita. Foremanen izena boxeoaren beste izen historiko batzuekin loturik dago: esaterako, Joe Frazier, Chuck Wepner, Goyo Peralta eta Evander Holyfieldenarekin.
Baina Foremanen izenak betiko izango duen loturarik handiena Muhammad Ali da. 1974ko urriaren 30ean, Foreman zorutik altxatu ezinik utzi zuen askorentzat historiako boxeolari handiena denaren ukabilkada batek. Alik bere lehen porrotera eraman zuen Foreman, egungo Kongoko Errepublika Demokratikoan, orduko Zairen. Zortzigarren round-a zen, eta Alik hortxe bukatu zuen boxeoak eman duen borroka ikonorik handienetakoa, The Rumble in the Jungle esan ziotena, Oihaneko Borroka. Pisu handienaren kategorian jokatu zen borroka handi haren protagonista biak joanak dira, hortaz.
Jatorri pobrekoa
Boxeoaren ikono askori gertatu bezalaxe, pobrezia dago Foremanen jatorrian. Hamabost urterekin utzi zuen eskola, eta, orduko Texasen, kirola zen aterabide on bakarrenetakoa ikasketarik gabeko gazteentzat, are gehiago afrikar jatorrikoentzat. Estatu horretako gobernuak bultzatutako boxeo ikastaro batzuen trena hartzen jakin zuen. 190 zentimetroko garaierak eta 100 kiloko pisuak lagundu zioten aurrera egiten mundu oldarkor horretan. Urte eta erdiko trebakuntza nahikoa izan zuen Mexikon urrezko domina irabazteko. Finalean, Jonas Cepulis lituaniarrari gailendu zitzaion; Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarenordezkaria zen hura.
Ez da oso ohikoa izaten boxeoan ibilitako ikonoek bizitza orekatuak lortzea, baina Foremanek arrakasta lortu zuen enpresari gisa.
Foremanek bigarren round-ean bota zuen lurrera lituaniarra. Bere ibilbidean sarritan errepikatuko zuen knock out bidezko garaipena. Esaterako, Joe Frazier ere modu horretan garaitu zuen, 1973an, Jamaikan, eta orduan ere ez zen faboritoa. Horrela lortu zuen pisu handieneko kategoriako lehen munduko txapelketa. Urtebete geroago, koroari eustea lortu zuen, Ken Nortonen aurrean, Venezuelan.

48 urte zituela utzi zuen boxeoa Foremanek, 22 urte gazteagoa zen boxeolari baten aurka galdu ondoren, Shannon Briggsen aurka. Ez da oso ohikoa izaten boxeoan ibilitako ikonoek bizitza orekatuak lortzea, baina Foremanek arrakasta lortu zuen enpresari gisa. 2000. urtea iristerako, ehun milioi dolarretik gorako aberastasuna zuela jakin zen.