Mikel Rico. Athleticeko jokalaria

«Genk mendean hartzeko, gu geu izan behar gara»

Athleticeko euskarriak argi du: «partida zaila» izango da bihar San Mamesen Genken aurka jokatu beharrekoa. Halaber, argi du galduz gero Europa ligan aurrera egiteko «ia aukerarik gabe» geratuko direla.

haritz gallastegi
Bilbo
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Mikel Rico (Arrigorriaga, Bizkaia, 1984) taldeko motorra izan zen Granadatik bueltan elastiko zuri-gorriarekin jokatu zituen lehen bi denboraldietan. Ernesto Valverdek gustuko ditu erdilariak duen lanerako gaitasuna eta gol sena. Baina lesioek eta, batez ere, Beñat Etxebarriaren susperraldiak lekurik gabe utzi dute. Galdutako protagonismoa berreskuratzeko beharrean dabil. Genken aurkako lehian postua merezi duela erakusteko aukera izan dezake.

Osasunaren kontrako berdinketa ahaztu al duzu?

Bi puntu galdu genituela uste dut. Osasunak intentsitate handiarekin jokatu zuen. Asko zuen jokoan, eta erakutsi egin zuen. Partidak ez zigun ahogozo ona utzi.

Denboraldiko lehen berdinketa izan zen. Ligan orain arte egin duzuen lanarekin konforme zaude?

Denok gura dugu gehiago. Lehen helburua goian egotea da, baina hori lortzen denean beste urrats bat egitea gura izaten da. Gure buruari asko eskatzen diogu, baina egutegia aintzat hartuta, ez dut uste lan txarra egin dugunik.

Espainiako Ligan, jarritako helburuetan zaudete. Europa ligan, ordea, bestelakoak dira kontuak. Hala ere, emaitzak alde batera utzita, gustura zaude taldea egiten ari den jokoarekin?

Denetarik izan dugu. Partida batzuetan ondo aritu gara, eta beste batzuetan ez gara fin ibili. Guztiok dakigu zeintzuk izan diren partida txarrak. Eta, hala ere, jokoz oso ondo egon ez garenean taldeak aukerak sortu ditu, eta hori da garrantzitsuena. Zenbat eta aukera gehiago sortu, orduan eta gertuago izaten da garaipena. Gorabeherak izan arren, ondo ari gara.

Bihar ez da egun txarra izateko eguna. Genken aurka irabazi egin behar duzue. Bestela, oso zail izango duzue final-hamaseirenetarako sailkatzea.

Joanekoan merezita irabazi zigun. Erraz. Baina bihar beste partida bat izango da. Asko daukagu jokoan. Galduz gero, aurrera egiteko ia aukera barik geratuko gara. Bestalde, irabazten badugu, gure esku egongo da aurrera egitea. Europa ligak ilusio handia sortzen digu. Gure apustu nagusietako bat da, eta daukagun guztia eman beharko dugu lehiaketan aurrera egiteko.

Athleticek azken urteotan erakutsi du lehia erabakigarrietan ongi aritzen dela, hots, talde fidagarria dela.

Partida garrantzitsuetan lehiakorrak garela erakutsi dugu. Baita galdu ditugun partidetan ere: Turin eta Sevillaren kontrako partidak ditut gogoan. Taldea hazi egiten da konpromiso handiko lehietan. Ea oraingoan ere hala gertatzen den.

Futbolariek daukaten indarra da Genken dohain nagusietako bat. Arlo horretan, Athleticen antzekoa da. Erritmo handia jartzen dio partidari.

Baliteke. Hala ere, han ez ginen ohiko Athletic izan. Intentsitate apur bat falta izan zitzaigun. Beti ezin da ondo jokatu. Zenbait partidatan gertatzen da segundo bat berandu ailegatzen zarela leku guztietara. Bada, guri Genken aurka gertatu zitzaigun. Baina ahaztu dugu, eta ez errepikatzea espero dugu.

Ligaxka ez gainditzea porrota litzateke?

Porrota berba potoloa da oso. Hala ere, argi dago Athleticek berea emanez gero, aurrera egin beharko lukeela. Helburua lortzen ez badugu, zerbait txarto egin dugulako izango da. Etxetik kanpo jokatu ditugun bi partidetan txarto jokatu dugu, eta merezita gainditu gaituzte. San Mamesen Genk mendean hartu eta bizirik jarraitzea da gure gogoa.

Genkek duen jokatzeko era aintzat hartuta, nolako lehia espero duzu?

Partida gogorra izango da. Genk talde indartsua da, eta argi dauka nola jokatu behar duen. Jokalari batzuk ondo mugitzen dute baloia, eta hegalekoak azkarrak dira. Talde ona da.

Eta zer egin beharko du Athleticek talde on bati irabazteko?

Gu geu izan beharko gara. Athletic garaipena bila zelairatzen bada, baloi guztiak borrokatzen baditu, zaleek taldearekin bat egitea lortzen badu… aukerarik izango dugu, ziur.

Multzoan dagoen parekotasuna aintzat hartuta, nahikoa izango da etxean irabaztea lehen bi postuetako bat eskuratzeko?

Ez dakit. Bederatzi punturekin lehen postuan sailka gaitezke, edota kanpoan geratu. Oso berdinduta dago. Lehen pausoa Genki irabaztea da, eta gero gerokoak.

Zuk zeuk ehen partidetan gutxitan jokatu zenuen, baina orain gehiagotan ari zara jokatzen. Pozik?

Azken partidetan jokatzen ari naiz. 24 taldekide gaude, eta 11k baino ez dute jokatzen. Gaitza da lekua izatea. Lan egin behar da. Ez dago besterik.

Duela urte ordezkaezina zinen. Baina lesioak eta beste taldekide batzuen lan onak kanpoan laga zaituzte, ia-ia taldetik desagertzeraino.

Futbola talde kirola da. Norberaren postuan aritzen den taldekide bat ondo ari bada lan saioetan, egoerari buelta ematen ahalegintzea da geratzen den bide bakarra. Eta aukera dagoenean aprobetxatu egin behar da.

Jarraitutasuna falta zaizu zuremaila onena berreskuratu ahal izateko?

Segida izatea falta zaigu bai niri eta bai jokatzen ez duten gainerako guztiei. Entrenatzailearentzat, oso gaitza da taldea kudeatzea. Jokalarien ardura da egoera guztietan taldeari laguntzea: zelaian, aulkian edo harmailan egon, taldearen alde egin behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.