Tokioko Olinpiar Jokoak historiokak izango dira, lehen aldiz kirolari transexual batek parte hartuko baitu: Laurel Hubbard emakume zeelandaberritarrak. Pisu jasotzailea da Hubbard, eta 87 kilotik gorakoen mailan lehiatuko da, abuztuaren 2tik aurrera. Lehena izango da, nahiz eta NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak transexualen parte hartzea onartzen duen 2004. urtetik, bai Olinpiar Jokoetan, bai Paralinpiar Jokoetan. 50.000 kirolarik baino gehiagok parte hartu dute jokoetan 2004tik.
Erabakia txalotu dute transexualen eskubideen aldeko elkarteek; kritikatu, aldiz, haren zenbait lehiakidek eta halterofilian aritzen diren hainbatek.
Arauak betetzen ditu. Besteak beste, NOBek kirolaritransexualentzako 2015ean ezarritako irizpide berria: emakume transexualak emakumeen mailan lehiatu ahalko dira, barrabilik erauzi behar izan gabe, betiere haien odoleko testosterona maila litroko 10 nanomol baino apalagoa baldin bada urtebetean. 2003tik 2015era, gizon eta emakume transexualek, Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko, obarioak eta barrabilak erauzi behar zituzten.
Pisu jasotzaile zeelandaberritarrak 2012an hasi zuen aldaketa, 32 urterekin, eta hormona terapiari ekin zion.
Hubbarden parte hartzearen kontra daudenek diote abantaila duela. Abantaila fisikoa. Berez indar gehiago duela. Baita lehiatu ahal izateko testosterona botikak hartu behar baditu ere.
Hubbardek gizona zela pasatu zuen pubertaroa, eta, zenbait ikerketaren arabera, horrek baldintzatu egiten du haren geroko ahalmen fisikoa. Kasu horietan, testosterona gutxitzeko botikek eragiten duten indar galera txikia litzateke (%5), eta emakumeek gizonak ziren garaiko indarrari eutsiko liokete.
Gizona zela, Hubbard lehiatzen zen halterofilian, junior mailan. Ez zen goi mailako pisu jasotzailea, eta ez zen nazioartean lehiatzen. Emakume gisa, zilarrezko domina irabazi zuen 2017ko Munduko Halterofilia Txapelketan. Gaur egun hamabosgarrena da bere mailako sailkapenean, pisu gehien jasotzen dutenetatik urrun.
Lesioaren ostean, osatu da
Lesio larria izan zuen 2018ko Commonwealtheko Jokoetan: besoa puskatu zuen. Medikuek esan zioten ezingo zela berriro halterofilian lehiatu, baina osatzen aritu da, eta sailkatu da Tokioko Olinpiar Jokoetarako.
Arauak. Hori izan da Hubbarden parte hartzea babesteko gehien erabili den argudioa. Transexualen eskubideak edo diskriminazioa baino gehiago.
Kasuak oihartzun handia izan du, eta NOBek azalpenak eman behar izan ditu. Thomas Bach NOBeko presidenteak, arauetan oinarrituta: «Nazioarteko Halterofilia Federazioak ezarri zituen arauak, sailkatzeko lehiaketak hasi aurretik. Arauak bete egiten dira; ezin dituzu arauak aldatu txapelketak egiten ari direla».
Zeelanda Berriko Olinpiar Batzordeak ere guztiz babestu du Hubbarden parte hartzea, arauetan oinarrituta. Kereyn Smith zuzendari nagusiak nabarmendu du NOBen irizpideak betetzen dituela parte hartu ahal izateko. «Badakigu genero nortasuna oso gai sentibera eta korapilatsua dela kirolean», onartu du Smithek. «Oreka behar du giza eskubideen eta joko eremuko zuzentasunaren artean». Jacinda Ardern Zeelandako Berriko lehen ministroak ere Hubberden parte hartzearen alde hitz egin du, arauak bete dituztela esanez.
Hubberden aurkariak izan dira haren kontra gordinen hitz egin dutenetakoak. Anna Vanbelling pisu jasotzailearen esanetan, transexualak babesten ditu, baina Hubbardek haiekin lehiatu ahal izatea «txantxa bat» da: «Halterofilian goi mailan aritu den edonork daki egoera hori bidegabea dela kirolarentzat eta kirolarientzat».
Ikusteko dago Hubbardekurratutako bideak jarraipena izango duen. Izan ere, NOBek adierazpen bat kaleratu zuen esanez bere irizpideak berrikusi egingo dituela. Ikerketa berriak aipatu ditu arauak berrikusteko arrazoien artean. Bachek berak zehaztu du NOBek irizpideak emango dituela, ez arauak, «ez baitago konponbide bakarra guztientzat: aldatu egiten da kirol batetik bestera».
TOKIO 2020
GENEROAREN ZAMA BURU GAINEAN
Laurel Hubbard pisu jasotzailea izango da Olinpiar Joko batzuetan parte hartuko duen lehen kirolari transexuala. Parte hartzearen aldeko eta kontrako iritziak sortu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu