Beste hiru puntu eskuratu ditu Athleticek. Zuri-gorriak laugarren postuan dira ligan, eta gaur aurrerapauso handia eman dute Vila-Real bosgarren sailkatuari irabazita (2-0). Bartzelona liderra sei puntura dute.
Gaurkoa ez da azkenaldian Athleticek egin duen partidarik onena izan, baina berdin du. Ernesto Valverderen taldeak gutxi behar du golak sartzeko, eta dena ondo irteten den bolada horietako batean dago oraintxe.
Giroa ere hotza izan da San Mamesen. Batetik, eguraldiagatik, eta, bestetik, Herri Harmailaren grebagatik. Zuzendaritzaren jazarpena salatu nahi izan dute modu horretan.
Ez da aitzakia izan. Korner batean aurreratu dira, 15. minutuan; Paredes izan da golegilea. Eta bigarren zatian errematatu dute lehia, Iñaki Williamsek amaitu duen kontraeraso bati esker.