Anne Erauskin. Bera Berako jokalaria

«Gehiago nahi dugu: txapelketa guztiak irabazten saiatuko gara»

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Imanol Alvarezek zuzentzen duen Super Amara Bera Berak txapelketa guztiak amaierara arte lehiatzeko helburua du denboraldi honetan ere. Anne Erauskinjokalariak (Ermua, Bizkaia, 1998) bigarren denboraldia du taldean, eta taldea «oso motibatuta» ikusten du denboraldi berriari begira.

Zer sentipenekin amaitu du taldeak denboraldiaurrea?

Behetik gora egin dugula esango nuke. Hasieran, agian, gauzak ez genituen oso argi, baina jokatu ditugun azken lagunartekoetan taldea segurtasun eta konfiantza handiarekin ikusi dut, eta sasoi onean ailegatzen gara denboraldi hasierara.

Summer Bag torneoa laugarren aldiz irabazi duzue, eta nazioarteko Leopards kopan ere finalera ailegatu zineten. Konfiantza ematen duten emaitzak dira?

Bai, noski. Garrantzitsuena denboraldiaurrean sentipen onak izatea da, eta hori lortu dugu. Aurreko denboraldiarekin alderatuta taldea ez da asko aldatu, bi jokalari berri baino ez daude, eta hori ere onerako igarri da.

Paula Arcosek, Sara Gilek eta Cristina Poloniok taldea utzi dute, eta Lyndie Tchapchet eta Carmen Arroyo ailegatu dira. Taldea ondo indartu dela uste duzu?

Bi fitxaketak oso azkar eta ongi egokitu dira taldera, eta oso gazteak diren arren, taldeari ekarpen handia egin diezaioketela uste dut. Taldea mantendu dugu, eta hori garrantzitsua da.

Hori horrela, Bera Bera oso antzeko bat ikusiko da denboraldi honetan?

Baietz uste dut. Imanolek [Alvarez entrenatzailea] eman dizkigun argibideak oso zehatzak dira, eta badaki taldeak zertara jokatu behar duen. Taldearen jokatzeko moduaren funtsa ez da aldatuko: defentsari garrantzi handia ematen dion taldea gara, eta hortik aurrera, kontraerasoak gure baliabide nagusietako bat izatendira.

Txapelketa guztietan amaieraraino lehiatzea eskatzen zaiotaldeari urtero.

Bai, anbizio handiko klub batean gaudelako. Iaz denboraldi polita egin genuen, baina aurten gehiago nahi dugu: ahaleginduko gara jokatuko ditugun txapelketa guztiak irabazten, eta Europan multzoen faserako sailkatzea.

Espainiako Kopa eta Superkopa iberiarra etxean jokatuko dituzue. Kopa etxean irabazteko ilusio berezia dago?

Bai, arantza hori badutelako kopako azken fase hura jokatu zutenek. Superkopa iberiarra txapelketa berri bat da, eta titulua irabazten duen lehen taldea izatea ere polita litzateke.

Sola taldearen aurkako Europako kanporaketa ezingo duzue burutik kendu, ezta?

Ez, ezin da. Urte dezente daramatzagu multzoen faserako sailkatzeko helburuarekin, eta esan beharrik ez dago urteko helburu nagusietako bat dela. Imanolek argi dauka kanporaketa hori asko landu behar dela, eta saiatuko gara ahalik eta hobekiena prestatzen. Arreta handia jarriko diogu partida horri.

Granollersen aurka hasiko duzue denboraldia. Nola ikusten duzu lehen partida hori?

Elkar oso ondo ezagutzen dugu. Taldea oso motibatuta ikusten dut, eta, joko aldetik, sentipen onak ditugu. Gure onena ematen badugu, garaipena lortzeko aukera asko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.