Gehiago nahi du

Gaizka Toquerok iragan sasoian oso gutxi jokatu zuen, baina oraingoan «itxaropentsu» dago; garrantzitsu izan nahi du ValverderentzatDenboraldi-aurrean gehiago jokatu du eskuin hegaletik aurrelari postuan baino

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
San Mames Barrian zaharraren espiritua mantentzea nahi du Athleticek. Tradizioari eutsi nahi dio, eta ohitura onik ez galdu. Sinbologia ere mantendu nahi du, arkua Lezamara eraman duten arren. Ereserkia ozen abestearen ohitura, Pitxixiren bustoa... eta zaleen kutuna. Horrek izen-abizenak ditu: Gaizka Toquero, eta iragan sasoian oso gutxi jokatu bazuen ere, Ernesto Valverderekin duela bi urtera arte zuen garrantzia berreskuratu nahi du.

«Ilusio galtzea baino gehiago... ezina zen, kideeiezin laguntzeak sorturikoa». Toquerok barren hustea egin zuen atzo Lezaman, eta zintzo mintzatu zen iragan sasoiko bere egoeraz. Athleticera iritsi zenetik, bere denboraldirik gogorrena izan zen. Marcelo Bielsak fede itsua zuen Aritz Adurizengan, eta hura ordezkatzeko Fernando Llorente izanda, apurrak baino ez ziren gelditu Toquerorentzat. Ligan hamasei partida jokatu zituen, baina guztira 217 minutu baino ez. Azalpena erraza da, hamasei partida horietatik hamabostetan ordezko modura sartu zen.

«Argi dago futbolarioi jokatzea gustatzen zaigula, baina ilusioa ez nuen galdu», azaldu zuen Toquerok. Entrenatzaile aldaketak, baina, ate bat ireki dio haren itxaropenari, eta berak baliatu egin nahi du. «Teknikari guztiak ezberdinak dira, baita jokatzeko moduak ere. Valverdek beste modu batera jokatzen du, eta, beharbada, nire postua aldatuko da». Toquero kameleoia da, eta bere ahal fisikoari esker hainbat postutan jokatzeko kapaza dela erakutsi du. Hori da, lan egiteko jarrerarekin batera, duen bertute nagusia. Iragan denboraldiaren hasieran taldeko zuzendaritzak haren aldeko apustua egin zuen. Hiru urterako berritu zuen kontratua; hala, 2016ra arteko akordioa du Athleticekin. Haren soldatak ere hobekuntza nabarmena izan zuen, eta taldeak 25 milioi euroko etete klausula jarri zion.

Jokatzea, baina, garesti dago Athleticen. Are gehiago zelai erditik aurrera. Valverdek 4-3-3 sistemarekin jokatzen du, eta aurreko postu bakoitzean bina aurkari ditu: Susaeta eta De Marcos eskuinean, Sola eta Aduriz erdian, eta Ibai eta Muniain ezkerrean. Horrek, baina, ez du izutzen. «Denboraldi-aurre honetan gutxi jokatu dut aurrelari postuan, eta asko eskuin hegaletik. Gainera, une jakin batzuetan bi aurrelari petorekin jokatu izan du Valverdek, eta horrek aukera eman diezadake», esan zuen. Denboraldi-aurrean dezente jokatzen ari da, eta bi gol sartu ditu jada. Helburua jokatzea da, «garrantzitsu» izatea, eta taldeari «ahal den gehien» laguntzea.

Iragan sasoiko etsipena irenstea ez da erraza izango, eta helburu xumea jarri du. Valverdek asko jota 22 jokalari nahi zituela esan zuenean, eta goi aldean duen lehiakortasuna ikusita, Toquero utzita joan zitekeela zabaldu zen. Are gehiago, Celtak interesa erakutsi zuen. Zurrumurruek ez zioten eragin. «Egia esan, ez nuen pentsatu taldea utzi beharko nuenik, baina, tira, hala gertatu izan balitz ere mundua ez zitzaidan gainera eroriko».

Ia beti garrantzitsu

Zenbakiek Gaizka Toquerok Athleticen gelditzeko dituen gogoak berresten dituzte. Bilbora iritsi zenetik, 181 partida ofizial jokatu ditu, eta 25 gol sartu: 0,14 partidako. Hori ez da batez besteko txarra ia beti bigarren mailako rola izan duen aurrelari batentzat. Bigarren B Mailan bide luzea egin ondoren, 2008-09ko denboraldiko urtarrilean iritsi zen taldera, sasoia Eibarren utzita hasi ondoren. Bere bidealan eginez urratu duen futbolari umilaren paradigma zen, eta duen izaerak Joaquin Caparros, eta bide batez San Mames, konkistatu zuen. Hogei partida jokatu zituen ligan.

Caparrosek berarengan aurkitu zuen Fernando Llorentek behar zuen laguntzailea, eta hurrengo bi sasoietan 31 eta 30 partida jokatu zituen ligan. Marcelo Bielsak ere sinetsi zuen berarengan, eta haren lehen denboraldian, 35 partida jokatu zituen ligan —56 guztira—. Iragan sasoian, baina, Aritz Adurizek atea itxi zion. Hamasei partida jokatu zituen, eta askotan gelditu zen deialditik kanpo. Sasoi honetan hori aldatu nahi du, baina erotu gabe. «Taldearen onura norberarena baino garrantzitsuagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.